Duintasuna hiru orrialdetan

ACB eta FrantziaIruñeko TRW lantegiko langileen gehiengoak erakutsi zuen duintasuna erakutsi zuten atzo Sestaoko ACB lantegiko langileen gehiengoak ere. Iruñekoei bezala Sestaokoei ere enpresa terroristak txarraren eta txarragoaren artean aukeratzen eman zien. Eta langileek, noski, txarra lehenetsi zuten; hau da, dozenaka lankide kaleratzea nahiago izan zuten, lantegia guztiz ixtea baino.

Berria egunkariak gaurko bere 14. orrialdean argitaratu du ACBren inguruko informazioa. 15.ean, berriz, Frantziako protesten berri eman digu. Frantzian egunak baitaramatzate François Hollanderen erregimenak ezarri nahi duen lan erreformaren aurkako protesta jendetsu, irmo eta, batzuetan, bortitzetan.

Orrialde bat aurrerago, euskarazko egunkariak kontatu digu Nafarroan gehiengo absolutua galdu dutela UGT eta CCOO sindikatuek. Datu historikoa da, aldaketa sozial txiki eta mantso baten erakusgarri.

Baina langile borrokari dagokionez, iruditzen zait duintasuna ez dagoela botoa zein sindikaturi ematen diozun horretan, terrorismo patronalari aurre egiteko moduan  baizik.

Nire etxeko sofa erosotik erran dizuet hau. Aurretik errandako guztia kritika ez, baizik eta autokritika izan nahi baitzuen.

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2016ko ekainaren 15ekoa] bannerra-EHI