Zenbait zertzelada aztoragarri

Nafarroan maiatzean izan zen aldaketa politikoak ertz asko ditu. Batzuk kamutsak, bertzeak zorrotzak. Hemen lau dituzue, baina anitzez gehiago izan zitezkeen.

CCOO. Erregimen zaharreko sindikatuetako batek salatu du 2016ko Nafarroako aurrekontuen proiektuan “murrizketa gogorrak” daudela. Murrizketa horiek hartzen dituzten alorrak zerrendatu ditu sindikatuak: inbertsiorako sustapena, I+G+B-ren sustapena, plan teknologikoa, energia berriztagarriak, jarduera ekonomikoko alorren sustapena, nazioarteko proiekziorako sustapena, nazioarteko ekintza… Niri ulertzea kostatzen zaidan kontzeptu horien gainean eginiko ustezko murrizketak aletu ditu CCOO-k xehe-xehe 2.000 hitz baino gehiagoko prentsa oharrean. Bertzetik, Hezkuntzan aurreikusten den igoera (%4,87) “urria” iruditzen zaio CCOOri eta Osasuneko (%5,96) zein Gizarte Eskubideetako (%9,23) igoerak ez ditu inon ere aipatzen. Ingeleseko diruak euskarara “desbideratzea” [sic] ere kritikatzen du. Bada, Nafarroako CCOOren ideologia eta jarrera zein den jakin nahi duenak ezin du prentsa ohar hori irakurri gabe utzi.

Izquierda – Ezkerra. Lau alderdik sostengaturiko aldaketaren Gobernua irudikatzeaz batera, gutako asko hipotesi fantastikoak egiten hasi ginen eta akordioa inondik haustekotan Podemos – Ahal Duguren hankatik apur zitekeela pentsatu genuen. Lehenbiziko arrakalak, ordea, Izquierda – Ezkerrak sortu ditu. Hezkuntzako Lan Eskaintza Publikoaren aferan Geroa Bairen Gobernuak izan dituen komunikazio eta perspektiba politiko falta arazo nabarmenak onartuta ere, harrigarria izan da Ezkerrak erakutsi duen -eta lerrook idazteko tenorean oraindik ere erakusten ari den- jarrera oldarkorra. Dena dela, ulergarriagoa da ika-mika guztia Ezkerrak CCOOrekin duen lotura aztertuz gero. Sintomatikoa izan baita eztabaida honetan bortitzen jokatu duena maistra eta CCOO sindikatuaren afiliatua izatea.

Geroa Bai. Batek daki, baina akaso Hezkuntzako oposizioena bezalako aferak ez lirateke hain latzak izanen baldin eta Nafarroako Gobernuan aldaketaren lau alderdiak ordezkaturik baleude. Baina ez daude, Geroa Baik hala erabakita, eta bertze hiru alderdiak oso aske sentitzen dira Gobernuaren edozein ekimen babesteko edo arbuiatzeko. Geroa Baik gobernu teknikoa eratu omen zuen eta ez dut erranen sinetsi genuenik, baina neuk bederen esaldi bat baino gehiago idatzi nuen Geroa Bai eta EAJ gauza bera ez direla azaltzeko. Inozoegia, agian?

lesacaLesaka. Ez nago ziur, e, baina litekeena da Lesakako egunkaririk salduena ez izatea Nafarroan eskela gehien saltzen duena, Gipuzkoan gehien saltzen duena baizik. Nik beti hartu izan baitiot halako traza Lesakari, bere euskara nafarraren doinu goxoa gorabehera. Beharbada, nire irudikatze hori lagundu zuen 16 urtez Lesakako alkate Jose Luis Etxegarai EAJkoa izateak. Oraingo auzapeza Etxegarai da berriz, baina gaurkoan Geroa Bairen gerizpean. Bada, iragan astean, Lesakako Udala UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatetik atera zen eta bertan behera utzi zuen euskara plana. EAJren oso estilokoa dena; aztoragarria arras.

[Nafarroako Hitza-n argitaraturiko artikulua, 2015eko abenduaren 4an]

bannerra-berria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude