Senidedun zinegotziak

Garai batean, Euskaldunon Egunkarian lan egiten nuelarik, zaletasun tonto bat nuen. Tira, banituen zaletasun ergel asko, baina horietako bat benetan ergela zen. Eta hori zen Leitzako Udaleko osoko bilkuren aktak irakurtzea.

Ez dut harreman berezirik Leitzarekin eta, beraz, bortz axola zitzaizkidan Leitzako herritarren kontu txiki haiek guztiak, baina hala ere goitik behera irakurtzen nituen akta haiek, hilero, edo ia hilero, erredakziora bildatzen zizkigutenak. Euskara txukunean idatzita, bide batez erranda.

Akta haietan beti bazegoen liskarren bat, batzuetan gatazka politikoarekin lotua, bertzeetan herritarren jabetzekin erlazionatua. Azken horiei dagokienez, beti bazegoen herri lanen bat leitzarren baten lursailei edo etxeari eragiten ziena. Bada, Leitzako herritarren erdiak-edo Zabaleta, Alduntzin edo Sagastibeltza abizena duenez, halako erabaki baten inguruko bozketa egin behar zuten bakoitzean, zinegotziren batek aretoa uzten zuen, erabaki zehatz hark zinegotziaren senideren batekin lotura zuelako.

“Urlia zinegotziak aretoa utzi du Berendiaren suhia delako, edo semea, edo emaztea”. Ohikoak izaten ziren halako oharrak aktetan, eta zinegotziek oso barneraturik zuten halaxe jokatu behar zutela halako egoeretan.

Ez Zabaleta, ez Alduntzin, ez Sagastibeltza. Laura Laura Berro da. Hiri handi bateko zinegotzia. Eta herri txikietan barneraturik dutena barneraturik izan beharko luke.

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2016ko maiatzaren 18koa] bannerra-EHI

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude