Gurelur eta harrobiak

Sinets iezadazu, irakurle, erraten badizut orain irakurriko duzun artikulua idaztea ala ez erabakitzeko dozenaka buelta eman dizkiodala buruari. Talde ekologista bati belarrietatik tira egin behar baitiot, eta ez da hori kantatzea gustuko dudan abestia.

Azken asteotan, Urbasa-Andia natur parkearen esparruan dagoen Lizarragako kareharri harrobiaren kontrako hainbat ekinbide jorratu ditu Gurelur taldeak ingurumenean kalte larriak eragiten ari delako eta legez kanpo ustiatzen ari omen direlako. Eta ez naiz ni izanen Gurelurri kontu zehatz horretan arrazoia kenduko diona.

Baina Cetya izeneko fundazio batek 250.000 euro eman zizkion Gurelurri 2008an, Arguedasko estazio biologikoa martxan jarri eta bortz urtez kudea zezan; eta halaxe argitaratu zuen orduko prentsak eta halaxe jasotzen du oraindik ere Cetyaren webguneak. Eta, barkatuko didazue, baina ordutik mesfidantza handia diot Gurelurri, batez ere harrobiez mintzatzen delarik.

“Cantera de Etxauri – Tiebas Y Asociados”; horixe baita Cetya akronimoaren gibelean dagoena. Cetya taldeak harrobiak ditu Etxaurin, Tebasen, Bearinen eta Murietan eta hormigoia egiteko lantegiak Tebasen, Castejonen, Urrotzen, Saratsan eta Erriberrin.

Ekologistak Martxan izeneko talde ekologistako kide nauzue. Nafarroako Ekologistak Martxan ANAT-LANE izeneko taldetik sortu zen. Eta talde beretik atera zen Gurelur ere. Alegia, duela urte mordoxka, Ekologistak Martxan eta Gurelur taldeetako jendea elkarte berean zegoen. Eta ulertuko duzuenez, bereizi zirelarik, haien arteko hainbat ika-mika izan ziren.

Ezin-ikusi haiek gertatu eta gero ailegatu nintzen ni Ekologistak Martxanera eta, beraz, ez diot inolako herrarik Gurelurri. Baina Gurelurren ekologismo kontserbazionista ez da niri interesatzen zaidana. Ekologismo sozialaren barnean ikusten dut neure burua eta horregatik sartu nintzen Ekologistak Martxanen. Ekologismo sozialaren iritziz, ingurumen arazoek ekoizteko eta kontsumitzeko moduetan dute sorburua; arazo horiek jendaurrean eta epaitegietan salatu behar dira; arazoen jatorrien aurkako sentsibilizazio kanpainak egin behar dira; eta alternatiba zehatzak eta bideragarriak landu behar dira.

Hau da, ekologismo sozialaren ustez, harrobi zehatz batek eragiten dituen kalte zehatzak agerian jarri behar dira eta irregulartasunak salatu behar dira, bai, baina hori guztia testuinguru baten barnean jarri behar da, eta adierazi behar da zergatik gauden harrobiak behar dituen sistemaren kontra eta zein izan daitekeen harrobien alternatiba iraunkorra.

Cetyak 250.000 euro eman zizkion Gurelurri 2008an. Eta horretan ez dago ez ustelkeriarik ez legearen kontrako deus ere. Baina ez didazue ukatuko doinu xelebrea duela kanta horrek: Cetya taldea “liderra da Nafarroan aridoen, morteroen eta hormigoien merkaturatzean” eta lau harrobi ustiatzen ditu; Cetya taldearen fundazioak milioi laurdena eman zion Gurelur talde ekologistari eta, hala ere, Gurelurrek bere burua aske ikusi zuen harrobien kontra borrokan segitzeko –eta halaxe egin izan du, adibidez, Zilbetiko proiektuaren kontra–, baina Gurelurrek ez ditu Cetyaren harrobiak, ez eta gibelean dagoen sistema osoa, salatzen.

Ez dakit zuek, baina ni ez nintzateke soinu horretan dantzatuko.

[Nafarroako Hitza-n argitaraturiko artikulua, 2016ko maiatzaren 27an]

bannerra-berria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude