Hilabetea: maiatza 2017

30 urteko b(p)orrok(t)a

Ekainaren 4an, igandearekin, Bardeako tiro eremuaren aurkako ibilaldia eginen dute. Enegarrenez. Zehatzago, hogeita hamargarrenez. Aski ongi zenbatuak baitituzte eginiko ibilaldi guztiak.

Aurtengo aldiaren aurkezpenean, antolatzaileek erran dute “atsedenik gabeko borroka” izan dela azken 30 urte hauetakoa eta “inoiz baino arrazoi gehiago” dagoela borrokan segitzeko. Ez dakit, bada, azken horrekin ados ote nagoen; nik erranen nuke duela 30 urte ibilaldi hau egiteko zeuden arrazoi berberak daudela oraindik ere mahai gainean. Eta horrek erakusten du tiro eremuaren aurkako borrokak 30 urteko porrota duela sorbalda gainean. Porrot erabatekoa. Hori ezin da ezkutatu.

Ibilaldiaren antolatzaileek Nafarroako Gobernuari eta gobernua sostengatzen duten alderdiei eskatu diete zer edo zer gehiago egiteko. “Adierazpenak ongi daude, baina ez dira nahikoa”, erran dute. Eta erabat ados horretan. Baina ibilaldiaren antolatzaileek lan pixka bat gehiago egin beharko dute tiro eremua eraistearen aldeko alderdi politikoekin. Izan ere, 28. ibilalditik, EH Bildu osatzen duten alderdiek ez dute ibilaldi hau babesten. LAB sindikatuak lehenago utzi zion babesteari.

Ez dut ideiarik ere nork duen errua sektarismoaren txapelketa dirudien honetan. Baina ez badugu lortzen tiro eremuaren aurkako indar guztiak tiro eremuaren aurkako ekitaldi nagusia omen den honetara biltzea ere, jai dugu. Bertze 30 urtez, jai.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2017ko maiatzaren 30koa] bannerra-EHI

 

 

Krispeta ikuskizunak

Igande gauean, akziozko film entretenigarri bat gozatu ordez, emaztea eta biok PSOEren barne hauteskundeen emaitzei buruzko saioa ikusten jarri ginen. Eta bai, gozatu genuen, gozatu genuenez.

Azken bi urteetan, PSOEkoek lehen mailako telenobela apailatu baitigute. Eta igandekoa mundiala izan zen. Irudi eta une gogoangarriak utzi zizkigun gauak: hiru hautagaien arteko argazki ia klandestinoa; Susana Diaz galtzailea, galtzaile txarraren aje guztiak bata bertzearen atzetik betetzen; Pedro Sanchez irabazlea bere jarraitzaileekin Internazionala kantatzen; eta abar. Hiru krispeta platerkada jateko parada eman zigun espektakuluak.

Alderdi politikoek erran ohi dute halako barne gatazkek alderdia bera azkartzen dutela eta gatazka fratrizidak izanagatik ere alderdia ongi josteko balio izaten dutela.

Ez dakit, bada. Susana Diazen aurpegiak ez zuen hori islatzen. Laura Perezen aurpegiak ere islatzen ez zuen modu berean. Orain artean Nafarroako Podemos alderdiko idazkari nagusia izan denak 28 boto ziztrinengatik galdu du idazkaritza, eta atzoko prentsaurrekoan erakutsi zuen aurpegia ez zen izan alderdi kohesionatuago bat lortu dutelako izan beharko zukeen poztasunarena.

Eusko Alkartasuna ere halako barne prozesu demokratiko batean murgildurik dago. Eta inork uste du emaitza edozein dela ere alderdia indartsuago aterako dela?

Bakoitzak bere etxean nahi duena egin dezala. Baina, agian, beharbada, alderdiek ongi pentsatu beharko lukete zertan ari diren. Hori, edo bertzenaz bana ditzatela krispeta gehiago.

 


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2017ko maiatzaren 23koa] bannerra-EHI

Bizkaia maite

… atzo goizean ikusi zintudan… Erlaxatuegia ikusi zintudan. Lasaikerian eroso. Horixe uste du, bederen, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak. Eta pentsatu ez ezik, erran ere egin zuen atzo. Rementeriaren aburuz, bizkaitarrek ez dituzte hondakinak behar bezala bereizten, erlaxatu egin baitira.

Rementeria maite … atzo goizean ikusi zintudan… Irrigarri gelditzen ikusi zintudan. Kalean zure aginduz lurrera botatako plastikozko ontzi garbi eta berri piloa biltzen eta edukiontzi horietan sartzen eta, bide batez, Bizkaiko birziklatze tasa desegokiaren errua bizkaitarrei egozten.

Bizkaian 2005etik badute errauste planta bat, Gipuzkoakoak bezalaxe, izenetik beretik herritarrez trufa egiten duena: Zabalgarbi. Zabaltzen duena ez baita garbitasuna. Eta errauste planta ireki zutenetik, harrigarriki, Bizkaiko birziklatze tasak ez du hobera egin. Lehen, Diputazioak erraten zuen tasa %60ren bueltan zegoela. Ekologistak Martxan elkarteak zuzendu behar izan zion datua, eta Rementeriak atzo onartu zuen baietz, %40ren inguruan dabiltzala.

Eta, agian, Rementeriak arrazoi du. Ziurrenik, bizkaitarren ehuneko handi batek du honen guztiaren errua.

Eta Nafarroan, herritarren ehuneko handi batek du gure lurraldean errauste plantarik ez egitearen errua. Zorioneko errudunak gu.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2017ko maiatzaren 16koa] bannerra-EHI

Borroka moldetxoak

Gipuzkoan, dozenaka protesta egin zituzten atzo, Zubietako errauste plantaren lanak hasi direla salatzeko. Eta protesta guztien artean, zarata handien lortu duena Ernaik eginikoa izan da. Gipuzkoako EAJren egoitzaren atean pankarta bat eskegi, pintaketa bat egin eta zabor organiko pixka bat bota zuten gazte batzuek.

Eta ekintza horren kontura, gaitzespenen eta ez gaitzespenen zirimolan sartu dira batzuk, eta sartu nahi dute Sortu eta, goraka eginez, sartu nahi dute EH Bildu. Eta, bueno, ez pentsa nik borroka moldeen auzia oso-oso garbi dudanik, e. Baina, gutxi gorabehera, badakit astakerien sailkapenean ekintza batzuk maila batean edo bertzean kokatzen.

Zera bota baitu Iñaki Irazabalbeitia Aralarko kideak: “Zubietako errausketa-planta bezain zentzugabekeria da EAJren Donostiako egoitza pintatzea eta zaborra zabaltzea zero zaborraren izenean”.

Alegia, parez pare jarri ditu bi gauzak. Gipuzkoarren ehunka milioi xahutuko dituen munstrokeria, gipuzkoarrak hamarkadetan zorpetuko duen izugarrikeria, milaka gipuzkoarren osasuna arriskuan jarriko duen injustizia, izenetik beretik ingurumenari trufa egiten dion zerrikeria, ustelkeria kasuetan nahasita dauden enpresak aberastuko dituen jauntxokeria… Hori eta hamar minutuan gastu txiki batekin garbitzerik dagoen protesta ekintza zuzen baina baketsu bat maila berean jarri ditu honek.

Gehiegitxo, ez?


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2017ko maiatzaren 9koa] bannerra-EHI

Xake partida

Geroa Bai, Eh Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra:

Lehenik eta behin, derradan Nafarroako Euskararen Legea kaka zaharra iruditzen zaidala eta uste dudala zonifikazioak kalte handia egiten diola euskararen azkartzeari.

Baina ikusita Euskararen Legea ez dutela legealdi honetan baliogabetuko; eta ikusita lege horren barnean udalerriak eremu batetik bertzera sartzeko jolasean ari direla; eta ikusita UPNk ere jolas horretan jostatu nahi duela; eta ikusita gerta daitekeela Zizurko Zendeako udalak eskatzea eremu mistotik eremu ez-euskaldunera aldatzeko, bada, zera bururatu zait UPN pixka bat estutzeko.

Beharbada zuei lehenago bururatu zaizue, e!, baina badaezpada neuk ere botako dut.

  1. Gaizki ulertu ez badut, Nafarroako Gobernua sostengatzen duzuen lau alderdiok erran duzue udalerri bat eremu batetik bertzera aldatzea onartuko duzuela baldin eta udalerri horretako udalak eskatzen badu. Beraz, koherentzia horretan, Zizurko Zendeako udalaren eskaera ere onartu beharko zenukete Parlamentuan aldeko botoa emanez.
  2. UPNren esku dagoen Zizurko Zendeako udalak eremu aldaketa eskatzen baldin badu, pentsatzekoa da Parlamentuan UPNk horren alde bozkatu beharko lukeela. Baina UPNk ez du baiezkoa emanen baldin eta eremu aldaketa guztiak pack berean badaude.
  3. Bada, lortu behar duzue UPNk udalerriak eremu mistoan sartzearen aldeko botoa ematea.
  4. Horretarako, Parlamentuko bozketan, Euskararen Legean eginen dituzuen aldaketak atalka bozkatu behar dituzue. Hau oso inportantea da!
  5. UPNri argi utzi behar diozue bere parlamentari guztiek aldeko botoa ematen ez badiote 5.1.b atalaren aldaketari, zuek ez duzuela 5.1.c atalaren aldaketa sostengatuko.
  6. Akaso, agian eta beharbada, UPNk ez du 5.1.b atalaren aldeko botoa eman nahi izanen eta, horregatik, Zizurko Zendeako udalari erranen dio txorakeriarik ez egiteko. Nork daki!

PS: Bertze aldetik, udalerriak maiatzaren 11 arte dute eremu aldaketa eskatzeko aukera. Eremu mistoko inor ez da animatuko eremu euskaldunera pasatzen? Polita litzateke.

Agendaren itzulipurdia

2015-7-20.  Javier Esparza Uxue Barkosen inbestidura saioan

Ea, kanta dezagun denok:

Oe, oe, oe, oeeeeeeeeeee…! Oe! Oe!

Izan ere, Nafarroako erakundeetan aldaketa politikoa gertatu zenetik, bi urte hauetan lehenbizikoz, oposizioaren agenda politikoari buelta ematea lortu da.

Oraindik despistaturik dabiltzanei gogoraraziko diegu une honetan, Nafarroa Garaian, UPNk, PSNk eta PPk osatzen dutela oposizioa; eta, hala ere, beraiek markatu izan dutela eztabaida politikoaren agenda.

Azken egunetan izan ezik.

Ultzamako biometanizazio plantan eginiko txandrioak eta, batez ere, UAGN sindikatu erregionalistak formakuntza ikastaro faltsuekin eginiko iruzurrak ustelkeriaren zirimolan sartu dute UPN. Ikusiko dugu zer ematen duten bi kasu horiek. Baina, bederen, gauza bat lortu da: Javier Esparza UPNko burua bere burua zuritzen ibili behar izatea.

Agenda politikoaren txiribuelta hau gehiagotan lortzeko bi gauza behar dira: Kontuen Ganbera bezalako erakunde publiko gardenak eta ustelkeria kasuak ikertu eta haizatuko dituzten soldatapeko kazetari eta hedabide askeak.

Bada, zoazte egunkaria erostera, mesedez.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2017ko maiatzaren 2koa] bannerra-EHI

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer