Heriotz (ia) ikusezinak

Oinezkoen harrapaketa mortalak dira autoaren nagusikeriaren menpe dagoen Iruñeko mugikortasun tamalgarriaren ondorio lazgarrienak. Badira urteak nik, bertze batzuekin batera, kontu honekiko kezka barneratu nuela, eta hildako oinezkoen kasuen segimendua egiten dudala, nahiz eta kontua makabro samarra izan.

Duela gutxi arte, eskandalizatuta geunden batzuk azken legealdian Iruñean hildako zortzi oinezko zenbatzen genituelako. Baina okerrena da gehiago direla.

Orain bi aste, egunkari batean harrapaketa baten epaiketari buruzko artikulua irakurrita, jakin genuen 2016ko harrapaketa horretako biktima ez zela berehala hil; baina hil, hil egin zela (ia bi hilabete geroago, ospitalean); eta beraz bederatzigarrena zela gure zerrendan. Haren izena ere ez dakigu, artikuluan ez baitzuten aipatzen.

Gaurko egunkarietan agertu den hamargarren biktimaren izena badakigu: Maria Exposito Diaz. 64 urtekoa. Txantrean, foruzain batek gidatzen zuen auto batek hila.

Hortaz, hamar oinezko hilik Iruñean aldaketaren gobernua daukagunetik. Aldaketaren gobernuaren errua da? Agian ez. Baina hamar hildako horiek oihukatzen digute Iruñeko Udalak ahalegin guztiak egin behar dituela, batetik, autoen abiadura moteltzeko eta, bertzetik, autoari ahalik eta tokirik handiena kentzeko.

Eta, batez ere, hamar hildako horiek oihuka ari dira mugikortasuna giza eskubideen arabera antola dezagun. Eta gogora dezagun bizitzea, bai, badela giza eskubide bat. Baina autoarekin hirian ahalik eta azkarren mugitzea, edozein tokitan aparkatzea, edota sudur puntan jartzen zaigun edozein pirula egitea ez dira giza eskubideak. Areago, giza eskubideen aurkako jokabideak dira anitzetan. Kontuan izan.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2017ko urriaren 31koa] bannerra-EHI