‘Desarme ideologikoa’

Anitzetan, Venezuelako bandera astintzen du Partidu Popularrak Espainiaren luze zabalean dituen ustelkeria kasuak estaltzeko. ETAren komodina ere erabiltzen du maiz, nahiz eta komodin horrek aspaldi eman zituen eman beharreko etekinak.

Nafarroan, UPNk eta PPk Uxue Barkos lehendakariari galdetu diote ea zergatik  elkartu zen Euskal Herriko bertze bi lehendakariekin eta armagabetze batzordearekin ETAren “antzezlanari” babesa emanez.

Lehendakariaren alderdiaren izenean, Gero Bairen izenean alegia, Koldo Martinezek erantzun dio galdera horri. Nafarroako Gobernuak armagabetzean eginiko urratsak goraipatu ditu Martinezek eta gaineratu du armagabetze hori “beharrezkoa” eta “premiazkoa” zela, baina etortzeko dagoen “desarme ideologikoa” are inportanteagoa dela.

Bai, jaun-andreok, duela pare bat aste Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne ministroak erabili zuen esamolde berbera erabili zuen Martinezek atzo. Eta haratago joanez, garrantziaren araberako sailkapen bat egin zuen Martinezek, eta desarme ideologikoa benetako armak entregatzearen aitzinetik paratu zuen.

Geroa Baiko bozeramailearen hitzak euskaraz eta gaztelaniaz entzun nituen. Beraz, pentsatzen dut ez zirela bat-batean bururatu zitzaizkion adierazpenak izan. Hala ere, gustura irakurriko nuke Geroa Bai alderdi abertzaleak ETAren “desarme ideologiko” horretaz duen iritzia. Zuek ez?


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2017ko apirilaren 25ekoa] bannerra-EHI

One thought on “‘Desarme ideologikoa’

  1. Xaun

    Hara, urtetan -hamarkadetan, egia esan- matraka ederra eman digute alderdi batzuek, esanez ezker abertzalearen eta oro har independentismoaren ideiak “armarik gabe defendatu” zitezkeela behin eta berriro errepikatuta. Armak alde batera, isilik, utziz gero, “edozein ideia” defendatu eta eztabaidatu ahal izango zela agintzen zuten.

    Orain, ordea, (gatazka politiko-militarraren alde baten) armak isilik eta entregatuta daudela, “desarme ideologikoa” beharrezkotzat jotzen dute batzuek (soilik haien ideien desarmea, jakina). Horrez gain, beste batzuek -beren aurreko genetiko/politikoek gauzatutako genozidioa eta errepresioa ez gaitzesteaz gain zapaltzaileak goresten eta omentzen dituzten ber-berak- horri gutxi iritzita, ideia horiei uko egitea exijitzearekin bat publikoki damutzea, barkamena eskatzea eta etsaitzat (izan) dituzten polizia indarrekin kolaboratzea exijitu egiten diete. Horri guziari ‘errelato historikoa’ delakoa monolitikoa eta aldebakarrekoa izan dadin egiten ari diren eginahalak erantsi behar zaizkio.

    Zer exijituko diete hurrena batzuek eta besteek? Galtzak jaistea? Otzan-otzan jokatzea? 180º-ko itzulia eginda -zenbaitzuek 1980ko hamarkadan egin zutenaren antzera- lehenagoko etsai nahiz aurkariaren lerroetan sartu eta konbertsoak nola kide eta ideia ohien kontra gogor eta publikoki jokatzea? Zubitik -eskutik oratuta eta agerraldi publikoan- salto egitea?