Hilabetea: ekaina 2016

Duintasuna hiru orrialdetan

ACB eta FrantziaIruñeko TRW lantegiko langileen gehiengoak erakutsi zuen duintasuna erakutsi zuten atzo Sestaoko ACB lantegiko langileen gehiengoak ere. Iruñekoei bezala Sestaokoei ere enpresa terroristak txarraren eta txarragoaren artean aukeratzen eman zien. Eta langileek, noski, txarra lehenetsi zuten; hau da, dozenaka lankide kaleratzea nahiago izan zuten, lantegia guztiz ixtea baino.

Berria egunkariak gaurko bere 14. orrialdean argitaratu du ACBren inguruko informazioa. 15.ean, berriz, Frantziako protesten berri eman digu. Frantzian egunak baitaramatzate François Hollanderen erregimenak ezarri nahi duen lan erreformaren aurkako protesta jendetsu, irmo eta, batzuetan, bortitzetan.

Orrialde bat aurrerago, euskarazko egunkariak kontatu digu Nafarroan gehiengo absolutua galdu dutela UGT eta CCOO sindikatuek. Datu historikoa da, aldaketa sozial txiki eta mantso baten erakusgarri.

Baina langile borrokari dagokionez, iruditzen zait duintasuna ez dagoela botoa zein sindikaturi ematen diozun horretan, terrorismo patronalari aurre egiteko moduan  baizik.

Nire etxeko sofa erosotik erran dizuet hau. Aurretik errandako guztia kritika ez, baizik eta autokritika izan nahi baitzuen.

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2016ko ekainaren 15ekoa] bannerra-EHI

Publizitatea

markakFacebook-en ikusia. Papertxo baten irudia. Alde batean 6 multinazionalen logotipoak: Facebook bera, Volkswagen, Macdonalds, Lacoste, Apple eta Nike. Paperaren bertze aldean, aldiz, sei zuhaitzen hostoak: haritza eta… eta bertze bortz. Ez naiz bertzeak izendatzeko gai.

Ez naiz ni orain hasiko publizitatearen garrantzia azpimarratzen , ezta? Begi bistakoa da. Denok ulertzen dugu produktu bat ongi eta asko saltzeko behar-beharrezkoa dugula publizitatea. Eta publizitatea gutxitan ateratzen zaigu dohainik.

Geroa Bai alderdi politikoak adierazi du ekainaren 26ko hauteskundeetarako hauteskunde kanpaina zorrotza eginen duela, luxurik gabekoa, eta gehienez ere 95.000 euro gastatuko dituela, hau da, abenduko haustekundeetan gastatu zuenaren erdia gutxi gorabehera.

Hauteskundeetan produktu bat saltzen dute alderdiek eta horretarako publizitatean inbertitzen dute. Eta gehienetan diru gehien gastatzen dutenak dira boto kopuru handiena lortzen dutenak.

Geroa Baik abenduko hauteskundeetan 30.000 boto eskuratu zituen. Bada, zergatik pentsatzen dute orain diru gutxiago gastatuta emaitza hobeak lortuko dituztela?

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2016ko ekainaren 8koa] bannerra-EHI

POST SCRIPTUM: Badakit egungo korronte nagusiaren kontrakoa dela, baina hauteskunde kanpainetan dirua gastatu behar dela pentsatzen duten horietakoa naiz. Alderdien sistema politikoa onartzen baldin badugu, eta horren oinarria hauteskundeak baldin badira, bada, hauteskundeei behar adinako garrantzia eman beharko zaie; eta beharrezkoa den diru guztia inbertitzea da hauteskunde batzuei merezi duten garrantzia ematea. Hauteskunde horietan zer edo zer lortu nahi baduzu bederen.

Cordovillakoen xelebrekeria bat (bertze bat)

luisguineaAurrekoan solasaldi xelebrea izan nuen Twitterren. Erran nahi baita ohikoa baino xelebreagoa.

Iñaki Redin Nafar Telebistako zuzendariak hasi zuen eztabaida. Nafarroan eskela gehien saltzen dituen egunkariaren orrialde bat paratu zuen, eskuz banakako finalaren bezperako artikulua zekarrena; eta Luis Guineari -alegia, egunkari horretako kiroletako buruari eta gainera artikulu hori idatzi zuenari- leporatzen zion artikuluan adierazten zela finala Euskal Telebistan erretransmitituko zutela, baina ez zuela erraten Nafar Telebistan ere emanen zutela.

Luis Gineak gaizki hartu zuen eta erretorikoki galdetu zion ea Nafar Telebistan bere egunkaria aipatzen ote duten inoiz eta, egitekotan, ez ote den kritikatzeko beti.

Orduan sartu nintzen ni. Eta ikusirik Luis Ginearen profilean adierazten zuela “hondarribitar petoa” zela, zera erran nion euskaraz: “Luis Ginea, zuei ongi informatzea interesatzen zaizue, ez? Nafarroan orain ez da ETB ikusten, eta NTB, bai”.

Eta bere erantzunean jo zuen absurdoak goia. Gaztelaniaz erantzun zidan: “Ziur naiz [ETB] gure egunkarian, nire etxean eta Nafarroako iparraldean ikusten dela”.

Nik erantzun nion berak jakin bazekiela nafar gehien-gehienok ezin genuela ETB ikusi. Baina zertarako? Hortxe utzi baitzuen berak eztabaida, Iñaki Redinen haserrea piztuz, ezin baitzuen irentsi Gineak idatzirikoa.

Nafarroako egunkari horri bortz axola zaio errealitatearekiko zintzo jokatzea, edo areago, gezurretan aritzea. Eta nik ez dakit zer ari naizen hemen, minutu bat xahutzen, aurkeztezin horien inguruan hizketan. Barkatu.

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2016ko ekainaren 1ekoa] bannerra-EHI

Gurelur eta harrobiak

Sinets iezadazu, irakurle, erraten badizut orain irakurriko duzun artikulua idaztea ala ez erabakitzeko dozenaka buelta eman dizkiodala buruari. Talde ekologista bati belarrietatik tira egin behar baitiot, eta ez da hori kantatzea gustuko dudan abestia.

Azken asteotan, Urbasa-Andia natur parkearen esparruan dagoen Lizarragako kareharri harrobiaren kontrako hainbat ekinbide jorratu ditu Gurelur taldeak ingurumenean kalte larriak eragiten ari delako eta legez kanpo ustiatzen ari omen direlako. Eta ez naiz ni izanen Gurelurri kontu zehatz horretan arrazoia kenduko diona.

Baina Cetya izeneko fundazio batek 250.000 euro eman zizkion Gurelurri 2008an, Arguedasko estazio biologikoa martxan jarri eta bortz urtez kudea zezan; eta halaxe argitaratu zuen orduko prentsak eta halaxe jasotzen du oraindik ere Cetyaren webguneak. Eta, barkatuko didazue, baina ordutik mesfidantza handia diot Gurelurri, batez ere harrobiez mintzatzen delarik.

“Cantera de Etxauri – Tiebas Y Asociados”; horixe baita Cetya akronimoaren gibelean dagoena. Cetya taldeak harrobiak ditu Etxaurin, Tebasen, Bearinen eta Murietan eta hormigoia egiteko lantegiak Tebasen, Castejonen, Urrotzen, Saratsan eta Erriberrin.

Ekologistak Martxan izeneko talde ekologistako kide nauzue. Nafarroako Ekologistak Martxan ANAT-LANE izeneko taldetik sortu zen. Eta talde beretik atera zen Gurelur ere. Alegia, duela urte mordoxka, Ekologistak Martxan eta Gurelur taldeetako jendea elkarte berean zegoen. Eta ulertuko duzuenez, bereizi zirelarik, haien arteko hainbat ika-mika izan ziren.

Ezin-ikusi haiek gertatu eta gero ailegatu nintzen ni Ekologistak Martxanera eta, beraz, ez diot inolako herrarik Gurelurri. Baina Gurelurren ekologismo kontserbazionista ez da niri interesatzen zaidana. Ekologismo sozialaren barnean ikusten dut neure burua eta horregatik sartu nintzen Ekologistak Martxanen. Ekologismo sozialaren iritziz, ingurumen arazoek ekoizteko eta kontsumitzeko moduetan dute sorburua; arazo horiek jendaurrean eta epaitegietan salatu behar dira; arazoen jatorrien aurkako sentsibilizazio kanpainak egin behar dira; eta alternatiba zehatzak eta bideragarriak landu behar dira.

Hau da, ekologismo sozialaren ustez, harrobi zehatz batek eragiten dituen kalte zehatzak agerian jarri behar dira eta irregulartasunak salatu behar dira, bai, baina hori guztia testuinguru baten barnean jarri behar da, eta adierazi behar da zergatik gauden harrobiak behar dituen sistemaren kontra eta zein izan daitekeen harrobien alternatiba iraunkorra.

Cetyak 250.000 euro eman zizkion Gurelurri 2008an. Eta horretan ez dago ez ustelkeriarik ez legearen kontrako deus ere. Baina ez didazue ukatuko doinu xelebrea duela kanta horrek: Cetya taldea “liderra da Nafarroan aridoen, morteroen eta hormigoien merkaturatzean” eta lau harrobi ustiatzen ditu; Cetya taldearen fundazioak milioi laurdena eman zion Gurelur talde ekologistari eta, hala ere, Gurelurrek bere burua aske ikusi zuen harrobien kontra borrokan segitzeko –eta halaxe egin izan du, adibidez, Zilbetiko proiektuaren kontra–, baina Gurelurrek ez ditu Cetyaren harrobiak, ez eta gibelean dagoen sistema osoa, salatzen.

Ez dakit zuek, baina ni ez nintzateke soinu horretan dantzatuko.

[Nafarroako Hitza-n argitaraturiko artikulua, 2016ko maiatzaren 27an]

bannerra-berria

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer