Hilabetea: urtarrila 2017

CCOO lauko gobernuan

2015eko maiatzean zeruko ateak ireki zitzaizkigun Nafarroa Garaian erakundeetan aldaketa politikoa gauzatzeko PSNren beharra ez zegoelako.

Halako irakurketa egin zen orduan: PSN erregimen zaharreko zutabeetako bat izan da eta beraz ezin da aldaketaren aldeko taldean sartu. Geroa Bai egon zen tartetxo batez ustezko sozialistak erakarri nahian, baina azkenean etsi egin zuen. Zorionez.

Nafarroako Gobernua sostengatzen duten lau alderdien artean, ordea, laurak ez dira orbanik gabeak erregimen zaharreko loturei dagokienez.

Izquierda – Ezkerra koalizioko Izquierda Unidaren bidez, CCOO sindikatua sartua dugu lauko Gobernuan. Eta horregatik oldartu zen Marisa de Simon euskararen aurka. Eta horregatik gogor mintzatu da Jose Miguel Nuin CCOOi egindako salaketa eta kritiken aurka.

Aldaketako bertze indarrek aldaketa barnean duten urpeko ontzi horrekin gobernatzen ikasi beharko dute, ziurrenik. Baina den-dena ezin izanen diote ametitu, ez?

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2017ko urtarrilaren 31koa] bannerra-EHI

Attack on British Navarre*

Hegazkin nazien bonbardaketen ondorioak Iruñean, Argaren inguruetan.

Hegazkin nazien bonbardaketen ondorioak Tuteran, Ebroren inguruetan.

PP bazterreko indar politikoa da Nafarroako Parlamentuan eta ez dakit gure arreta gehiegi merezi ote duen. Baina, tira. Noiz edo noiz botatzen dituzten astakerien berri eman beharko dugu. Konparazio batera, atzo Javier Garzia PPko parlamentariak erran zuen Hezkuntza Departamentuak “ingelesaren aurkako bertze atentatu bat” egin duela. “Atentatu” hitza erabili zuen, aizue. “Atentatu”. PAI eredua duten ikastetxe batzuetan D eredua eskainiko duelako Hezkuntza Departamentuak. Eskaini. Gero ikusiko dugu ea benetan ematen duen.

Denok badakigu UPNk, PSNk eta PPk hizkuntzen afera aukeratu dutela aldaketaren gobernuen kontrako ariete gisa. Eta egunero-egunero ari direla gai horrekin jo eta ke higatze lan nekegabe horretan. Eta badakigu ez dugula haien tranpetan erori behar eta geure agenda politikoari eutsi behar diogula. Baina hain da zaila.

Eta nik uste prest egon beharko genukeela Mendoza kontseilaria babesteko eta harenganako babesa eskatzeko. Baina trukean, gauza bat eskatu nahiko nieke Hezkuntza Departamentua gidatzen dutenei: mesedez, ez ahantz zein indar politikok eta sozialek babesten duten zuen gobernua. Eta. mesedez, utz iezaiozue Cordovillako egunkaria irakurtzeari.

(*) Erasoa Nafarroa britaniarrean

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2017ko urtarrilaren 24koa] bannerra-EHI

Eskola

eskolaEa ongi esplikatzen dudan.

Nire seme nagusia euskara batekin joan zen eskolara eta bertze euskara batekin itzultzen ari da. Zehazki, beste euskara batekin. Nahiko nuke hala ez balitz, baina tira, euskaraz egiten duen bitartean, ongi.

Astelehenetik ortziralera zazpi ordu baino gehiago egiten ditu semeak eskolan. Beraz, euskara mota bat egin dezan nik egiten ditudan ahaleginek aurkari azkarra dute eskolan. Ez dut etsiko, baina badakit gatazka bat edo bertze galduko dudala.

Erran nahi baita eskola hagitz garrantzitsua da gure seme-alaben hizkuntza joeretan. Horregatik, historikoki, eskola izan da arma nagusia hizkuntza gutxituak are gehiago gutxiagotzeko.

Badira bertze baliabide batzuk, noski, eta ez ditzagun ahantz, baina eskola oso  garantzitsua da tortillari buelta emateko lanean. Hartara, ospa dezagun ospatu behar den moduan  Hezkuntza Departamentuak atea ireki izana Nafarroako hegoaldeko bertze hamar herritan D eredua zabaltzeko.

Allo, Antzin, Castejon, Cintruenigo, Larraga, Los Arcos, Mendigorria, Azkoien, Zangoza eta Tutera. Ongi etorri, baldin eta etortzen bazarete.

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2017ko urtarrilaren 17koa] bannerra-EHI

MRTVFUNCXOZD

agudeza_visualTxikitan eta hainbat urtez, egunero-egunero, Ermitagañatik Iturramako Amaiur ikastolarako bidea oinez egiten nuen. Ikastolaren ondoan bazegoen botika bat, eta haren erakusleihoan, ikusmena zer-nolakoa dugun jakiteko letra segida horietako bat.

Letra segida horretako azken errenkada buruz ikasi nuen, lagunei txantxa egiteko: “Gai zara errepidearen bertze aldean dagoen kartel hartako hizkirik txikienak irakurtzeko? Ez? Bada, ni bai!”.

Aurrekoan, botika horren ondotik pasatu nintzen berriz, eta hauxe da burura etorri zitzaidan lehenbiziko gauza: MRTVFUNCXOZD.

Erran ohi da jakintzak ez duela gure burmuinean tokirik hartzen. Gezurra da, noski. Oroitzapen batek bertze bat edo bertze batzuk estaltzen baititu beti.

Zergatik gogoratzen ditugu gauza batzuk eta bertze batzuk ez? Ez dakit. Pentsatu nahi dut garrantziaren araberako sailkapenak egiten ditugula eta haurtzaroko poztasunera naramala MRTVFUNCXOZD horrek.

Agian ikusia duzue Antena 3 kateko Ahora caigo telebista saioko bideo bat. Bertan, Espainiako bi gazte agertzen dira, lehian; lehian-edo: 1936ko gerrari buruzko pista ezin argiagoak jaso arren gertakariaren izena emateko ezintasun erabatekoan ari dira gazteok.

Zergatik ez dute bi gazte horiek burmuinean atxiki 1936ko gerrari buruzko oinarrizko informaziorik? Batek daki. Beharbada, norbaitek, nahita edo nahi gabe, ez zuen asmatu haien oroitzapen garrantzitsuen biltegian sartzen. Pentsa horretan, irakasle.

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2017ko urtarrilaren 10ekoa] bannerra-EHI

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer