Hilabetea: azaroa 2017

Pankarten mintzoa

Nafarroako pankarten sektorean, fenomeno bitxia gertatu da azken bi urteetan. Izan ere, inoiz zapaldu ez dituen pankartak zapaltzen ari da euskara orain. Hala, gogoratzekoak dira txistorraren aldeko manifestazioaren “Gurea defenda dezagun” lelo abertzale hura, edota UGTren maiatzaren leheneko “Aitzakirik ez dago” akats txiki guztiz barkagarridun eslogana.

Ematen baitu Erregimen Zaharraren aldekoek halako behar bat sentitu dutela euskara ere erabiltzeko. Eta hori poztekoa da.

Kontrako bidean, pankartetan euskara normalean eta normaltasunez erabili izan duen sektore emantzipatzailean, azkenaldian gertatu da batzuetan desagertu izan dela. Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak deitoratu izan du inoiz joera hori.

Ildo horretan, nire ustez, hagitz kezkagarria da Iruñean iragan azaroaren 24ko manifestazioan ikusi genuen pankarta. Halaxe zioen: “Comienza la purga contra la violencia machista”. Ortografia akatsik gabeko gaztelania huts-hutsean.

Pankarta horren leloa erabakitzerakoan, pankarta egiterakoan eta pankarta paseatzerakoan, inori ez zitzaion euskararen bonbilla piztu? Inori ez zitzaion deigarria egin zapalkuntza baten aurkako manifestazio horretan pankarta elebakarraren bidez bertze zapalkuntza bat bultzatzen ari zirela? Jende andana horren guztiaren artean ez zegoen inor euskaraz bizi dena eta, beraz, elebakartasun hegemoniko horrekin gaizki sentitu zena?

Errandakoa, kezkatzeko modukoa.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2017ko azaroaren 28koa] bannerra-EHI

 

Zerrenda bakarra

Zerrenda bakarra

O, zerrenda bakarra.

Oda ederra idatziko nizuke,

hain izen itsusia ez bazenu.

Eta merchandising lerro oso bat aterako nuke zure markarekin aberasteko, baldin eta saltzen hain zaila ez bazina.

Irakaskuntzako oposizioetan hautagaien zerrenda bakarra ez egotea eta, beraz, irakasle euskaldunak segregatzea, funtzio publikoan sartzeko UPNk egin duen bazterkeriarik eta zerrikeriarik handienetakoa da. Eta badirudi aldaketaren Nafarroako Gobernuak laster bukatuko duela injustizia hori. Halabiz!

Eta laster etorriko da Erregimen Zaharraren ofentsiba. Adierazpen gogorrak eta helegiteak. Eta AFAPNAren herri ekimen legegilea Parlamentuan, Comisiones Ezkerraren babesa baldin badu, gure zoriona zapuzten ahal duena.

Horregatik, orain, bazterkeriaren aurkakoei tokatzen zaigu zerrenda bakarra zer arraio den ongi-ongi azaltzea eta hortzak erakutsiz defendatzea.

Juan Kruz Lakasta etxe honetako kazetariak egin zuen txistea erabil dezakegu:

– Kaixo, badakizkit Matematikak eta gaztelania. Matematikako eskolak gaztelaniaz ematen ahal ditut?

– Bai, horixe!

– Euskaraz ere badakit.

– A, ba, orduan, ez, ez.

Edo bertzenaz mediku onaren eta mediku euskaldunaren arteko aukeraketa gaiztoari buelta ematen ahal diogu, eta azal dezakegu onena dela hautagai guztiak zerrenda bakarrean sartzea, ikusteko zein den onena, eta horren arabera irakasleak sailkatzea, eta gero ikustea euskaraz dakiten ala ez.

Nahi duzuena. Baina defendatu. Ea, denok nirekin: zerrenda bakarra ra, ra, ra, zerrenda bakarra ra ra ra… Edo halako zerbait.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2017ko azaroaren 21ekoa] bannerra-EHI

Kartzelakoa

Hauetako egunen batean, bertsolaritzatik ihes egiten dugunoi mantso-mantso eta garbi-garbi esplikatu beharko diguzue zer arraio den “kartzelakoa” hori. Eta horrela ulertuko dugu zergatik Lujanbiorena izan zen ikaragarria. Behar izanez gero, ez izan txotxongiloak erabiltzeko ahalkerik.

Modu berean, espetxealdia jasan behar izan duzuenok kartzela bat sekula zapaldu ez dugunoi mantso-mantso eta garbi-garbi azaldu beharko zenigukete zer den gure gizartearen zulo baztertzaile horietan bizitzea. Behar izanez gero, erabili txotxongiloak, arbela edo power point-a.

Nire manifestu hauek entzun edo irakurri ohi dituzuenoi, agian, diskurtso antipunitibo hau errepikakor samarra eginen zaizue. Barkatu hala bada, baina oso gaizki daramat kartzela eta udalekuak parekatzen dituen iritzi guztiz zabaldu hori.

Altsasuko kartzelatuen ama bati irakurri diot kexua, konparazioa eginez, bere semearendako 50 urteko zigorra eskatzen dutelako, eta sanferminetako bortxatzaileendako, 22 urte.

Niri iruditzen zait Altsasukoek ez luketela egun bakar bat ere eman behar izanen kartzelan. Eta injustizia alimalekoa dela dagoeneko urtebete egin izana.

Baina, era berean, iruditzen zait astakeria dela inork kartzelan 22 urte ematea. Ez dakit zein izanen litzatekeen zigorrik bidezkoena bortxatzaile horiek egin zuten basakeria ordaintzeko. Merezi dute 22 urtez zuloan egotea? Ez dakit, benetan. Baina, mesedez, ez erran 22 urteko kartzelaldia gutxi denik.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2017ko azaroaren 14koa] bannerra-EHI

Gure artean geldi dadila

Axola ez badizue, lagun artean gaudela aprobetxatuko dut, nik lan egiten dudaneko sindikatuari gertatu zaion zerbait aipatzeko.

Ez genuen afera hau hauspotu nahi, eta oraindik ere uste berean segitzen dugu, baina eskuin mediatikoak eta politikoak egiten duten indarra hain da handia azkenean azalpen batzuk ematera atera behar izan baitugu.

Foruzain batek LABeko bozeramaileari aurrekoan eman zion eskukadaz ari naiz, noski. Nafarroako Jauregiko kamerek grabatu omen zuten eskukadaz.

Ohiko ekintza izaten da sindikatu bateko ordezkari batek karrikan adierazpenak egitea. Ohikoa ez dena da horren ostean hiru polizia hurbiltzea, sindikalista identifikatzea, harropuzkeriaz tratatzea eta, beraiek sorturiko eztabaidan, polizia batek eskukada bat ematea.

Sindikatuari polizien jokabide hura bidegabea eta okerra iruditu zitzaionez, kexa agertu zuen. Administrazioak kexa bideratu zuen, eta Foruzaingoak espedientea ireki zuen poliziaren jokabidea gaizki egon zen ala ez argitzeko. Kito.

Gizarte demokratiko homologatu batean auzi honek ez luke bide luzeago egin behar.

Baina ari da egiten. Beraz, gure artean geldi dadila, e, baina iruditzen zait oposizioak ez duela benetan oposizioa egiteko gauza handirik. Eta hori albiste ona da.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2017ko azaroaren 7koa] bannerra-EHI

 

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer