Hilabetea: maiatza 2016

Manifestazioa

kartela-txikiKontseiluak manifestazioa deitu du Iruñean, ekainaren 4rako, Bide eman euskarari lelopean. Funtsean, manifestazio horrekin Nafarroako Gobernuari eskatu nahi zaio euskararen inguruko neurri ausartagoak har ditzan, baldin eta euskaltzaleen babesa jaso nahi badu.

Aurrekoan, Argia aldizkarian, elkarrizketa egin zioten Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiari eta, aizue, Bilbaok erraniko guztiak hitzez hitz sinatuko nituzke nik. Baita kazetariak aukeraturiko lerroburua ere: “UPNk erabiltzen duen argudio berbera erabili du Izquierda-Ezkerrak”.

Baina hori guztia onartuta ere, zalantzak sortzen zaizkit manifestazioaren inguruan. Indar erakustaldi gisa ikusten ditut nik halako ekitaldiak. Eta beldur naiz indarra beharrean ahulezia erakutsiko ez ote dugun.

Izan ere, kritikak eginez -zilegiak, baina kritikak- Izquierda-Ezkerrako boto-emaileak uxatu ditugu manifestaziotik. Geroa Baikoak ere ez dira joanen, manifestazioa Gobernuaren epelkeriaren aurkakoa baita, nahiz eta hitz gozoagoekin jantzi duten. Eta Podemoseko gehienak ez ditut nik halako batean ikusten.

Beraz, zein gelditzen zaizkigu? Bai, entzule, betikoak.

Bide eman euskarari leloa polit geldituko litzateke kamiseta batean, baina ez dut nik ikusten manifestazio batean jendetza izugarria biltzeko eslogan gisa. Erregimen zaharrak euskararen aurkako neurriak oraindik hartzen dituen honetan, lelo zehatzagoak beharko genituzke erabili, milaka eta milaka euskaltzale biltzeko. “ETB Nafarroan, eskubide osoz” edo “Haur eskolak euskaraz”. Edo bi gaiak batu nahi badituzue, “Doraemon askatu!”.

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2016ko maiatzaren 25ekoa] bannerra-EHI

Senidedun zinegotziak

Garai batean, Euskaldunon Egunkarian lan egiten nuelarik, zaletasun tonto bat nuen. Tira, banituen zaletasun ergel asko, baina horietako bat benetan ergela zen. Eta hori zen Leitzako Udaleko osoko bilkuren aktak irakurtzea.

Ez dut harreman berezirik Leitzarekin eta, beraz, bortz axola zitzaizkidan Leitzako herritarren kontu txiki haiek guztiak, baina hala ere goitik behera irakurtzen nituen akta haiek, hilero, edo ia hilero, erredakziora bildatzen zizkigutenak. Euskara txukunean idatzita, bide batez erranda.

Akta haietan beti bazegoen liskarren bat, batzuetan gatazka politikoarekin lotua, bertzeetan herritarren jabetzekin erlazionatua. Azken horiei dagokienez, beti bazegoen herri lanen bat leitzarren baten lursailei edo etxeari eragiten ziena. Bada, Leitzako herritarren erdiak-edo Zabaleta, Alduntzin edo Sagastibeltza abizena duenez, halako erabaki baten inguruko bozketa egin behar zuten bakoitzean, zinegotziren batek aretoa uzten zuen, erabaki zehatz hark zinegotziaren senideren batekin lotura zuelako.

“Urlia zinegotziak aretoa utzi du Berendiaren suhia delako, edo semea, edo emaztea”. Ohikoak izaten ziren halako oharrak aktetan, eta zinegotziek oso barneraturik zuten halaxe jokatu behar zutela halako egoeretan.

Ez Zabaleta, ez Alduntzin, ez Sagastibeltza. Laura Laura Berro da. Hiri handi bateko zinegotzia. Eta herri txikietan barneraturik dutena barneraturik izan beharko luke.

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2016ko maiatzaren 18koa] bannerra-EHI

Benetako bereizkeria

Oier eta UnaiNafarroako euskaltzaleok jaso dugun azkenaurreko zaplaztekoaren harira eginiko elkarretaratzean, Sagrario Alemanek aipatu zidan guraso euskaldunok ere auzitegietara jo beharko genukeela, azken 30 urteetan jasan behar izan dugun bereizkeria salatzera.

Bada, antolatzen garen bitartean, ea baten batek heralazten ote dizkion epaileari nire bi semeen kasuak.

OIER. 2012an euskarazko bi haur eskola publiko baino ez zeuden Iruñean, eta biak Txantrean, bazterreko auzo zaharkitu batean. Egunsenti haur eskolan sartzea lortu zuen Oierrek, nahiz eta hasiera batean itxaron zerrendan bederatzigarren egon. Gure etxetik 6 kilometroko bidaia dago autoarekin Egunsentiraino. Beraz, Oierrek 12 kilometro egiten zituen egunero joan-etorrietan (neuk bikoitza, noski). Denetara, hiru ikasturtetan, Oierrek 7.300 kilometro egin behar izan zituen, euskarazko haur eskola publiko batean eskolatua egoteagatik.

UNAI. Txantreako Egunsentin egin zuen bere lehenbiziko ikasturtea gure bertze semeak. Bigarren ikasturtean, baina, tokiz aldatu zuten. Izan ere, euskarazko bi haur eskolak auzo berean egon ez zitezen eginiko aldarrikapenari men egin omen zion UPNk eta Egunsentikoak Arrotxapera mugitu zituzten 2015ean. Baina UPNk sekulako gola sartu zigun. Arrotxapean zeuden hiru haur eskoletatik zaharkituena eta txikiena eman ziguten, haurrak euskaraz eskolatzeko eskaerari erantzuteko arras desegokia. Hori konpontzeko, hurrengo ikasturtean, euskarazko eredua Goiz Eder eskolara mugituko dute eta, beraz, Unaik bere hirugarren eskola ezagutuko du hiru urteko bizitzan.

Mesedez, helarazi hau guztia Iruñeko Udalaren helegitea aztertu behar duen epaileari. Mila esker.

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2016ko maiatzaren 11koa] bannerra-EHI

Zirrikitu txiki-txiki-txiki bat

iriarteGogoratuko duzuenez, aurreko batean UPNk bere X. kongresua egin zuen eta bertan onartu zuten ponentzia programatikoan adierazi zuten, Gobernura itzuliz gero, D eredua kenduko dutela eremu ez-euskalduneko sare publikotik. Betikoa.

Ponentzia horren aldeko boto uholdean pertsona bakar baten abstentzioa egon zen, eta niri bururatu zitzaidan Twitter bidez Iñaki Iriarte UPNko parlamentari euskaldunari galdetzea ea berea izan ote zen. Iriarteri lau egun kostatu zitzaion erantzutea, baina adeitasun osoz ihardetsi zion nire itaunari.

“Eskubide bat eman ostean zaila eta desegokia iduritzen zait ukatzea. Baina nire iritzi pertsonala da”.

Uste dut ia inork ez zuela Iriarteren erantzun hori irakurri, eta horregatik ekarri nahi izan dut honera. Pentsatzen baitut garrantzitsua dela azaleratzea euskara zabaltzearen aurkako UPNren jarrera irrazionalean badela gutxienez pertsona bat hain-hain-hain muturreko jarrera ez duena.

Nik ez dakit Iriartek zenbateko indarraz defendatzen duen bere iritzi pertsonal hori UPNren barnean. Hori jakiteko, galdetzen segituko beharko dugu.

Iñaki Iriarte, nire semeek Doraemon euskaraz ikusteko eskubidea hartua zuten eta egunero praktikan jartzen zuten. UPNren ekimenez, eskubide hori bihar kenduko diete . Ongi iruditzen zaizu?

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2016ko maiatzaren 4koa] bannerra-EHI

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer