Lehengoratzeak

20161026LOMCEren aurkako mobilizazio eguna da biharkoa Espainian. Hego Euskal Herrian, sindikatu eta elkarte espainiarrez gain, ELA eta Steilas sindikatuek ere bat egin dute deialdiarekin.

Kartel propioa egin dute euskal sindikatuek, honako leloekin: “Euskal Herrian gure hezkuntza!”; “LOMCEri ez!”; “Errebalidarik ez!”; eta “Murrizketarik ez!”.

Eslogan horiekin bat egiten dut, noski. Baina azkenengoak erreparo pixka bat eman dit, iruditzen baitzait ez duela Nafarroako oraingo abagune politikoa kontuan hartzen.

Inork nire manifestu hauek entzuteko edo irakurtzeko ohitura nekagarria baldin badu, jakinen du behin eta berriz eskatu diodala aldaketaren gobernuari aldaketak behingoz egiteko. Baina, aizue, ongi egindakoa ere azpimarratu beharko dugu, ez?

Nik dakidala Nafarroako Gobernu berriak ez du Hezkuntzan murrizketa gehiagorik egin. Areago, UPNk eginiko murrizketa batzuei buelta eman die. Inportanteena, ikasle ratioei dagokiena. Orain, Lehen Hezkuntzan 25 ikasle egon daitezke gehienez talde batean (UPNrekin 27 ziren); DBHn 30 egon daitezke (lehen 32); eta Batxilergoan, 33 egon daitezke orain (lehen 35).

Baina harrigarriki, UPNren murrizketa horren lehengoratze honi oso publizitate eskasa egin dio Gobernuak. Hain publizitate eskasa, irakaskuntzan lan egiten duten askok ez baitute horren berririk. Eta aldaketa garrantzitsua izan da, eta milioi euro batzuen inbertsioa ekarri behar izan du.

Jakina, bide luzea dago oraindik UPNren murrizketa guztiei buelta ematen zaienerako. Baina ezin dugu jokatu aldaketaren gobernuak deus ere aldatu ez balu bezala. Horrela jokatuz gero, jendeak pentsa baitezake duela urtebete eginiko aldaketak ez zuela ezertarako balio izan. Eta balio izan zuen, bai horixe.

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2016ko urriaren 25ekoa] bannerra-EHI

2 thoughts on “Lehengoratzeak

  1. joxi imaz

    Kaixo Asier:
    Nik behintzat badut zure “manifestu hauek entzuteko edo irakurtzeko ohitura”, eta ez da batere nekagarria, alderantziz, pizgarria baizik.
    Ez bota harriak zure teilatuari, oso interesagarriak dira eta zure idatziak.
    Ondo bizi

     
    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude