Hauteskunde aurreko sentsazioak

Iruñeko hesi bat, normalean kartelez josita egoten dena.

Iruñeko hesi bat, normalean kartelez josita egoten dena.

Iruñeko paretak ia hutsik daude. Apenas duten hauteskunde kartelik. Eta oraingoan ez da berehala kendu dituztelako, ezpada oso kartel gutxi paratu dituztelako. Irudipena baitut, sentsazioa, gurean bederen, intentsitate baxuko hauteskunde kanpaina izaten ari dela.

Kaleko presentziaren garrantziaren jakitun, normalean hormak afixez betetzen dituen ezker abertzaleak ia ez du kartelik jarri. Publizitateari dagokionez, batez ere Twitterreko jardunean zentratu direla dirudi, jakinen ez balute bezala herritarren gutxiengo bat dagoela txoritxoaren sarean. Irudipena dut, sentsazioa, ontzat joko luketela 7 diputatutik 5era jaistea, eta ez dutela bidean diru eta indar gehiegi galdu nahi.

Eta bertze sentsazio bat. Nafarroan aldaketa ekarri duten lau alderdiek hautagaitza bateratua sustatu dute Senaturako. Ongi. Baina sustatu dute benetan? Cambio – Aldaketa izeneko hautagaitzaren presentzia hutsaren hurrengoa izaten ari baita*. Uste duzue jendearen gehienak hautagaitzaren logotipoa ezagutzeko aukera izan duela? Edota hiru hautagaien izenak badakizkiela? Eta haien proposamenak? Ez dakit, baina iruditzen zait ez dutela serio hartu.

Ene… Barkatu… Barkatu nire gaurko purrustada hau, baina sentsazioa dut eskuineko hankarekin altxatu naizela. Ea igandean.

* Adibidez, azaroaren 6an hautagaitza aurkeztu zutenetik, 26 mezu bertzerik ez dituzte idatzi Twitterren. 26!, hilabete eta erdian!

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako 'Minutu bateko manifestua', 2015eko abenduaren 16koa]
bannerra-EHI