Hilabetea: urtarrila 2016

Aldaketa benetakoa

Aunitzetan konfesatu dut gaztetako nire pekatu ideologikorik handiena, eta gaur ere eginen dut: Kazetaritza ikasketak Opus Deiren unibertsitatean egin nituen. Uste dut ez zitzaidala deus kutsatu haien katolizismo muturrekotik, kapitalismo porrokatutik edota klasismo lizunetik. Baina bai, bai, hantxe izan nintzen lau urtez. Ikasten edo.

Eta, bertzeak bertze, ikusi eta ikasi ahal izan nuen Opus Deiren unibertsitatea, arnas egiteagatik izan ezik, edozer gauzarengatik kobratzen saiatzen dela. Beti-beti-beti, edozer gauzari ahalik eta etekin ekonomikorik handiena ateratzen saiatzen dira. Konparazio batera, nire belaunaldia izan zen azkena Irratiko praktikak idazmakinarekin egiten. Gure atzetik etorri zirenei praktikak norberaren ordenagailu eramangarriarekin egitera behartu zituzten. Eta jakina, unibertsitateak ordenagailu eramangarri horiek erosteko eskaintza ezin hobea egiten zien ikasleei.

Gauzak horrela, Nafarroako Unibertsitateak erraten badu bere langileak bere klinikan artatzeagatik Nafarroako Gobernuarengandik jasotzen zuen dirua baino gehiago gastatzen zuela, jakin ezazue gezurra dela. Gezur galanta. Eta, beraz, ongi ari garela eta harekin hitzarmena etetea nahitaezkoa dela benetako aldaketa lortze aldera.

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako 'Minutu bateko manifestua', 2016ko urtarrilaren 20koa]
bannerra-EHI

Xehetasun txiki batzuk

FuturorenaFuturo izeneko erakunde pribatu batek txostentxo bat egin du, CEN Nafarroako Enpresaburuen Elkartearekin elkarlanean, Nafarroan enplegua sortzeko dauden “mugen” inguruan.

Txostenaren idazleak zein diren ikusirik, hura irakurri gabe ere jakinen duzue zein diren sortu zaizkien ondorioak: “enpresekiko langileen konpromiso falta” sumatzen dutela; soldatei dagokienez “malgutasun handiagoa” behar dela; enpresek gutxiago ordaindu beharko lioketela Gizarte Segurantzari; zergak jaitsi beharko liratekeela; “traba burokratikoak” gutxitu beharko liratekeela, eta bla bla bla.

Niri, benetan, txostenak zer dioen bortz axola, baldin eta enpresaburu liberalen betiko astakeriak botatzen dituen hori gu guztion artean ordaindu izan ez bagenu, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak jarri baititu beharrezko sosak.

Txostenean bi sindikaturen logotipoak ageri dira, nahiz eta txostenean parte hartu ez duten. Ezetz asmatu zein diren bi horiek? Aritz Intxusta GARAko kazetariak Futuro erakundeari galdetu dio ea zergatik azaltzen diren bi sindikatu horiek eta Futurok berehala erantzun du beraiek Nafarroako Enplegu Behatokiaren formatua erabili behar dutela eta formatu horretan logo horiek agertu behar dutela.

Erregimen zaharreko ajeak, oraindik ere garbitu gabeak.

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako 'Minutu bateko manifestua', 2016ko urtarrilaren 13koa]
bannerra-EHI

Heldu diren ika-mikak

armandoAlkaterik gabeko mezak. Espainiako Poliziaren erakusketa tokiz aldatzeko saialdia. Ikurrina txupinazoan. Spider-Manen elastikoa. Abel Azkonaren ostia sagaratuak. Baltasar belztua beltza izateko udal eskaera. Maider Beloki zinegotziari egin ez zioten etilometria proba.

Iruñeko Udalean aldaketa gauzatu zenetik, erregimen zaharreko indar faktiko eta mediatikoak giharra erakusten ari dira eta edozein gai baliatzen dute Joseba Asiron alkatearen eta haren sostengatzaileen kontra jotzeko. Eta “edozein gai” diogularik “edozein gai” diogu.

Gauzak horrela, eta orain arteko polemiken maila eta nondik norakoak ikusita, heldu diren ika-mikak aurreikusten ausartuko gara.

Esku zikinak. Martxoaren idusetan-edo, Joseba Asironi zer bururatuko eta Baluarteko plazan dagoen terrorismoaren biktimen aldeko eskultura bi metro mugitzea, trafiko seinale batek itzal egin ez diezaion. AVTren kereila Espainiako Auzitegi Nazionaleraino ailegatuko da eta Asironek dimisioa emateko eskaerak 5.437 sinadura bilduko ditu Change.org plataforman.

Urrezko sarraila. Apiril aldera, lapurrak sartuko dira Joxe Abaurrea Hirigintza zinegotziaren trastelekuan. Abaurreak sarraila aldatu bhar izanen du; baina bere etxeko komunitateari deus galdetu gabe, zilar koloreko sarraila jarri beharrean urre kolorekoa jarriko du, UPNren hitzetan, “jauntxokeria erakustaldia eginez” eta “bizilagunen arteko bizikidetza nahita gaiztotuz”.

Euskararekin tematuta. Maiatzean, Geroa Baik Iruñeko udal gobernu taldean sartzea erabakiko du eta, mahaiaren inguruan esertzeko astirik eman gabe, Itziar Gomez zinegotziak eskatuko du Iruñea UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatetik ateratzeko. EH Bilduk, Aranzadik eta Ezkerrak eskaera horri entzungor eginen diotenez, handik 17 minutura, Geroa Bai gobernu taldetik aterako da eta bere botoak UPNkoei eta PSNkoei batuko dizkie UEMAtik ateratzeko mozio bat aurrera ateratzeko. Mozioa gaztelania hutsez idatziko dute.

Iruzur fiskala. Ekaineko egun malapartatu batean, Patricia Perales zinegotziak erosketak eginen ditu bere etxe ondoko BM supermerkatu gipuzkoarrean eta ez du ordainketa tiketa hartuko. PSNk “diru beltzarekin ordaintzeko ohitura” izatea leporatuko dio Peralesi.

Cuencari begira. Iruindar zintzoen haserrea piztuko du Armando Cuenca Aranzadi taldeko zinegotziak irailean, Batasunaren Pribilegioaren prozesioan, aurreko urteko Spider-Manen elastikoa erakutsi beharrean Green Lantern-en bat jantziko duelako. “Kontu identitarioekin itsututa egotea” leporatuko dio oposizioak Cuencari.

Isunen gainetik. Urrian, Joxe Abaurreari trastelekutik lapurturiko bizikleta bat gaizki aparkatuta agertuko da San Frantzisko plazan. Garabiak Udalaren gordailura eramanen du bizikleta, baina Abaurreak ez du isuna ordainduko eta, PPk udaletxean ez duen zinegotziaren aburuz, “azken urteetako influentzia-trafikorik handiena” azaleratuko da.

Olentzero etnizista. Abendu bukaeran, Joseba Asironen taldeak ordenantza berria kaleratuko du, Olentzero segizioak arautuko dituena. Bertzeak bertze, Olentzerorena egin behar duten gizakiek gutxienez euskararen B1 hizkuntz profila izan behar dutela ezarriko du. Oraingoan, (azken egunetan jendez beteriko) auzoetako jai batzordeek joko dute Udalaren kontra.

[Nafarroako Hitza-n argitaraturiko artikulua, 2016ko urtarrilaren 8an]

bannerra-berria

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer