Hilabetea: ekaina 2017

Aldaketa berderik ez

Laster bi urte beteko dira aldaketaren indar politikoek, nolabait, Nafarroako Gobernuaren gidaritza hartu zutenetik. Eta euskaltzale amorratuok behin eta berriz kexatu gara euskararen azkartzeko guk nahi adina urrats egin ez dituelako Uxue Barkoxen exekutiboak.

Bada, ordea, bertze gizarte mugimendu bat aldaketaren erritmoekin amorratuago dagoena: mugimendu ekologista. Indar txikia du Nafarroan. Ez da Cordovillako edo Uharteko egunkarietan lerroburuak lor ditzakeen lobby bat. Eta agian horregatik ez du Gobernuan eragiteko aukerarik izan. Eta haserre dago, noski.

Aldaketaren lau indar politikoen arteko akordio programatikoan ingurumenarekin loturiko hainbat konpromiso agertzen dira. Eta hainbat plan eta estrategia sektorial abiatu ditu Gobernuak horiei begira. Baina ingurumenarekin loturiko lege bakar bat ere ez du prestatu. Eta ez dirudi eginen duenik.

Ziurrenik krisi ekonomikoa dela-eta, berotegi efektuko gasen igorpena beheranzko joeran zegoen Nafarroan Garaian 2010. urtetik. Bortz urte geroago, ordea, handitzen hasi zen berriz. Eta horri aurre egin beharrean, Nafarroako Gobernuak, EAJko buru ohi Manu Aierdiren eskutik, desarrollismoaren eta gas igorpen gehiagoren aldeko apostua egin du abiadura handiko trenaren proiektua berriz ere martxan jarriz.

Desarrollismoaren bide horretan, Geroa Baik oposizioko alderdiak ditu lagun, eta ipurdi masailekin ari zaizkio txalo egiten.

Mugimendu ekologista ez da lobby bat, eta ez du horretarako indarrik. Baina abiadura handiko trena, Nafarroan inoiz egin den gastu eta triskantza handienak dakartzana, berriz martxan jartzea ez ote da Nafarroako Gobernua pikutara bidaltzeko nahikoa arrazoi?


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2017ko ekainaren 13koa] bannerra-EHI

Opor aurreratuak

Seme-alabak institutura joateko adinean dituzuenok konturatuko zineten aurten zer edo zer arraroa gertatu dela. Zuetako askok haurrak etxean izanen dituzue dagoeneko, egonean, alferkeriatan, kopetan “opor mode ON” marraztua dutela. Ikasturte honetan, ikasle anitzen oporrak nahikotxo aitzinatu baitira.

Nafarroa Garaiko Hezkuntza Departamentuak iraileko azterketak kendu eta ekainera pasatu ditu. Eta horrekin hankaz gora jarri du aurtengo ikasturte bukaera.

Egiaren aitortzeko, nik ez dut garbi iraileko azterketak ekainera pasatzea pedagogikoki ona den ala ez. Ideiarik ez. Pentsatzen dut zenbait ikasgaitan 5etik hurbil daudenendako gauza ona izanen dela; baina uda benetan aprobetxatzen zuten txapeldunendako txarra izanen dela.

Hori bai, dena gainditzeko ohitura makurra duten ikasleendako pagotxa izanen da hau. Izaten ari da. Hezkuntza Departamentuak institutuei erran digu ikasle guzti-guztiek eskolara joan behar dutela ekainaren 16 arte, eta irakasleek guztiendako eskolak prestatu behar dituztela. Erraten erraza, egiten ez hainbertze.

Nola lotu eskolara maiatzaren 26tik edo lehenagotik dena gainditua duela dakien institutukumea? Niri oso gauza zaila iruditzen zait. Horregatik, ongi legoke hurrengo ikasturterako Hezkuntza Departamentuak zerbait planifikatzea eta institutuei eta gurasoei jarraibide zehatz-zehatzak ematea. Bertzenaz, 12 urtetik aurerragoko ikasleek oporrak ekainaren hasieran hasten dituztela onartzen hasi beharko dugu. Eta piszinak lehenago bete, noski.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2017ko ekainaren 6koa] bannerra-EHI

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer