Hilabetea: martxoa 2017

Olentzeroren ezabatzea

Aurreko batean, Maider Beloki zinegotziak, Iruñeko Haur Eskoletako Erakunde Autonomoko lehendakariak, testu polita idatzi zuen. Bertan hainbat zaplazteko dialektiko ematen zizkion UPNri Haur Eskolen kudeaketaren inguruan. Nik goitik behera sinatuko nuke artikulua; batez ere azken paragrafoa. Horretan, bertzeak bertze, Belokik erraten du zerbitzu honek berebiziko garrantzia duela “hurrengo belaunaldien garapen kulturalean eta edukazionalean”.

Bada, negu honetan, Iruñeko Udalaren lau haur eskola euskaldunetatik hirutan Olentzero eta inauteriak ezabatu dituzte. Hiru ikastetxe horiek ez dute deus berezirik egin bi ospakizun horien inguruan.

Nik seme bat Arrotxapeko Goiz Eder eskolan dut. Zuzendariak bilera batean azaldu zigun zergatik ez zituzten bi ospakizun horiek egin. Baina egiaren aitortzeko, bileran izan ginen gurasook ez genuen gauza handirik ulertu. Gaurko, bertze bilera batera deitu gaituzte, eta pentsatzen dut argudio pedagogikoak erabiliko dituztela haien jokabidea esplikatzeko.

Niri akatsa iruditzen zait hartu duten erabakia. Ez baitituzte bi ospakizun horiek haien metodologiara eraldatu, ez; erabat ezabatu dituzte.

Nola erreakzionatuko genukeen UPNk Iruñeko haur eskola euskaldunetatik Olentzero ezabatu izan balu? Pixka bat haserretuko ginateke, ezta? Bada, halaxe nago ni. Eta une honetan, Iruñeko haur eskola euskaldunek gu guztion babesa behar duten honetan, akats estrategikoa iruditzen zait halako zerbaitengatik zenbait guraso euskaldun haserraraztea.

Garapen kulturala. Garapen kulturala. Zer arraio izanen da hori?

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2017ko martxoaren 28koa] bannerra-EHI

Ai, Simon

Ez dakit, e, zuek erranen didazue egia den ala ez, baina nik Marisa de Simon parlamentariarengan pertsonifikatu dut Nafarroako Ezker Batuak euskararen zabalkundearen aldeko lana trabatzeko duen jarrera. Konparazio batera, iruditzen zait oso modu pertsonalean oldartu zela Lehen Hezkuntzako oposizioetako euskarazko plazen kontra, erregimen zaharreko CCOO sindikatuko kide eta maistra erdaldun ele bakarra delako.

Alde horretatik, nahiago izanen nuen Ezker Batuko lema Edurne Egino Iruñeko zinegotzi euskalduna bezalako batek hartu izan balu, eta ez Marisa de Simonek. Baina nor naiz ni halako zerbait eskatzeko?

Ederki kostata, baina ulertu dut Nafarroa Garaira aldaketa instituzionala ekarri zuen akordioa oso esparru politiko ezberdinen arteko akordioa izan zela. Alde horretatik, eta ikusita zer nolako ezberdintasunak dauden aldaketako lau zutabeen artean, ikaragarria iruditzen zait 2015ean lortu zena.

Nahi nuke, noski, nitarrek pastelaren zati zabalagoa hartzea. Baina pastela halakoxea da eta geruza txiki bat Espainiako ezker klasikoari dagokio. Beraz, ulertzen dut Marisa de Simon bezalakoekin elkar ulertzen segitu behar dugula. Gure lana da gure iritzi, posizio eta planteamenduetara erakartzea. Ez da lan makala. Baina, aizue, hori nahiago UPNren kontra etengabe borrokatzen ezer ere ez lortzea baino.

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2017ko martxoaren 21ekoa] bannerra-EHI

Ekialdea

Noiz edo noiz tokatzen da gipuzkoar edo bizkaitar euskaldun maitagarriren bat zirikatzea bere burua nafartzat aurkezten duelako. Halakoetan saiatzen naiz umorea erabiltzen, eta saiatzen naiz ikusarazten nafarra izatea ez dela inolako mauka; zehatzago erranda, nafar euskalduna izatea ez dela pagotxa.

Konparazio batera, atzo berean Nafarroako Parlamentuak adierazi behar izan zuen Antzingo alkatea babesten duela zer eta bertako udalak eskatu duelako herria eremu linguistiko mistoan sartzea eta, beraz, hizkuntza eskubide gutxi-gutxi batzuk errespetatzea.

Eta hauxe da gure eguneroko bazka. Nafarroa Garaian etengabe ibili behar izaten baitugu nafar euskaldunok gure nafartasun eta euskalduntasun bateragarriak azpimarratzen. Autogorroto ariketa ikagararrian, anitz eta anitz baitira euskara eta euskaldunak maite ez dituzten nafarrak.

Horregatik, zeuen burua nafartzat jotzen duzuen bizkaitar eta gipuzkoarrok, erran behar dizuet asko maite zaituztedala eta asko maite zaituztedalako ez dizuedala halako gaitzik opa.

Kontrako bidean, EAEzentrismoak jota zaudetenoi, eta euskaraz mintzatzerakoan edo idazterakoan Nafarroa, Lapurdi eta Zuberoa Euskal Herritik kanpo uzten dituzuenoi, edo “gu euskaldunok” bezalako esamoldeetan Ekialdekoak kanpoan uzten gaituzuenoi, bada, zuoi, inolako garraztasunik gabe, gripe txiki bat opa dizuet. Ez oso handia, e, baina ohatzean pare bat egunez jarriko zaituztena.

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2017ko martxoaren 14koa] bannerra-EHI

Agenda

Ez dakit nori irakurri diodan UPNk eta lagunek hauspotzen dituzten polemiken mailak frogatzen duela aldaketaren gobernuak kudeaketan ongi ari direla. Alegia, kudeaketaren kontra deus txarrik errateko ez dutenez, txorakeriekin entretenitzen direla eta entretenitzen gaituztela.

Ez dakit bada, ez dakit bada.

Egun bikoitietan baikorra izatea ongi dago, baina egun bakoitietan errealitate gordinari so egin beharko diogu, ez?

Eta errealitatea da, ene uste harroxkoan betiere, ez dugula modurik aurkitzen beraiek markatzen diguten agendatik ateratzeko. Haiek aukeratzen dutela musika eta guk ez diogula dantzatzeko tentazioari segundo bakar batean ere eusten.

Eta orain, manifestu hau behar bezala biribiltzeko, aipatu beharko nuke zein den inposaturiko agenda horretatik airoso ateratzeko modua. Bada, ez dut ideirik ere! Sentitzen dut.

Martxoak 7 ditu gaur. Aupa Abel!

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2017ko martxoaren 7koa] bannerra-EHI

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer