Hilabetea: otsaila 2017

Alkateena

Zubietako inauterietako irudi bat, 2013koa.

Behinola, animaliek eta landareek hizketan zekiten garaian, erakunde, alderdi eta elkarteen komunikatuak fax izeneko makina baten bidez jasotzen genituen erredakzioetan.

Garai hartatik, bereziki gogoan dut faxaren paper kiribilean tinta gutxirekin izkiriaturiko bat: Ituren eta Zubietako alkateek bidali zutena. Ia hogei urteko kontu batez ari naiz, e! Bada, ordu hartan, alkateek komunikatu bat bidali zuten gogorarazteko beren herrietako pertsonaia nagusiak joaldunak zirela, eta ez zanpantzarrak. “Ostia!” batekin bukatzea bertzerik ez zitzaion falta komunikatu hari, handia baitzen tonuari zerion asperdura eta amorrua.

Antzeko tonua duen komunikatua egin dute oraintsu Ituren eta Zubietako alkateek. Oraingoan, zalaparta handia sortu duen animalia hilen erabilera gaitzetsi dute eta erran dute animalia hilak erakustea ez dela Ituren eta Zubietako inauterien parte.

Ituren eta Zubietako inauteriak ikaragarri gustatzen zaizkit, joaldunen seriotasunak eta mozorroen lotsagabekeriak sortzen duten irudi ederragatik batez ere. Anitzetan ikusi izan ditut zuzenean (kazetari eta irakasle gisa) eta gehiagotan ikusi izan ditut Youtuben (guraso gisa), eta zeraaaa… ejem… okertzeko beldurrik gabe erran dezaket animalia hilen zatiak erakustea ez dela aurtengo kontua bakarrik.

Hortxe utziko dut.

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2017ko otsailaren 28koa] bannerra-EHI

Segregazioa

Sarrigurengo eskola bitan banatzearen aldeko elkarretaratze bat.

Sarrigurengo eskola bitan banatzearen aldeko elkarretaratze bat.

Gogoratuko duzue agian. 2014ko urtarrilaren 9an Nafarroako Parlamentuak mozio bat onartu zuen ikastetxeetan eredu linguistiko ezberdinak harmonian eta elkarbizitza ederrean bizi daitezen. Mozioa, nola ez, Izquierda – Ezkerrak aurkeztu zuen eta talde parlamentario guztiek alde bozkatu zuten, EH Bildurenak izan ezik.

Mozio hura oinarri hartuta, UPNren gobernuak hainbat ebazpen ezarri zituen ikastetxeetan eredu ezberdinen arteko elkarbizitza lantzen dela ziurtatzeko. Noski, neurri horiek D eredua zuten jomugan, Nafarroako ikastetxe gehienak erdal eredu bakarrekoak baitira eta beraz ez dute zertan euskaldunekn nahasi.

Nolanahi ere, mozio hark eta UPNk gero ezarritako neurriek argi erakutsi zuten zenbait politikarik ez dakitela non bizi diren eta/edo bortz axola zaiela errealitatea nolakoa den.

Izan ere, ordutik, Sarrigurengo eskola ereduen arabera bitan banatu dute, guraso gehienek hala eskatu zutelako. Iruñeko iparraldean eginen duten institutu berria D eredu hutsezkoa izanen da, gaztelaniazko ereduak ez duelako bertze ikastetxe baten beharrik. Eta orain Hezkuntza Departamentuak -demokrazian sinesten badu, bederen- bitan banatu beharko du Buztintxuriko eskola, hango guraso gehienek erabaki baitute eskola hizkuntza ereduen arabera banatzea, antolakuntzarako, elkarbizitzarako eta hizkuntzen garapenerako onena delako.

Horixe ba. Beharrik gizartea ez den gure zenbait politikari bezain ergela.

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2017ko otsailaren 21ekoa] bannerra-EHI

Hizkuntza paisaiatxoa

abizena 1Begiak odoletan ditut atzotik. Abizena C hizkiarekin idatzi baititate berriz. Enegarren aldiz. “Hi, Asier, ohitua egon behar huke!”. Bai, izatez, banago. Ikaragarri ohikoa baita nortasun agirian K hizkiarekin idatzita izanagatik ere betiko funtzionarioa begien aitzinean duena irakurtzeko gai ez izatea. Edota ahoz galdetuta nik “Azpilikueta Krekin” erran arren idazkaria erdal grafiarekin tematzea.

Baina atzokoak pikutara bidali du halakoak jasateko nire gaitasun titanikoa.

abizena 2Seme nagusiak Iruñeko D eredu hutsezko ikastetxe ereDugarri batean ikasten du. 4 urtekoen gelan dago. Eta gutxika-gutxika ari da bere izen-abizenetako hizkiak identifikatzen eta idazten.

Gelan badute maleta bidaiari bat, astetik astera familia batetik bertzera pasatzen dena. Bertan, bizpahiru jolas daude, haurrekin batera egitekoak. Horietako batean ikaskideen argazkiak beren izen-abizenekin lotu behar dituzte.

Bada, irakasleak prestaturiko fitxetan erdal grafiaz idatzita ageri dira euskal abizen guztiak, geurea barne.

Ezustekoaren ondotik amorrua etorri zitzaidan, eta geroago duda existentziala. Nola da posible euskara hutsezko ikastetxe batean, batere balio ofizialik ez duen jolas batean, haurrek beren izen-abizenen hizkiak identifikatzea helburu duen jolas batean, euskal abizenak euskal grafiarekin ez idaztea? Ai… [hasperena].

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2017ko otsailaren 14koa] bannerra-EHI

Eskandaluzkoa

planestra_umap_pic2000. urtean, UPNren gobernuak Pedro Pegenaute izeneko bat izendatu zuen Nafarroako Gobernuko Hizkuntza Politikako zuzendari nagusi. Pegenaute zuzendaritza horren buru jarri zuten, hain zuzen ere, zuzendaritza pikutara bidal zezan. Hartara, Pegenautek bere lehenbiziko lan egunean egin zuen lehenbiziko gauza izan zen bere bulegoaren atean zegoen kartel elebiduna gaztelania hutsez paratu. Eta horrekin hasita, eta dekretuz dekretu, hilabete batzuren buruan hutsaren hurrengo bilakatu zuen euskararen presentzia nafar administrazioan.

Barkatu neure burua aipatzea, baina 2015eko ekainean, nire xalotasunean idatzi nuen aldaketaren gobernu berriari ez niola euskararen inguruko eskaera berezirik egiten “pentsatzen baitut gobernu alternatibo batek euskararen normalizaziorako neurri logikoak hartuko dituela, inork eskatu gabe”.

Nafarroa Garaiko administrazio publikoan euskararen erabilera arautzeko foru dekretuaren proiektua aurkeztu zuen atzo Gobernuak. Baina kasu!!

Ion Orzaizen informazioa, Berrian: “Foru dekretu berria onartuko balitz ere, aldaketak ez lirateke lehen egunetik aurrera ezarriko. Langileak lekualdatzen eta deialdiak egiten hasi aurretik, departamentu bakoitzaren beharrak zeintzuk diren aztertu nahi du Nafarroako Gobernuak. (…) Departamentu bakoitzak urtebeteko epea izanen du diagnostiko hori egiteko”.

Txisteak egiteko balio baldin badigu ere, denok badakigu administrazioa ez dela hain-hain motela. Halako diagnostiko bat egiteko ez da urtebete behar. Ezta hurrik eman ere. Borondatea izanez gero, hilabete baten buruan egina legoke.

Urte eta erdi joan da Nafarroan aldaketaren gobernua daukagunetik. Eta orain iragarri dute bertze urte oso bat behar dutela aztertzeko ea zein hizkuntz eskakizun egiten hasiko diren 2018an.

Eta 2019ko maiatzean UPN itzuliko zaigu oraindik eraiki gabe daukagun euskararen etxea goitik behera eraistera.

 

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer