Hilabetea: urria 2016

PAIren arrakasta

Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak, azkenean, PAIren inguruko azterketaren ondorioak aurkeztu ditu. Ni ez nintzateke gehiegi poztuko ateratako ondorio horiekin.

Zuen baimenarekin, premiazko iritzi bat ematen ausartuko naiz, iritzi-emaile bikainek egiten duten gisa berean, hau da, jatorrizko txostena irakurria izan gabe.

Gaizki ulertu ez badut, PAIren azterketak erran du “presaka” ezarri zutela, “ikerketarik egin gabe”, “PAI aurrera ateratzeko baliabiderik, plangintzarik, argibiderik eta formakuntzarik gabe”. Eta hala ere… Eta, hala eta guztiz ere, PAIko ikasleen ingeles maila PAItik kanpokoena baino handixeagoa da. Zientziako azterketa bat ere egin diete PAIko ikasleei, eta ondorioa izan da… (nahiz eta PAI ezartzeko modua zakurraren putzaren parekoa izan den)… ikasle horiek «adinari dagokion garapen maila egokia» dutela.

Alegia, PAI ezartzeko modua narrasa baino narrasagoa izan da, bai. Baina emaitza onak erdietsi ditu. Beraz, arrakasta erabatekoa izan da!

Eta PAIko gurasoek zer diote? Ezartzeko moduak gorabehera “pozik” daudela. Eta PAI duten ikastetxeetako zuzendaritza taldeek zer diote? Ezartzeko moduak gorabehera “pozik” daudela. “Pozik” denak.

Departamentuak ikastetxeen esku utziko du PAI programan segitzeko edo sartzeko erabakia. Baina ikerketak ondorioztatu badu emaitza onak lortu direla (gauzak gaizki egin arren), zuek uste duzue PAIk bezeroak galduko dituela? Ez dirudi hala izanen denik, orain arteko bezeroak “pozik” baitaude.

Ez dakit txostenak zer edo zer dioen aniztasunaren trataeraren inguruan. Gauza jakina da PAIk ez diola behar bezalako trataera ematen ikasleen aniztasunari, ikasteko zailtasun handiagoak dituzten ikasleak zuzenean kanpoan uzten baititu PAIk. Alegia, talde homogeneoak sortzen ditu: ikasle “onak” PAI barruan; ikasle “ez hain onak” PAItik kanpo. LOMCEri egozten diogun bazterketa nazkagarri hori, baina ez kanpotik etorria, guk geuk sortua baizik.

UPNren bozeramaile Alberto Catalanek adierazi du ikerketak “oso toki txarrean utzi duela departamentua” ikerketaren arabera PAIko ikasleen ingeles maila handiagoa delako eta gaitasun zientifikoan bertze ikasleen pare daudelako. “Oso garbi dago hemen gelditzeko etorri zela PAI”, ondorioztatu du Catalanek. Eta ez dakit zuek, baina neuk, tamalez, gauza bera ondorioztatu dut.

Lehengoratzeak

20161026LOMCEren aurkako mobilizazio eguna da biharkoa Espainian. Hego Euskal Herrian, sindikatu eta elkarte espainiarrez gain, ELA eta Steilas sindikatuek ere bat egin dute deialdiarekin.

Kartel propioa egin dute euskal sindikatuek, honako leloekin: “Euskal Herrian gure hezkuntza!”; “LOMCEri ez!”; “Errebalidarik ez!”; eta “Murrizketarik ez!”.

Eslogan horiekin bat egiten dut, noski. Baina azkenengoak erreparo pixka bat eman dit, iruditzen baitzait ez duela Nafarroako oraingo abagune politikoa kontuan hartzen.

Inork nire manifestu hauek entzuteko edo irakurtzeko ohitura nekagarria baldin badu, jakinen du behin eta berriz eskatu diodala aldaketaren gobernuari aldaketak behingoz egiteko. Baina, aizue, ongi egindakoa ere azpimarratu beharko dugu, ez?

Nik dakidala Nafarroako Gobernu berriak ez du Hezkuntzan murrizketa gehiagorik egin. Areago, UPNk eginiko murrizketa batzuei buelta eman die. Inportanteena, ikasle ratioei dagokiena. Orain, Lehen Hezkuntzan 25 ikasle egon daitezke gehienez talde batean (UPNrekin 27 ziren); DBHn 30 egon daitezke (lehen 32); eta Batxilergoan, 33 egon daitezke orain (lehen 35).

Baina harrigarriki, UPNren murrizketa horren lehengoratze honi oso publizitate eskasa egin dio Gobernuak. Hain publizitate eskasa, irakaskuntzan lan egiten duten askok ez baitute horren berririk. Eta aldaketa garrantzitsua izan da, eta milioi euro batzuen inbertsioa ekarri behar izan du.

Jakina, bide luzea dago oraindik UPNren murrizketa guztiei buelta ematen zaienerako. Baina ezin dugu jokatu aldaketaren gobernuak deus ere aldatu ez balu bezala. Horrela jokatuz gero, jendeak pentsa baitezake duela urtebete eginiko aldaketak ez zuela ezertarako balio izan. Eta balio izan zuen, bai horixe.

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2016ko urriaren 25ekoa] bannerra-EHI

Bunkerrekoak

fatxakEz dakit zuek, baina nik aspaldi onartu nuen badirela nafar batzuk-batzuk nitarrak ez direnak. Badakit eremu geografiko berean bizi behar dugula, karrika berberak zapaldu behar ditugula, futbol talde bera hauspotu behar dugula, eta haiekin igogailuan eguraldiari buruz mintzatu behar dugula. Baina ez dira nitarrak.

Cordovillako egunkaria. Espainiaren batasuna. Mola eta Sanjurjo. Tradizionalismoa. Guardia zibila. Nazional-katolizismoa… Kontzeptu horien aurkakoa nauzue, baina gai naiz jakiteko Nafarroan badirela anitz eta anitz kontzeptu horiek sutsuki defendatzen dituztenak. Eta badakit halakoak ez ditudala sekula nire ideietara erakarriko, ez ditudala limurtuko. Ziur naiz horretaz. Eta uste dut politikoki aurre egin behar zaiela, eta ez zaiela gobernatzen utzi behar, iruditzen baitzait injustiziaz beteriko gizarte eredu mota bat bultzatzen dutela.

Duela urtebeteko Nafarroako aldaketa politikoa jende multzo horren aurka egin zen, bunker horren kontra. Eta bunkerrekoak aztoratuta dabiltza, oldartuta arras, aldaketako gobernuen kontra, botere politikoa berreskuratu nahi dutelako.

Hori guztia hala izanik, nola da posible behin eta berriz bunkerrekoen tranpetan erortzea? Edo zehatzago: zer arraio ari zen Nafarroako Gobernuaren Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen alorreko zuzendari nagusi Alvaro Baraibar bunkerrekoek aldaketaren kontra antolaturiko elkarretaratzean?

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2016ko urriaren 18koa] bannerra-EHI

Erritmoak

2015-12-11. Iruñea. Gaztetxe de Iruñea. 11-12-2015. Pamplona. Gaztetxe de Pamplona.

Compañia kalean 2015eko abenduan eraikin oso bat okupatu zuten gaztetxea egiteko.

2015eko abenduan, Iruñeko Compañia karrikako etxe oso bat okupatu zuten gazte batzuek, bertan gaztetxea egin nahian.

Iruñeko Udalak gazteekin negoziatu eta Caparrosoko txaletean gaztetxea egitea adostu zuten. Baina gazte haiek Compañiako etxea utzi eta berehala, bertze gazte batzuk sartu ziren 2016ko uztailean, etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko.

2016ko irailean, Arrotxapea auzoko nabe bat okupatu zuten, auzoko gaztetxea bertan egiteko.

2016ko urrian eraikin oso bat okupatu dute Sarasate pasealekuan, PSNren egoitzaren ondoan, eta Fermin Otamendi epaile eskuindarra guardian zegoela.

Hori guztia hamar hilabeteko epean gertatu da.

Epe berean, guk dakigula, etxe kaleratzerik ez da izan Iruñean. Areago, urtarrilean, Iruñeko alkateak berak parte hartu zuen etxe kaleratze bat eragozteko elkarretaratzean.

Erritmoak, ondorio politikoak, helburu estrategikoak… Hausnarketa egiteko biltzarren bat antolatzen badugu, gaizki?

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2016ko urriaren 11koa] bannerra-EHI

Akilesen pedala

achilles-arrow-heelOrain arte, Iruñeko Udalaren oposizioa egiten ari direnek gai estranbotikoak bilatu behar izan dituzte, edota zuzenean gai asmatuzkoak baliatu dituzte, oposizio hori egiteko. Gezurretan ibili dira, faltsukeriatan, baita itxurakeriatan ere, inondik inora karrikan ez den zalaparta bat sortu nahian.

Baina kasu! Oraingoan gustuko gai bat aurkitu dute, benetakoa, eta jende gehienaren babesa omen duena. Bai, asmatu duzue: bizikleta. Edo zehatzago: bizikletaren aurkako eta autoaren aldeko jarrera.

Hiriko mugikortasuna orekatuagoa eta jasangarriagoa izan dadin, Iruñeko Udalaren Ekologia atalak asmo handia du. Barañain, Baiona eta Armada etorbideetan autoei hainbat bide kendu nahi dizkie bizikletei eta garraio publikoko ibilgailuei emateko.

Autoen zirkulazioari trabak jartzearen aldekoa nauzue; oinezkoei, bizikletei eta garraio publikoari toki gehiago ematearen aldekoa nauzue; eta bla bla bla. Baina ez gaitezen engaina. Klima aldaketarena ipuintxoa iruditzen zaigun honetan, hein handi batean industria automobilistikotik bizi garen honetan, inpopularra baino inpopularragoa da autoari tokia kentzea. Baita udal gobernu taldea sostengatzen duten alderdien boto-emaileen artean ere.

Beraz, mesedez, egin beharrekoak egin, baina kontu handiz ibili gai honetan, tentuz, neurrian, bizikletena ez dadin izan aldaketaren udal gobernuaren Akilesen pedala.

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2016ko urriaren 4koa] bannerra-EHI

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer