Hilabetea: apirila 2017

‘Desarme ideologikoa’

Anitzetan, Venezuelako bandera astintzen du Partidu Popularrak Espainiaren luze zabalean dituen ustelkeria kasuak estaltzeko. ETAren komodina ere erabiltzen du maiz, nahiz eta komodin horrek aspaldi eman zituen eman beharreko etekinak.

Nafarroan, UPNk eta PPk Uxue Barkos lehendakariari galdetu diote ea zergatik  elkartu zen Euskal Herriko bertze bi lehendakariekin eta armagabetze batzordearekin ETAren “antzezlanari” babesa emanez.

Lehendakariaren alderdiaren izenean, Gero Bairen izenean alegia, Koldo Martinezek erantzun dio galdera horri. Nafarroako Gobernuak armagabetzean eginiko urratsak goraipatu ditu Martinezek eta gaineratu du armagabetze hori “beharrezkoa” eta “premiazkoa” zela, baina etortzeko dagoen “desarme ideologikoa” are inportanteagoa dela.

Bai, jaun-andreok, duela pare bat aste Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne ministroak erabili zuen esamolde berbera erabili zuen Martinezek atzo. Eta haratago joanez, garrantziaren araberako sailkapen bat egin zuen Martinezek, eta desarme ideologikoa benetako armak entregatzearen aitzinetik paratu zuen.

Geroa Baiko bozeramailearen hitzak euskaraz eta gaztelaniaz entzun nituen. Beraz, pentsatzen dut ez zirela bat-batean bururatu zitzaizkion adierazpenak izan. Hala ere, gustura irakurriko nuke Geroa Bai alderdi abertzaleak ETAren “desarme ideologiko” horretaz duen iritzia. Zuek ez?


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2017ko apirilaren 25ekoa] bannerra-EHI

Itxurak

Joaquin Zulategi izeneko abokatu batek hautagaitza aurkeztuko omen du Osasunan eginen dituzten hurrengo hauteskundeetan. Horixe lerroburua. Eta lerroburuarekin batera, Zulategiren argazki bat, Osasuna are gehiago zulatuko duela iradokitzen duena.

Ados, ados. Ez genioke jendearen irudiari erreparatu behar izanen, erabat injustua baita pertsonak itxuraren arabera epaitzea. Baina zer nahi duzue erratea?, Jesus Gilek Al Caponeren antza bazuen, eta esentzian, Al Capone zen.

ABC egunkari espainiarrarena da argazkia, Sevillako bere edizioan argitaratua. Horrek ematen digu irudiaren testuinguruaren berri, Zulategik Betis futbol taldearen zuzendaritzan sartu-atera azkar bezain polemikoa egin baitzuen.

Zulategiren gibelean zezen baten margolana ageri da. Eta zezenaren aitzinean, spanish vividor bat, Zulategi abizenekoa, adarrek sekula harrapatuko ez dutela pentsatzen duena. Ez dakit zuek, baina nik halako itxurarekin lotzen dut diru xahutze eutsiezina dela-eta ukitzen dituen toki guztiak zuloz betetzen dituen enpresaburuaren prototipoa: eskuindarren kopeta-ilea, amerikana zuria, gorbata beltza eta arrosa gorria paparrean. Eta irribarretsu, oso irribarretsu.

Badakit, badakit, ez genuke hain azalekoak izan behar. Baina nago mamira joko bagenu, are beldurgarriagoa litzatekeela kontua.

Zulategi. Ene.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2017ko apirilaren 4koa] bannerra-EHI

Etiketa itsusia

Erosten ditudan gauzen etiketak eta osagaien zerrendak ikusteko mania dut. Tira, mania baino jarrera ideologikoa da, baina ulertzen dut inork maniatzat hartzea.

Gure kontsumo taldean hurbileko ekoizle txikien elikagai ekologikoak erosten ditugu (eta bidezko merkataritzakoak ere bai, noski). Baina hortik kanpo, erran nahi baita kontsumo taldetik kanpo erosten ditudan gauzei dagokienez, batez ere produktuaren jatorriari eta euskararen erabilerari erreparatzen diet.

Iruditzen zait arrunt garrantzitsua dela gure bizilekutik ahalik eta gertuen ekoitzi dituzten produktuak kontsumitzea. Ez dakit gauza hauek oraindik azaldu behar diren. Baina, aizue, gertuko produktuak kontsumituta batetik klima aldaketari pixka-pixka bat egiten diogu aurre eta, bertzetik, gure ingurukoen ekonomia are gehiago ez pobretzea laguntzen dugu.

Alde horretatik, atsekabea hartu nuen aurrekoan aurtengo Korrikaren petoak Txinan ekoitzi dituztela ikusi nuelarik. Ez dakit konturatu zareten; aurtengoak ez dira aurreko aldietakoak bezalakoak; aurtengoak kalitate handiagokoak dira. Baina, ai… Txinan eginak.

Korrika izanen da, ziurrenik, euskararen eta Euskal Herriaren aldeko ekitaldirik politena, atxikimendurik handiena jasotzen duena, euskaldunei indarrik handiena ematen diena. Eta horregatik, kosta egiten zait Korrikarekin gauza txarrak lotzea. Baina AEK-ko arduradun maiteok, petoak Txinan egitea itsusia izan da. Eta kalterako ere izan daiteke, petoak erosi behar dituztenen ekonomia pobretzen laguntzen ari baitzarete horrela.

Hurrengorako kontuan izan, mesedez.

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2017ko apirilaren 4koa] bannerra-EHI

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer