Manifestazioa

kartela-txikiKontseiluak manifestazioa deitu du Iruñean, ekainaren 4rako, Bide eman euskarari lelopean. Funtsean, manifestazio horrekin Nafarroako Gobernuari eskatu nahi zaio euskararen inguruko neurri ausartagoak har ditzan, baldin eta euskaltzaleen babesa jaso nahi badu.

Aurrekoan, Argia aldizkarian, elkarrizketa egin zioten Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiari eta, aizue, Bilbaok erraniko guztiak hitzez hitz sinatuko nituzke nik. Baita kazetariak aukeraturiko lerroburua ere: “UPNk erabiltzen duen argudio berbera erabili du Izquierda-Ezkerrak”.

Baina hori guztia onartuta ere, zalantzak sortzen zaizkit manifestazioaren inguruan. Indar erakustaldi gisa ikusten ditut nik halako ekitaldiak. Eta beldur naiz indarra beharrean ahulezia erakutsiko ez ote dugun.

Izan ere, kritikak eginez -zilegiak, baina kritikak- Izquierda-Ezkerrako boto-emaileak uxatu ditugu manifestaziotik. Geroa Baikoak ere ez dira joanen, manifestazioa Gobernuaren epelkeriaren aurkakoa baita, nahiz eta hitz gozoagoekin jantzi duten. Eta Podemoseko gehienak ez ditut nik halako batean ikusten.

Beraz, zein gelditzen zaizkigu? Bai, entzule, betikoak.

Bide eman euskarari leloa polit geldituko litzateke kamiseta batean, baina ez dut nik ikusten manifestazio batean jendetza izugarria biltzeko eslogan gisa. Erregimen zaharrak euskararen aurkako neurriak oraindik hartzen dituen honetan, lelo zehatzagoak beharko genituzke erabili, milaka eta milaka euskaltzale biltzeko. “ETB Nafarroan, eskubide osoz” edo “Haur eskolak euskaraz”. Edo bi gaiak batu nahi badituzue, “Doraemon askatu!”.

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2016ko maiatzaren 25ekoa] bannerra-EHI

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude