Akilesen pedala

achilles-arrow-heelOrain arte, Iruñeko Udalaren oposizioa egiten ari direnek gai estranbotikoak bilatu behar izan dituzte, edota zuzenean gai asmatuzkoak baliatu dituzte, oposizio hori egiteko. Gezurretan ibili dira, faltsukeriatan, baita itxurakeriatan ere, inondik inora karrikan ez den zalaparta bat sortu nahian.

Baina kasu! Oraingoan gustuko gai bat aurkitu dute, benetakoa, eta jende gehienaren babesa omen duena. Bai, asmatu duzue: bizikleta. Edo zehatzago: bizikletaren aurkako eta autoaren aldeko jarrera.

Hiriko mugikortasuna orekatuagoa eta jasangarriagoa izan dadin, Iruñeko Udalaren Ekologia atalak asmo handia du. Barañain, Baiona eta Armada etorbideetan autoei hainbat bide kendu nahi dizkie bizikletei eta garraio publikoko ibilgailuei emateko.

Autoen zirkulazioari trabak jartzearen aldekoa nauzue; oinezkoei, bizikletei eta garraio publikoari toki gehiago ematearen aldekoa nauzue; eta bla bla bla. Baina ez gaitezen engaina. Klima aldaketarena ipuintxoa iruditzen zaigun honetan, hein handi batean industria automobilistikotik bizi garen honetan, inpopularra baino inpopularragoa da autoari tokia kentzea. Baita udal gobernu taldea sostengatzen duten alderdien boto-emaileen artean ere.

Beraz, mesedez, egin beharrekoak egin, baina kontu handiz ibili gai honetan, tentuz, neurrian, bizikletena ez dadin izan aldaketaren udal gobernuaren Akilesen pedala.

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2016ko urriaren 4koa] bannerra-EHI

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude