UPNren txandrioen rankinga

Hona hemen Erregimen Zaharreko gobernuek egin zituzten diru xahutze handienen top 10 zerrenda. Komenigarria da halako listak oso eskura izatea beti.

  1. AHTAHT. Nafarroako herri lanen tartaren ginga. Baina inork badaki benetan zenbat diru gastatuko duten Nafarroan abiadura handiko trena egiten? Aurkakoen aspaldiko kalkuluen arabera, egitekotan, denetara 4.000 milioi baino gehiago gastatuko lituzkete. Aldekoek ez dute halako zenbakirik ematen, jakina. Ehunka milioi, milaka milioi… Zer axola dio?
  1. itoitzItoitz. 2012an eginiko ikerketa batean, Rosario Brinquis ekonomialariak azaldu zuen ordu arte Itoitzen eta Nafarroako Ubidean 1.751 milioi euro inbertitu zituztela –diru publikoak gehienak– eta horietatik bakarrik %27 berreskuratu zituztela. Eta berreskuratzeko moduak ere oso zalantzazkoak izan dira. Konparazio batera, Gobernu aldaketa egon arte, Iruñerriko Mankomunitateak urtero milioi bat euro askatu behar izaten zuen Itoizko kanilari lotuta egoteagatik; ur hori oso gutxi erabiltzen zuen arren. Gobernua aldatu baino lehentxeago, tasa %15 igo zion Canasak Mankomunitateari.
  1. bideko autobiaEzkutuko bidesariak. Sistema honen bidez ordainduriko herri lanak, azkenean, anitzez garestiagoak ateratzen zaizkigu. Adibidez, A-12 Bideko autobia egitea 390 milioi euro kostatu zen. Baina kanona 2032 urte arte ordainduko dugunez, azkenean, 1.200 milioi euro inguru pagatuko ditugu. Pirinioetako autobia, berriz, 2039 urte arte ordainduko dugu, urtero 16 milioi euro astinduta.
  1. canNafarroako Kutxa. 2009an, Nafarroako Kutxaren ondareen balioa 1.250 milioi eurokoa zen. 2012an, Banca Civica taldearen barnean, 280 milioikoa zen balio hori. Burtsan 8 hilabetez egon zen Banca Civica eta bere akzioen balioa %27 jaitsi zen. Ondoren, Caixabankek irentsi zuen 979 milioi euro ordainduta.
  1. Reyno ArenaReyno Arena. Dirudienez, mega kirol pabiloia erabat bukatzen dutenerako, 68 milioi euro gastatuak izanen ditugu bertan –eraikuntza enpresei atzerapenengatik eman beharreko kalte ordainak barne–. 2009an hasi ziren eraikitzen, baina 2012ko azaro arte inork ez zuen bideragarritasun planik egin. Pabiloia irekitzea oso garestia da, baita itxita izatea ere. Horregatik, oraingo Gobernuak pabiloia zatika ireki nahi du.
  1. los arcosLos Arcos. Comptos Ganberaren arabera, Los Arcosko zirkuituan 52 milioi euro gastatu zituzten –BEZ gabe–. Ekimena enpresa pribatu batek abiatu zuen, baina afera geroz eta garestiagoa egin zenez, azkenean enpresa publiko bati pasatu zion patata. Hori bai, aldaketa egin baino 17 egun lehenago, enpresa hark bere buruari esleitu zizkion zirkuitua egiteko lanak. 2010ean inauguratu zenetik milioiak galdu ditu zirkuituak urtero. 2013ko bukaeran, Nafarroako Gobernuak Los Arcos Motorsport enpresari utzi zion zirkuituaren bortz urteko kudeaketa, 1,3 milioiren truke.
  1. senda vivaSenda Viva. Arguedasko basamortuan dagoen zoologikoa 2004an inauguratu zuten. 2012 arte, Nafarroako Gobernuak 58,1 milioi euro gastatu behar izan zituen bertan. Urtero ia 200.000 bisitari jasotzen omen ditu, baina urtero 1,2 milioi euro galtzen segitzen du.
  1. EHNIberdrola. Behinola, haize errotak egiteko enpresa publiko bat izan zuen Nafarroak, EHN izenekoa. Baina Gobernuak enpresa saldu egin zuen etekinak ematen zituen garai batean. Lorturiko diruarekin burtsaren jokoan sartu eta Iberdrolaren akzioak erosi zituen. Azkenean, 19,6 milioi euro galdu ditugu joko espekulatibo horretan.
  1. CUNCUN. Nafarroako Unibertsitate pribatuko langileak unibertsitatearen klinikan artatzeagatik, 2009 eta 2015 urteen artean, ia 37 milioi euro ordaindu zizkion Nafarroako Gobernuak Opusi. Batere txosten ekonomikorik egin gabe, noski. Gobernu berriak kontuak atera ditu eta kalkulatu du pertsona horiek Osasunbidean artatu izan balituzte 14 milioi euro merkeago aterako zitzaigula dena. Ez du hitzarmena berritu, jakina.
  1. sanferminetako museoaSanferminetako museoa. Iruñeko besta nagusiaren esentzia museo batean sartzeko burutazioa izan zuen UPNk. Proiektua egiten hasi ziren bai, baina behingoagatik, gastatu behar zen dirutzak izutu zituen eta bertan behera utzi zuten. Hori bai, bidean hiru milioi euro xahutu zituzten.

BONUS TRACK

Garraioaren hiria. Oraingo Nafarroako Gobernuak dio dagoeneko 82 milioi euro galdu ditugula 1991n ekimen pribatu gisa sortu zen azpiegitura horretan.

[Nafarroako Hitza-n argitaraturiko artikulua, 2016ko otsailaren 12an]

bannerra-berria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude