Hilabetea: otsaila 2016

Denbora gutxi

A ze matraka ari garen ematen! Astunak baino astunagoak gara. Ene!

Zail egiten da, ordea, sartu gaituzten zirimolatik ateratzea. Lehen euskararen inguruko astakeriak erraten bazituzten, halako hamar botatzen baitituzte orain egunero-egunero. Ezin isilik gelditu. Biologikoki ezinezkoa dugu. Ez erran ezetz.

Dena dela, eskuin espainolista zaunka ari bada, bederen, egin dezala egiten ditugunengatik eta ez egiten ez ditugunengatik.

Erran nahi baita Aingeru Epaltzak atzo adierazi zuen “Mendozaren estiloaz” kutsatu dela Asiron. Hiperboletzat joko dut ateraldia. Asiron ez baita kikildu, Asironek ez baitu euskararen inguruko bere erabakietan atzera egin. Beharbada Aingeruk ez daki, baina Iruñeko Udalak hainbat bilera egin ditu zenbait haur eskolatako zuzendariekin, gurasoekin eta langileekin. Konparazio batera, Arrotxapean eraikin batetik bertzera aldatuko gaituzten gurasoekin gutxienez hiru aldiz batzartu dira erabakia hartu baino lehen.

Eta sinetsidazue, aski ongi esplikatu dituzte gauzak. Kontua da ulertu nahi duenak ulertu egin duela eta nahi ez zuena zaunka hasi dela. Edozein gobernu ekintzaren ondorio da hori. Ezinezkoa baita herritarren %100aren alde gobernatzea.

Gaur berean, Sagrario Aleman kexu agertu da Berria-n egin dioten elkarrizketan Nafarroako Gobernuak euskararen normalizazioan urrats txikiak egin dituelako. Aringarri gisa-edo, Sagrariok erran du egia dela “denbora gutxi” pasatu dela.

Bi egun denbora gutxi da. Hiru aste ere bai. Baita hilabete bat ere.

Zazpi hilabete ez da denbora gutxi.

 

Babesa emateko tenorea

fatxen kontzentrazioaAldaketaren gobernuen kontrako borrokan, oposizioak gudu-zelaitzat hartu du euskararen esparrua, eta egunotan borrokarik latzenak ari dira gertatzen Iruñeko haur eskolen inguruan.

Hagitz ongi dakite atzerakoi espainolistek zer dugun maiteen eta horregatik ematen dizkigute hor kolperik azkarrenak. Kolpe horiei aurre egiteko nahikoa koraza gogorra izanen genuke, ordea, baldin eta zenbait ezkertiarren duda-mudek eta ekidistantzia faltsuek eskuindarrak hauspotuko ez balituzte.

Horregatik guztiagatik, gaur, inoiz baino beharrezkoa dugu euskararen aldeko neurriak ezartzeko ausardia duten gobernariak babestea euskaltzaleok.

Beraz, egunotan, karrikan, Joseba Asiron, Maider Beloki edota Iruñean euskarazko bi haur eskola gehiago egotea ahalbidetu duen zinegotziren bat ikusiz gero, eman bortzekoa, eman muxua, adierazi babesa, helarazi maitasuna.

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako 'Minutu bateko manifestua', 2016ko otsailaren 17koa]
bannerra-EHI

UPNren txandrioen rankinga

Hona hemen Erregimen Zaharreko gobernuek egin zituzten diru xahutze handienen top 10 zerrenda. Komenigarria da halako listak oso eskura izatea beti.

  1. AHTAHT. Nafarroako herri lanen tartaren ginga. Baina inork badaki benetan zenbat diru gastatuko duten Nafarroan abiadura handiko trena egiten? Aurkakoen aspaldiko kalkuluen arabera, egitekotan, denetara 4.000 milioi baino gehiago gastatuko lituzkete. Aldekoek ez dute halako zenbakirik ematen, jakina. Ehunka milioi, milaka milioi… Zer axola dio?
  1. itoitzItoitz. 2012an eginiko ikerketa batean, Rosario Brinquis ekonomialariak azaldu zuen ordu arte Itoitzen eta Nafarroako Ubidean 1.751 milioi euro inbertitu zituztela –diru publikoak gehienak– eta horietatik bakarrik %27 berreskuratu zituztela. Eta berreskuratzeko moduak ere oso zalantzazkoak izan dira. Konparazio batera, Gobernu aldaketa egon arte, Iruñerriko Mankomunitateak urtero milioi bat euro askatu behar izaten zuen Itoizko kanilari lotuta egoteagatik; ur hori oso gutxi erabiltzen zuen arren. Gobernua aldatu baino lehentxeago, tasa %15 igo zion Canasak Mankomunitateari.
  1. bideko autobiaEzkutuko bidesariak. Sistema honen bidez ordainduriko herri lanak, azkenean, anitzez garestiagoak ateratzen zaizkigu. Adibidez, A-12 Bideko autobia egitea 390 milioi euro kostatu zen. Baina kanona 2032 urte arte ordainduko dugunez, azkenean, 1.200 milioi euro inguru pagatuko ditugu. Pirinioetako autobia, berriz, 2039 urte arte ordainduko dugu, urtero 16 milioi euro astinduta.
  1. canNafarroako Kutxa. 2009an, Nafarroako Kutxaren ondareen balioa 1.250 milioi eurokoa zen. 2012an, Banca Civica taldearen barnean, 280 milioikoa zen balio hori. Burtsan 8 hilabetez egon zen Banca Civica eta bere akzioen balioa %27 jaitsi zen. Ondoren, Caixabankek irentsi zuen 979 milioi euro ordainduta.
  1. Reyno ArenaReyno Arena. Dirudienez, mega kirol pabiloia erabat bukatzen dutenerako, 68 milioi euro gastatuak izanen ditugu bertan –eraikuntza enpresei atzerapenengatik eman beharreko kalte ordainak barne–. 2009an hasi ziren eraikitzen, baina 2012ko azaro arte inork ez zuen bideragarritasun planik egin. Pabiloia irekitzea oso garestia da, baita itxita izatea ere. Horregatik, oraingo Gobernuak pabiloia zatika ireki nahi du.
  1. los arcosLos Arcos. Comptos Ganberaren arabera, Los Arcosko zirkuituan 52 milioi euro gastatu zituzten –BEZ gabe–. Ekimena enpresa pribatu batek abiatu zuen, baina afera geroz eta garestiagoa egin zenez, azkenean enpresa publiko bati pasatu zion patata. Hori bai, aldaketa egin baino 17 egun lehenago, enpresa hark bere buruari esleitu zizkion zirkuitua egiteko lanak. 2010ean inauguratu zenetik milioiak galdu ditu zirkuituak urtero. 2013ko bukaeran, Nafarroako Gobernuak Los Arcos Motorsport enpresari utzi zion zirkuituaren bortz urteko kudeaketa, 1,3 milioiren truke.
  1. senda vivaSenda Viva. Arguedasko basamortuan dagoen zoologikoa 2004an inauguratu zuten. 2012 arte, Nafarroako Gobernuak 58,1 milioi euro gastatu behar izan zituen bertan. Urtero ia 200.000 bisitari jasotzen omen ditu, baina urtero 1,2 milioi euro galtzen segitzen du.
  1. EHNIberdrola. Behinola, haize errotak egiteko enpresa publiko bat izan zuen Nafarroak, EHN izenekoa. Baina Gobernuak enpresa saldu egin zuen etekinak ematen zituen garai batean. Lorturiko diruarekin burtsaren jokoan sartu eta Iberdrolaren akzioak erosi zituen. Azkenean, 19,6 milioi euro galdu ditugu joko espekulatibo horretan.
  1. CUNCUN. Nafarroako Unibertsitate pribatuko langileak unibertsitatearen klinikan artatzeagatik, 2009 eta 2015 urteen artean, ia 37 milioi euro ordaindu zizkion Nafarroako Gobernuak Opusi. Batere txosten ekonomikorik egin gabe, noski. Gobernu berriak kontuak atera ditu eta kalkulatu du pertsona horiek Osasunbidean artatu izan balituzte 14 milioi euro merkeago aterako zitzaigula dena. Ez du hitzarmena berritu, jakina.
  1. sanferminetako museoaSanferminetako museoa. Iruñeko besta nagusiaren esentzia museo batean sartzeko burutazioa izan zuen UPNk. Proiektua egiten hasi ziren bai, baina behingoagatik, gastatu behar zen dirutzak izutu zituen eta bertan behera utzi zuten. Hori bai, bidean hiru milioi euro xahutu zituzten.

BONUS TRACK

Garraioaren hiria. Oraingo Nafarroako Gobernuak dio dagoeneko 82 milioi euro galdu ditugula 1991n ekimen pribatu gisa sortu zen azpiegitura horretan.

[Nafarroako Hitza-n argitaraturiko artikulua, 2016ko otsailaren 12an]

bannerra-berria

Gehiengoak

Badirudi Nafarroako Gobernuak gaur onartuko duela Hezkuntzako lan eskaintza publikoaren deialdia.

Baina batek daki. Hainbertze gauza gertatu izan baitira LEP malapartatu honen inguruan.

Erregimen zaharreko alderdi eta sindikatuak izugarri haserretu ziren hasieran. Gaztelania baztertzen omen baitzuen hasierako eskaintzak. Ez zen egia. Baina azkenaldian, hemen, egiak jarraitzaile gutxi ditu.

Podemos – Ahal Duguren eta Izquierda – Ezkerraren aldetik hautsi zitzaion gehiengo parlamentarioa Geroa Bairi. Azken-azkeneko lan eskaintzarekin, ordea, badirudi bi talde horien onespena lortu duela.

Eta, orain, gehiengoa bertze aldetik hautsi zaio.

Bistan denez, lan eskaintza honekin den-denak kontent uztea ezinezkoa zen. Baten bat kaltetu behar zen. Eta, azkenean, kalteetan eskarmentua dutenak kaltetzen segitzea erabaki du Gobernuak, Hezkuntzan gehiengoa osatzen duten LAB, ELA eta Steilas sindikatuei muzin eginez.

Ai. Hasperena.

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako 'Minutu bateko manifestua', 2016ko otsailaren 10ekoa]
bannerra-EHI

UPNkoa jauntxokeriaz

iñaki iriarte“Kontxo! Gustua ematen du UPNko hautetsi batek euskaraz ongi idazten duela ikusteak”. Halako txio gogotsua idatzi nuen iazko irailean Iñaki Iriarte UPNko parlamentaria Santi Leonerekin euskaraz euskararen inguruan eztabaidatzen ibili zelarik.

Baina nahikoa. Akitu zait lilura.

Gaurgero ez zait erakargarri egiten Iñaki Iriartek euskararen zabalkundearen kontra egitea, euskaraz eginagatik ere.

Atzo, Iriartek erran zuen Nafarroa Garai osoan euskaraz ikasteko aukera ematea “cacicada” bat zela, jauntxokeria alegia. Nik eskatu nion, mesedez, “cacicada” horren azalpena emateko, zer erran nahi zuen hobeki ulertze aldera, eta berak esplikatu zidan bere ustez “cacicada” dela “gutiengo baten eskakizuna ororen zergekin ordaindu beharko baita”.

Unibertsitateko irakasle batengandik argudio sendoagoak nahi nituzke jaso.

2015eko foru hauteskundeakHonezkero, Iriartek jakin beharko luke 26 parlamentari 24 baino gehiago direla eta, oraingoz bederen, UPN gutxiengo politikoan dagoela.

Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak sinaturiko akordio programatikoan jasoa dago hezkuntza politika gidatuko duten printzipioetako bat izanen dela “euskararen irakaskuntzaren zabalkundea”. Hori da, Iriarte jauna, gehiengoak nahi duena.

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako 'Minutu bateko manifestua', 2016ko otsailaren 3koa]
bannerra-EHI

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer