MRTVFUNCXOZD

agudeza_visualTxikitan eta hainbat urtez, egunero-egunero, Ermitagañatik Iturramako Amaiur ikastolarako bidea oinez egiten nuen. Ikastolaren ondoan bazegoen botika bat, eta haren erakusleihoan, ikusmena zer-nolakoa dugun jakiteko letra segida horietako bat.

Letra segida horretako azken errenkada buruz ikasi nuen, lagunei txantxa egiteko: “Gai zara errepidearen bertze aldean dagoen kartel hartako hizkirik txikienak irakurtzeko? Ez? Bada, ni bai!”.

Aurrekoan, botika horren ondotik pasatu nintzen berriz, eta hauxe da burura etorri zitzaidan lehenbiziko gauza: MRTVFUNCXOZD.

Erran ohi da jakintzak ez duela gure burmuinean tokirik hartzen. Gezurra da, noski. Oroitzapen batek bertze bat edo bertze batzuk estaltzen baititu beti.

Zergatik gogoratzen ditugu gauza batzuk eta bertze batzuk ez? Ez dakit. Pentsatu nahi dut garrantziaren araberako sailkapenak egiten ditugula eta haurtzaroko poztasunera naramala MRTVFUNCXOZD horrek.

Agian ikusia duzue Antena 3 kateko Ahora caigo telebista saioko bideo bat. Bertan, Espainiako bi gazte agertzen dira, lehian; lehian-edo: 1936ko gerrari buruzko pista ezin argiagoak jaso arren gertakariaren izena emateko ezintasun erabatekoan ari dira gazteok.

Zergatik ez dute bi gazte horiek burmuinean atxiki 1936ko gerrari buruzko oinarrizko informaziorik? Batek daki. Beharbada, norbaitek, nahita edo nahi gabe, ez zuen asmatu haien oroitzapen garrantzitsuen biltegian sartzen. Pentsa horretan, irakasle.

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2017ko urtarrilaren 10ekoa] bannerra-EHI

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude