Eskandaluzkoa

planestra_umap_pic2000. urtean, UPNren gobernuak Pedro Pegenaute izeneko bat izendatu zuen Nafarroako Gobernuko Hizkuntza Politikako zuzendari nagusi. Pegenaute zuzendaritza horren buru jarri zuten, hain zuzen ere, zuzendaritza pikutara bidal zezan. Hartara, Pegenautek bere lehenbiziko lan egunean egin zuen lehenbiziko gauza izan zen bere bulegoaren atean zegoen kartel elebiduna gaztelania hutsez paratu. Eta horrekin hasita, eta dekretuz dekretu, hilabete batzuren buruan hutsaren hurrengo bilakatu zuen euskararen presentzia nafar administrazioan.

Barkatu neure burua aipatzea, baina 2015eko ekainean, nire xalotasunean idatzi nuen aldaketaren gobernu berriari ez niola euskararen inguruko eskaera berezirik egiten “pentsatzen baitut gobernu alternatibo batek euskararen normalizaziorako neurri logikoak hartuko dituela, inork eskatu gabe”.

Nafarroa Garaiko administrazio publikoan euskararen erabilera arautzeko foru dekretuaren proiektua aurkeztu zuen atzo Gobernuak. Baina kasu!!

Ion Orzaizen informazioa, Berrian: “Foru dekretu berria onartuko balitz ere, aldaketak ez lirateke lehen egunetik aurrera ezarriko. Langileak lekualdatzen eta deialdiak egiten hasi aurretik, departamentu bakoitzaren beharrak zeintzuk diren aztertu nahi du Nafarroako Gobernuak. (…) Departamentu bakoitzak urtebeteko epea izanen du diagnostiko hori egiteko”.

Txisteak egiteko balio baldin badigu ere, denok badakigu administrazioa ez dela hain-hain motela. Halako diagnostiko bat egiteko ez da urtebete behar. Ezta hurrik eman ere. Borondatea izanez gero, hilabete baten buruan egina legoke.

Urte eta erdi joan da Nafarroan aldaketaren gobernua daukagunetik. Eta orain iragarri dute bertze urte oso bat behar dutela aztertzeko ea zein hizkuntz eskakizun egiten hasiko diren 2018an.

Eta 2019ko maiatzean UPN itzuliko zaigu oraindik eraiki gabe daukagun euskararen etxea goitik behera eraistera.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude