Hilabetea: martxoa 2016

Brusela

069$2004-XII-06 Atomium1Ez dakit zuek baina ni Madrilera trenez joan izan naizen bakoitzean Atochako geltokia zapaldu dut.

Ez dakit zuek baina ni Londresen izan nintzen behin, ingelesa ikasteko bidaia batean, eta autobus bikoitz horietako batean ibili nintzen. Baita metroan ere.

Ez dakit zuek baina nik bizpahiru aldiz bisitatu dut Paris eder hori, Paris oh la la, eta parranda ere egin dut Parisko karriketan, triki eta panderoa eskuetan harturik.

Ez dakit zuek, baina niri pare bat alditan egokitu zait Bruselako aireportuan egonalditxoa egitea. Bruselako kaleetan paseo luzeak eman ditut eta argazkia egin dut Manneken Pis eskulturaren ondoan, metroa hartu baino lehenago.

Ez dakit zuek baina ni Sirian egon nintzen behin, turista gisa, gerra lehertu aitzin noski. Eta herri harekin maitemindu nintzen arras.

Siriarekin ia egunero akordatzen naiz. Izugarri atsekabetzen bainaiz handik datozen irudiekin, eta are gehiago handik ihesi dabiltzan pertsonekin egiten ari direna ikusirik.

Baina gaur Brusela dut gogoan. Bruselako kaleetan paseo luzeak eman izan baititut.

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako 'Minutu bateko manifestua', 2016ko martxoaren 23koa]
bannerra-EHI

Eskutitzaren zain

Garai bateko Imenasa lantegia, Iruñean, orain Yamaguchi parkea dagoen tokian.

Garai bateko Imenasa lantegia, Iruñean, orain Yamaguchi parkea dagoen tokian.

Eskutitzaren zain daukagu anaia. Eskutitz, email edo giza baliabideetako arduradunaren bulegoa bisitatzeko deiaren zain. Ez dakit.

Iruñeko TRW lantegian egiten du lan anaiak, oraingoz, eta kalera joateko aukera anitz du. 123 langile kaleratuko baitituzte, adin jakin batetik beheitikoak denak, enpresak ezin baititu zaharrenak kaleratu.

Aitak bizitza osoa eman zuen lantegi horretan lanean. Imenasa izena zuen hasieran. Iruindar petoek ezagutuko duzue esamoldea, noski. “Imenasako zakurrak baino ordu gehiago sartzen dituzu”. Langile eta familiendako piszina eta frontoia zuen fabrika haren atean zakur bat baitzegoen beti. Torfinasa izena hartu zuen gero lantegiak, Tornilleria Fina de Navarra, torlojuak egiten baitzituzten. Azkenik, TRW multinazionalak erosi zuen.

Erretiroa hartu aitzin, gure aitak amorrazioz ikusi zuen nola poloniarrak Iruñera etorri ziren hemen nola egiten zuten lan ikustera. Aztia izan gabe jakin baitzekien poloniarrek kenduko ziotela Iruñeari ekoizpenaren zati handi bat.

Orain, multinazional baten eskutitzaren zain daukagu anaia. Eskutitz, email edo multinazionalaren giza baliabideetako arduradunaren bulegoa bisitatzeko deiaren zain. Ez dakit.

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako 'Minutu bateko manifestua', 2016ko martxoaren 16koa]
bannerra-EHI

Lehengoratu

UPNren militante eta jarraitzaileei zuzenduriko artikuluan, Javier Esparzak konpromisoa hartu du Uxue Barkosen Gobernuak eginiko urrats guzti-guztiak lehengoratzeko.

Aldaketaren Gobernuaren aurkako borrokan behin eta berriz ari da UPN gezurra erabiltzen. Eta oraingoan ere, Esparza gezurretan ari da. Berriz ere Nafarroako Gobernua lortuko balute, ez bailukete aldaketaren Gobernuak eginiko urrats guzti-guztietan atzera eginen. Guzti-guztietan ez.

Oraingo Nafarroako Gobernua Aroztegiko (Baztan)  proiektu espekulatibo, desarrollista eta euskararen zanpatzailearen alde egiten ari den urrats guztiak ipurdi-masailekin ari baita txalotzen UPN. Horretan, ez lukete atzera eginen.

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako 'Minutu bateko manifestua', 2016ko martxoaren 9koa]
bannerra-EHI

Normala zer den

p006_f01Normala ote da Nafarroan eskela gehien saltzen dituen egunkariak bere gaurko azalean Otegiren kaleratzea ez aipatzea?

Normala litzateke nire gaurko manifestua Otegiren ingurukoa ez egitea

Normala da Euskal Herriko edozein zutabegilek bere gaurko idazkian Otegi ez aipatzea?

Normala ote da Otegiri eskatzea biktimei barkamena galdegiteko?

Eta, bide batez, zein dira Otegik sortu dituen biktima horien izen-abizenak?

Normala da Otegik bere bizitzaren 14 urte kartzelan eman izana?

Normala da Otegik bere azken kartzela zigor hau oso-osorik bete izana?

Normala da Otegi Mandelarekin parekatzea?

Normala ote da Mandelak borroka armatua erabili zuela gogorarazten ibili beharra?

Normala ote da Otegi politikaria dela aitortzea eta kartzelan ekintza politikoak egiteagatik sartu zutela onartzea eta, aldi berean, preso politikoa izan dela ukatzea?

Normala da Otegik mendebaldeko Euskal Herriko lehendakari izan nahi izatea?

Normala da gure preso politiko sonatuena kaleratu bezain laster ezker abertzalearen ustezko mesianismoa kritikatzen hastea?

Normala ote da Otegik hain ordu gutxian halako ilusio handia sorraraztea?

Ez, edo bai. Batek daki normala zer den.

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako 'Minutu bateko manifestua', 2016ko martxoaren 2koa]
bannerra-EHI

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer