PAIren arrakasta

Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak, azkenean, PAIren inguruko azterketaren ondorioak aurkeztu ditu. Ni ez nintzateke gehiegi poztuko ateratako ondorio horiekin.

Zuen baimenarekin, premiazko iritzi bat ematen ausartuko naiz, iritzi-emaile bikainek egiten duten gisa berean, hau da, jatorrizko txostena irakurria izan gabe.

Gaizki ulertu ez badut, PAIren azterketak erran du “presaka” ezarri zutela, “ikerketarik egin gabe”, “PAI aurrera ateratzeko baliabiderik, plangintzarik, argibiderik eta formakuntzarik gabe”. Eta hala ere… Eta, hala eta guztiz ere, PAIko ikasleen ingeles maila PAItik kanpokoena baino handixeagoa da. Zientziako azterketa bat ere egin diete PAIko ikasleei, eta ondorioa izan da… (nahiz eta PAI ezartzeko modua zakurraren putzaren parekoa izan den)… ikasle horiek «adinari dagokion garapen maila egokia» dutela.

Alegia, PAI ezartzeko modua narrasa baino narrasagoa izan da, bai. Baina emaitza onak erdietsi ditu. Beraz, arrakasta erabatekoa izan da!

Eta PAIko gurasoek zer diote? Ezartzeko moduak gorabehera “pozik” daudela. Eta PAI duten ikastetxeetako zuzendaritza taldeek zer diote? Ezartzeko moduak gorabehera “pozik” daudela. “Pozik” denak.

Departamentuak ikastetxeen esku utziko du PAI programan segitzeko edo sartzeko erabakia. Baina ikerketak ondorioztatu badu emaitza onak lortu direla (gauzak gaizki egin arren), zuek uste duzue PAIk bezeroak galduko dituela? Ez dirudi hala izanen denik, orain arteko bezeroak “pozik” baitaude.

Ez dakit txostenak zer edo zer dioen aniztasunaren trataeraren inguruan. Gauza jakina da PAIk ez diola behar bezalako trataera ematen ikasleen aniztasunari, ikasteko zailtasun handiagoak dituzten ikasleak zuzenean kanpoan uzten baititu PAIk. Alegia, talde homogeneoak sortzen ditu: ikasle “onak” PAI barruan; ikasle “ez hain onak” PAItik kanpo. LOMCEri egozten diogun bazterketa nazkagarri hori, baina ez kanpotik etorria, guk geuk sortua baizik.

UPNren bozeramaile Alberto Catalanek adierazi du ikerketak “oso toki txarrean utzi duela departamentua” ikerketaren arabera PAIko ikasleen ingeles maila handiagoa delako eta gaitasun zientifikoan bertze ikasleen pare daudelako. “Oso garbi dago hemen gelditzeko etorri zela PAI”, ondorioztatu du Catalanek. Eta ez dakit zuek, baina neuk, tamalez, gauza bera ondorioztatu dut.

2 thoughts on “PAIren arrakasta

  1. Suagaar

    Arrakasta? Nota txarrak erdietsi ditzazketenak alboratuz emaitza hoiek hutsaren hurrengoa dira, zergatik? Ikasleak baztertzen ez dituzten ikastolen hainako emaitzak lortu dituztelako, baztertzen dituzten ikasle hoiek hartu ta gero, emaitzak askoz txarragoak izango ziran.
    Ta ustet ez dutela azterketak ondo egin, bakarrik hango irakasle nahiko PAIri buruz errran dutena entzunda argi dago.Beraiek ez zituztela beraien umeak PAIra eramango alegia.
    Ta gastu guzti hori, gastua mundiala izan delako, bakarrik Ingeleses pitin bat hobeto egoteko? Ez da arrakastarik hor.

    PAItik ateratzen diranak ez dituzte zientzietan, matematiketan…. emaitza onak erdietsiko kanpoko laguntzarik gabe, ta horretarako zertarako PAIa?
    PAIrekin eskolatik kanpo ematen diren Ingelesesko klaseak biderkatu dira, zergatik?
    Ikasleak ez dituztelako behar duten maila lortzen ta kanpoan ikasi behar dutelako Ingelesa mailaz pasatzeko.
    Ta hori arrakastatsuaz ez du ezer.
    Baina nago egin duten azterketa, motza gelditzeaz gain, ez dutela den dena aztertu.

     
    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude