Hilabetea: azaroa 2016

Penduluarena

pendulua– 2016ko azaroaren 22a da eta Nafarroan oraindik ikurrina debekaturik dago, Aldaketako lau indarrak ez baitira ados jarri Ikurren Lege berria egiteko.

+ Bai, baina aizu, atzo berean lau indar horiek Nafarroako sare publikoan abortatzea ahalbidetuko duen dekretua aurkeztu zuten azkenean.

– Egia. Baina ospitaleetako janaria banatzeko zerbitzua ez dute publiko eginen.

+ Bai, ordea, janari hori prestatzeko zerbitzua.

– Ezin uka, noski. Eta ezin uka Gobernu honek ez duela deus ere egin LOMCE Nafarroan ezar ez dadin eta ez duela, era berean, irakasleen eskola orduak gutxitu.

+ Ez dizut horretan arrazoirik kenduko, ez. Baina ikasle taldeen ratioak jaitsi ditu eta aurreko Gobernuak gastatu ez zituen milioiak eta milioiak gastatuko ditu ikastetxe berriak egiten.

– Baina zaude, zaude. Euskararen legea ez dute ukituko eta bide seinale bakar bat ere ez dute oraindik aldatu.

+ Ez dizut ezetz erranen. Baina orain aldatuko dituzte bide seinale gutxi batzuk, eta bidea ireki dute eremu ez-euskalduneko haur guztiek sare publikoan euskaraz ikasteko aukera izan dezaten.

Orain, hemen. Orain, han. Hemen. Han.

Aldaketa dela eta ez dela… Penduluarena egiten ari naiz.

Zuek ere bai?

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2016ko azaroaren 22koa] bannerra-EHI

Nahi nuke

altsasuNik uste beti saiatu izan naizela hizkera gatazkatsuari iskin egiten. Eta gaurkoa bezalako egun batean ere nahi nuke halaxe jokatu.

Nahi nuke, bai, gizartea zapalduen eta zapaltzaileen artean ez bereizi.

Nahi nuke zakur, zerri, suge eta euskal zoologikoak eskaintzen dituen irain guztiak ez erabili.

Nahi nuke “mendeku gose”, “etsai”, “gerra makinaria” eta gisako esamoldeak biltzen dituen esaldirik ez idatzi.

Nahi nuke Espainiako ezkerraren elkartasun mezu andana irakurri.

Nahi nuke nire subkontzientean ez lotu gure agintarien izenak eta “epel”, “koldar” edo “kolaborazionista” bezalako izenondoak.

Nahi nuke kazetaritza ezabatzen duten gezur, desinformazio, kriminalizazio eta manipulazioak existituko ez balira bezala bizi.

Nahi nuke nire bihotzetik gorrotoa, nazka eta amorrua bezalako sentimenduak ezabatu.

Nahi nuke bertze sei ohe hutsen oihua ez entzun.

Nahi nuke.

Hainbertze gauza nahi nituzke.

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2016ko azaroaren 15ekoa] bannerra-EHI

Aitatxi-amatxiek eginikoa (II)

Bi errekete Somosierrako (Madril, Espainia) frontean.

Bi errekete Somosierrako (Madril, Espainia) frontean.

1936ko gerran borrokatu ziren 40.000 soldadu frankista baino gehiagoren fitxak argitaratu ditu Nafarroako Gobernuak interneten, Artxibo Irekia izeneko eremuan. Beraz, etxetik mugitu gabe jakin dezakegu gure aitatxi gaiztoen aldean egon zen ala ez.

Egiaren aitortzeko, interneten fitxa horien erreferentziak daude bakarrik. Benetako fitxa ikusteko Artxibo Nagusira joan behar da. Ni iragan astean joan nintzen gure aitaren aitaren fitxa ikustera.

Fitxa horrek dioenaren arabera, aitatxi boluntario sartu zen erreketeen Erregeren Tertzioan 1936ko uztailaren 19an. Hau da, gerraren lehenbiziko egunerako aitatxik prest zituen txapel gorria eta eskopeta. Hala, pentsatzekoa da gerra aurreko maniobretan ere ibilia zela. Eta zer ez ote zuen eginen gerraren lehenbiziko egun haietan!

Ondoren, Espainiako erdialdera joan zen eta tiroak botatzen ibili zen Somosierran (Madril), Navafrian (Segovia) eta Sigüenzan (Guadalajara). Domina bat ere eman zioten Somosierran. Beraz, pentsatzekoa da ez zela patatak zuritzen ibili.

1937ko abuztuan, Afrikako Legioan sartu zen, izebak argitu didanez, Legioan kobratzen zutelako. Eta 37ko urrian, zorionez, hanka batean zauritu zuten, Huescan.

Eta hau guztia ez dut miresmenez kontatzen. Ez dut ikuspegi erromantiko melenga batez begiratzen. Beldurrez eta atsekabez irakurri nuen aitatxiren fitxa, bai eta karpeta berean zeuden bertze batzuk ere.

Baina gu guztiok egin beharreko ariketa dela uste dut. Ez baita bakarrik biktimek jasan zutena azaleratu behar. Borreroek egin zutena mahai-gaineratzea ere behar-beharrezkoa da.

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2016ko azaroaren 8koa] bannerra-EHI

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer