Hilabetea: iraila 2016

Koinatismoa

Gazte ginelarik “zaharren taberna” deitzen genituen horietako batean sartu naiz. Barra ondoan paratu, ukondo bat pausatu eta goizeko hamarrak izanagatik ere (edo horregatik hain zuzen ere), patxaran kopa bat eskatu dut.

Halako tabernetan gehien irakurtzen diren egunkarietako bat hartu dut; badakizue, letra handi eta koloretsuak dituzten horietako bat. Ingurura begira jarri naiz eta aspertu itxura zuten bizpahiru parrokiano ikusi ditudanez, listua irentsi, ahoa ireki, eta koinatismo ariketa bat egin dut.

Koinatismoa, bai. Cuñadismo-a. Gai baten inguruan apenas ezer jakin gabe iritzia ematen ausartzea, koinatuaren gidaliburuko lau esaldiak behin eta berriz errepikatuz, gai horren inguruan asko-asko dakizula erakutsi nahian-edo.

Banoa.

“Ez egin kasu handirik, e”, bota dut. “Baina gauza jakina bazen Osasuna aurtengo ligan barregarri geldituko zela, zergatik fitxatu dituzte hainbertze kanpotar; zergatik ez diete etxeko gazteei erridikulua egiten utzi?”.

Hortxe.

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2016ko irailaren 27koa] bannerra-EHI

Aitatxi-amatxiek eginikoa

alistaosmargaritasZenbat aldiz ez ote dudan kantatu La Pollaren No somos nada abestia. Eta lotsa moduko zerbaitekin kantatu izan dut beti. Kantak “Somos los hijos de los que perdieron la Guerra Civil” erraten duen horretaz ari naiz.

Ni ez bainaiz 36ko gerra galdu zutenen iloba, irabazi zutenena baizik. Gure aitaren aita erreketea izan zen eta frontean ibiliko zen tiroak botatzen, nik dakidala belaun batean metraila arrastoak baitzituen. Gure aitaren ama, berriz, margarita izan zen eta frontean zeuden soldaduei animoak emateko eskutitzak bidali zizkien Diario de Navarra eta Arriba España egunkari kolpistei.

Baina nire aitatxi-amatxiek egin zutena gorabehera, ni ez naiz frankista. Haiek gaiztakeriaren bat egin baldin bazuten, nik ez dut erreparorik hura gaitzesteko eta arbuiatzeko.

Era berean, UPNko kide batzuek aitatxi-amatxi fusilatuak izateak ez die UPNko horiei zilegitasunik ematen fusilatuen omenez egindako ekitaldiak gutxiesteko.

Gure ekintzek definitzen gaituzte gu, ez gure aitatxi-amatxiek eginikoek.

Eta 2016. urtean, oraindik, UPN eta PPko kideak frankistei gorazarre publikoa egitearen aldekoak dira. Berdin dio zer ziren haien aitatxi-amatxiak. Haiek, oraindik, frankistak dira.

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2016ko irailaren 20koa] bannerra-EHI

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer