Xehetasun txiki batzuk

FuturorenaFuturo izeneko erakunde pribatu batek txostentxo bat egin du, CEN Nafarroako Enpresaburuen Elkartearekin elkarlanean, Nafarroan enplegua sortzeko dauden “mugen” inguruan.

Txostenaren idazleak zein diren ikusirik, hura irakurri gabe ere jakinen duzue zein diren sortu zaizkien ondorioak: “enpresekiko langileen konpromiso falta” sumatzen dutela; soldatei dagokienez “malgutasun handiagoa” behar dela; enpresek gutxiago ordaindu beharko lioketela Gizarte Segurantzari; zergak jaitsi beharko liratekeela; “traba burokratikoak” gutxitu beharko liratekeela, eta bla bla bla.

Niri, benetan, txostenak zer dioen bortz axola, baldin eta enpresaburu liberalen betiko astakeriak botatzen dituen hori gu guztion artean ordaindu izan ez bagenu, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak jarri baititu beharrezko sosak.

Txostenean bi sindikaturen logotipoak ageri dira, nahiz eta txostenean parte hartu ez duten. Ezetz asmatu zein diren bi horiek? Aritz Intxusta GARAko kazetariak Futuro erakundeari galdetu dio ea zergatik azaltzen diren bi sindikatu horiek eta Futurok berehala erantzun du beraiek Nafarroako Enplegu Behatokiaren formatua erabili behar dutela eta formatu horretan logo horiek agertu behar dutela.

Erregimen zaharreko ajeak, oraindik ere garbitu gabeak.

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako 'Minutu bateko manifestua', 2016ko urtarrilaren 13koa]
bannerra-EHI