Hilabetea: urria 2017

Heriotz (ia) ikusezinak

Oinezkoen harrapaketa mortalak dira autoaren nagusikeriaren menpe dagoen Iruñeko mugikortasun tamalgarriaren ondorio lazgarrienak. Badira urteak nik, bertze batzuekin batera, kontu honekiko kezka barneratu nuela, eta hildako oinezkoen kasuen segimendua egiten dudala, nahiz eta kontua makabro samarra izan.

Duela gutxi arte, eskandalizatuta geunden batzuk azken legealdian Iruñean hildako zortzi oinezko zenbatzen genituelako. Baina okerrena da gehiago direla.

Orain bi aste, egunkari batean harrapaketa baten epaiketari buruzko artikulua irakurrita, jakin genuen 2016ko harrapaketa horretako biktima ez zela berehala hil; baina hil, hil egin zela (ia bi hilabete geroago, ospitalean); eta beraz bederatzigarrena zela gure zerrendan. Haren izena ere ez dakigu, artikuluan ez baitzuten aipatzen.

Gaurko egunkarietan agertu den hamargarren biktimaren izena badakigu: Maria Exposito Diaz. 64 urtekoa. Txantrean, foruzain batek gidatzen zuen auto batek hila.

Hortaz, hamar oinezko hilik Iruñean aldaketaren gobernua daukagunetik. Aldaketaren gobernuaren errua da? Agian ez. Baina hamar hildako horiek oihukatzen digute Iruñeko Udalak ahalegin guztiak egin behar dituela, batetik, autoen abiadura moteltzeko eta, bertzetik, autoari ahalik eta tokirik handiena kentzeko.

Eta, batez ere, hamar hildako horiek oihuka ari dira mugikortasuna giza eskubideen arabera antola dezagun. Eta gogora dezagun bizitzea, bai, badela giza eskubide bat. Baina autoarekin hirian ahalik eta azkarren mugitzea, edozein tokitan aparkatzea, edota sudur puntan jartzen zaigun edozein pirula egitea ez dira giza eskubideak. Areago, giza eskubideen aurkako jokabideak dira anitzetan. Kontuan izan.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2017ko urriaren 31koa] bannerra-EHI

Botoak

Katalunia, Katalunia, Katalunia. Zeinen interesgarria den Katalunian gertatzen ari den guztia, aizue. Zenbat krispeta jan ditugun minutuz minutu aldatzen ari den egoera interesgarri horri begira.

Eta halako erakarpen indarra du Kataluniak, Nafarroan bizi garela ahanzten baitzaigu maiz. Neuri, bederen, gertatzen zait. Zorionez, Ana Beltran bezalako pertsonaiak existitzen dira, Katalunia eta Nafarroa modu maltzurrean lotzeko gaitasun paregabea dutenak.

Aurrekoan elkarrizketa txiki bat egin zidaten Hamaika telebistakoek, dagoeneko zaharrunoa dirudien Iruñeko haur eskolen aferaz. Gure familia euskaldunak jasandako bazterkeria kontatu nuen berriz ere, eta galdetu zidatelarik zer egin behar den lehengo egoera baztertzailera ez itzultzeko, niri berehala atera zitzaidan lortu behar dugula UPNk botere instituzionala ez hartzea.

Gero pentsatu nuen agian hobe zela nire haur politen inguruko kontakizun hura UPNren izenarekin ez zikintzea. Baina, zer arraio! Ezin dugu albo batera utzi gorroto gaituzten horiek erakundeak berriz hartzen badituzte gure bizitza zaildu baino ez dutela eginen.

Lo samar dugun kaleko mugimendua aktibatu behar da, bai, baina Javier Esparza, Maria Txibite, Ana Beltran eta halakoak gaiztakeriak egiteko gaitasun handirik gabe utzi nahi baditugu, nahitaezkoa dugu lubakiaren bertze aldean dauden alderdiak botoz jostea.

2019ko maiatza ez baitago hain urruti.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2017ko urriaren 24koa] bannerra-EHI

Zerbitzu publikoa

Faxismoa kuarteletatik atera eta karrikak hartzen hasi den honetan, agian Kataluniaren independentzia aldarrikatuko duten honetan, eta agian Espainiak Kataluniako erakundeak zanpatuko dituen honetan, utzidazue horrekin guztiarekin zerikusirik ez duen kontu pertsonal txiki-txiki bat aipatzen.

Duela pare bat aste osasun etxera joan nintzen, bi hanketan azkura handia nuelako. Egun oso bat neraman azkura harekin eta jada ez nekien zer egin. Eta osasun etxera joan nintzen, ukendu magiko baten bila.

Hanketako azkura martzianoa ez zen deus, noski, baina medikuak arretaz entzun zituen nire azalpenak eta bertze hainbat sintomaren inguruan galdetu zidan. Sabela aipatuta, nik erran nion baietz, halako molestia bat nuela bezperatik tripan. Berak sabela behar bezala ukitu, nik oihua bota, eta ospitalera bidali ninduen, apendizitisa nuelakoan. Eta handik ordu gutxira ebakuntza egin zidaten, apendizea kentzeko.

Gure seme-alaba ongi bideratzen duen irakasleari; tramite burokratiko ulergaitz bat egiten laguntzen digun administrariari; talka egindako autotik ateratzen gaituen su-hiltzaileari; Nafarroa OInezerako zirkulazioa antolatzen duen poliziari… Horiei guztiei esker ona helarazi behar zaien gisa berean, neuk ere helarazi nahi diot Ermitagañako osasun etxeko larrialdietako mediku gazteari. Mila esker eskaintzen duzun zerbitzu publikoa profesionaltasunez emateagatik. Mila esker.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2017ko urriaren 10ekoa] bannerra-EHI

 

Kosifikazioa

Espainiako poliziek Katalunian banatu zuten egurraren zenbat bideo ez ote ditugun ikusi azken bi egunetan. Gaur, oraindik ere, ikusi gabeko irudiak zabaltzen ari dira.

Bideo horietako batean ikusi dut nola polizia talde bat lurrean botata dagoen edadetu baten ondotik pasatzen den eta nola azken polizia kideak ostiko bat ematen dion. Kasu honetan, ez da min fisiko handia ematen duten ostiko horietako bat. Ez. Pertsonaren duintasuna urratzen duten ostiko horietako bat, baizik; “Hil hadi, agure ziztrina!” oihukatzen duten horietakoa.

Eusko Jaurlaritzak Euskadi sariarekin sarituko duen Fernando Aranburu idazleak aurrekoan adierazi zuen Katalunian “huts egindako gizakiak” fabrikatzen ari direla. Sare sozialetan milaka espainiar egiten ari direna baino ez zuen egin espainiar nazionalismoaren azken guru arrakastatsuak: etsai ideologikoa kosifikatu zuen, gauza bihurtu zuen.

Eta behin etsaia gauza bilakatuta, mespretxuz trata dezakezu, zaborrera bota, burua borrarekin ireki. Berdin dio. Gauza bat bertzerik ez baita.

Eta zein zaila den guk gauza bera ez egitea! Zein zaila den polizia kaskoen azpian pertsonarik ez dagoela ez pentsatzea. Baina ez dezagun egin. Ikas dezagun anai-arreba kataluniarrengandik.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2017ko urriaren 3koa] bannerra-EHI

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer