UPNkoa jauntxokeriaz

iñaki iriarte“Kontxo! Gustua ematen du UPNko hautetsi batek euskaraz ongi idazten duela ikusteak”. Halako txio gogotsua idatzi nuen iazko irailean Iñaki Iriarte UPNko parlamentaria Santi Leonerekin euskaraz euskararen inguruan eztabaidatzen ibili zelarik.

Baina nahikoa. Akitu zait lilura.

Gaurgero ez zait erakargarri egiten Iñaki Iriartek euskararen zabalkundearen kontra egitea, euskaraz eginagatik ere.

Atzo, Iriartek erran zuen Nafarroa Garai osoan euskaraz ikasteko aukera ematea “cacicada” bat zela, jauntxokeria alegia. Nik eskatu nion, mesedez, “cacicada” horren azalpena emateko, zer erran nahi zuen hobeki ulertze aldera, eta berak esplikatu zidan bere ustez “cacicada” dela “gutiengo baten eskakizuna ororen zergekin ordaindu beharko baita”.

Unibertsitateko irakasle batengandik argudio sendoagoak nahi nituzke jaso.

2015eko foru hauteskundeakHonezkero, Iriartek jakin beharko luke 26 parlamentari 24 baino gehiago direla eta, oraingoz bederen, UPN gutxiengo politikoan dagoela.

Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak sinaturiko akordio programatikoan jasoa dago hezkuntza politika gidatuko duten printzipioetako bat izanen dela “euskararen irakaskuntzaren zabalkundea”. Hori da, Iriarte jauna, gehiengoak nahi duena.

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako 'Minutu bateko manifestua', 2016ko otsailaren 3koa]
bannerra-EHI

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude