Hilabetea: apirila 2016

Gipuzkoako Lesaka

Aurretik errana dugu Lesaka iruditzen zaigula Nafarroako herririk gipuzkoarrena, bere euskara nafarraren doinu goxoa gorabehera.

Gipuzkoako Foru Aldundia nola, halaxe ari baita jokatzen Lesakako Udal berria. Berria zerbait errateagatik. Jose Luis Etxegarai dugu Lesakako alkate Geroa Bairen gerizpean. Baina lehenago Etxegarai 16 urtez izan zen auzapeza, EAJrekin. EAJkoa baita Etxegarai, peto-petoa, lesakar anitz bezala.

Horregatik, abenduan, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatetik atera zuten Lesaka, eta Euskara Plana ere bertan behera utzi zuten. Euskara mundua baita EAJri molestia egiten dioten gauzetako bat.

Bertze eragozpen bat zaborrak dira. Erran nahi baita zaborren kudeaketa logikoa, errausketarekin zerikusia ez duena. Hori dela eta, auzo konpostarako postuak kendu nahi ditu orain Lesakako Udalak. Eta horretarako arrazoi “estetikoak” eta “higienikoak” aipatu ditu, bai eta hiriaren antolamenduari dagozkionak ere.

Euskara eta zaborrak. EAJren jo mugan bezala, baita Lesakako Udal atzerakoiarenean ere. 2015ean aldaketa ailegatu baitzen Lesakara, bai, baina zoritxarrez Nafarroako toki gehienetan nozitu genuenaren kontrako bidean.

Pena.

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2016ko apirilaren 27koa] bannerra-EHI—–

“Auzo konpostarako postuak ez kentzeko eskatuko diote Lesakako Udalari eta Mankomunitateari” (erran.eus)

Demagun espainola naizela

aztnugalDemagun espainola naizela. Munduko hiritarra eta hori guztia, badakizue. Baina espainola.

Ez naiz aberatsa, baina ongi bizi naiz, eta nire ingurukoak ere ongi bizi daitezen nahi dut. Horregatik, nire kezka nagusiak langabezia eta ustelkeria dira. Eta baita terrorismoa ere. Batez ere ekintza terroristek Europako hiri handietako jende arrunta jo mugan dutenetik.

2004ko martxoaren 11n ulertu nuen gure segurtasun indar gehienak terrorismo islamistari begira jarri behar zituela Espainiak. Areago, ETA mapatik desagertu zen unetik. Bai, espainola naiz, baina ez tontoa. Garai batean oso kezkaturik nengoen ETA erakunde terroristak egiten zituenekin. Baina badira urte batzuk deus ere egiten ez duela, ez? Erabat ahantzirik dut kontu hori, eta nahiz eta hedabideetan agertzen segitzen duen, ez diot kasurik egiten.

Facebooken irakurri dut Nafarroan 8 pertsona atxilotu dituztela Udal batek emandako baimenarekin egun argitan horma-irudi bat margotzeagatik. Muralean “tortura” hitza idatzi zuten eta horrek “Guardia Zibila iraintzen” duela leporatu diete.

Sare sozialetan dabiltzan xelebrekeria horietako bat iruditu zait albistea. Baina pentsatzen jarri naiz. Zenbat diru kostatu zitzaigun (zortzi eskutitz bidali beharrean) zortzi pertsona atxilotzeko polizia operazio handi hori egiteak?

Espainiak Nafarroan duen ordezkariaren izena bilatu dut Googlen: Carmen Alba. Eta Espainiako Poliziak Nafarroan duen buruarena: Daniel Rodriguez. Dimisioa eman beharko lukete, noski, espainol guztion dirua halako txatxukerietan xahutzeagatik.

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako 'Minutu bateko manifestua', 2016ko apirilaren 20koa]
bannerra-EHI

 

115 egun

115Gauza jakina da Belgikan 541 egun eman zituztela hauteskunde orokorrak egin eta Gobernua osatu zuten arte. Ez da errekor makala, gero. Eta ez omen zen deus ere gertatu. Areago, diotenez, eurogunekoa baino hazkunde handiagoa izan zuen, langabezia jaitsi egin zitzaion, eta defizit publikoa murriztu zuen.

Batek daki, baina agian, Espainia deitzen duten horretan, Belgikako adibideari segitu nahi diote, ea horrela ekonomiak benetan hobera egiten ote duen eperantzan.

Iragan urteko abenduaren 20an egin zituzten hauteskundeak. Gogoratzen? Gaurkoarekin, 115 egun joan dira gobernurik gabe. Bueno, hori ez da egia, jarduneko Gobernua badago, Mariano Rajoyk buru duena, eta horrek ez du lotsarik Nafarroako eta EAEko legeak Auzitegi Nazionalera eramaten segitzeko, edota PPren ustelkeriaren gaineko gezurrak erraten jarraitzeko.

Nire analisi sakonak irakurtzeko edo entzuteko aukera izan duzuenok, honezkero, jakinen duzue hiru laurdeneko analista politikoa naizela. Hiru laurden, asko jota! Hala ere, zera erraten ausartuko naiz: akaso, agian, apika eta beharbada, Espainia deitzen duten horretan, hauteskunde orokorrak eginen dituzte berriz ekainaren 26an. Geroa Bai, EH Bildu eta Cambio – Aldaketa hautagaitza fantasma babestu zenuten alderdi guztiok: pentsatu duzue zer eginen duzuen hauteskundeak berriz izatekotan?

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako 'Minutu bateko manifestua', 2016ko apirilaren 13koa]
bannerra-EHI

Rotaflexa garrasika

itoitzAitatxi eta amatxi tipulatxoen kontuak entzunen ditugu gaur solidarioek Itoizko kableak moztu zituztela 20 urte bete diren honetan. Ez naiz ni izanen egun hartan zertan nenbilen gogoraraziko dizuena; ezta ere ekintza hark gu guztion bihotzak nola goratu zituen oroitaraziko dizuena.

Ez.

Halako ausardien efemerideek ezkortasuna gaurkotzen didate. Niretako, pesimismoa dakarte besapean.

Itoitz izan zen Euskal Herriko azken borroka ekologista handia. Eta galdu genuen, galdu genuenez. Eta ordutik, Nafarroako mugimendu ekologista -inoiz halakorik existitu izan bada- burua ezin altxa dabil. Hainbertzerako, ezkerreko alderdien hiztegietatik “ekologismo” edo “antidesarrollismo” hitzak desagertu egin baitira.

Bufff… [hasperena]

Ea, Su Ta Gar pixka bat, mesedez.

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako 'Minutu bateko manifestua', 2016ko apirilaren 6koa]
bannerra-EHI

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer