Aitatxi-amatxiek eginikoa (II)

Bi errekete Somosierrako (Madril, Espainia) frontean.

Bi errekete Somosierrako (Madril, Espainia) frontean.

1936ko gerran borrokatu ziren 40.000 soldadu frankista baino gehiagoren fitxak argitaratu ditu Nafarroako Gobernuak interneten, Artxibo Irekia izeneko eremuan. Beraz, etxetik mugitu gabe jakin dezakegu gure aitatxi gaiztoen aldean egon zen ala ez.

Egiaren aitortzeko, interneten fitxa horien erreferentziak daude bakarrik. Benetako fitxa ikusteko Artxibo Nagusira joan behar da. Ni iragan astean joan nintzen gure aitaren aitaren fitxa ikustera.

Fitxa horrek dioenaren arabera, aitatxi boluntario sartu zen erreketeen Erregeren Tertzioan 1936ko uztailaren 19an. Hau da, gerraren lehenbiziko egunerako aitatxik prest zituen txapel gorria eta eskopeta. Hala, pentsatzekoa da gerra aurreko maniobretan ere ibilia zela. Eta zer ez ote zuen eginen gerraren lehenbiziko egun haietan!

Ondoren, Espainiako erdialdera joan zen eta tiroak botatzen ibili zen Somosierran (Madril), Navafrian (Segovia) eta Sigüenzan (Guadalajara). Domina bat ere eman zioten Somosierran. Beraz, pentsatzekoa da ez zela patatak zuritzen ibili.

1937ko abuztuan, Afrikako Legioan sartu zen, izebak argitu didanez, Legioan kobratzen zutelako. Eta 37ko urrian, zorionez, hanka batean zauritu zuten, Huescan.

Eta hau guztia ez dut miresmenez kontatzen. Ez dut ikuspegi erromantiko melenga batez begiratzen. Beldurrez eta atsekabez irakurri nuen aitatxiren fitxa, bai eta karpeta berean zeuden bertze batzuk ere.

Baina gu guztiok egin beharreko ariketa dela uste dut. Ez baita bakarrik biktimek jasan zutena azaleratu behar. Borreroek egin zutena mahai-gaineratzea ere behar-beharrezkoa da.

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2016ko azaroaren 8koa] bannerra-EHI