Hilabetea: urtarrila 2018

Iruñea Gasteiz bezala

Iragan larunbatean batzarra egin zuen Arabako EH Bilduk bere antolakuntza egiturak berritzeko. Eta, tira, batez ere Nafarroako gaiak ukitzen dituen iritzi biltegi honetara ez nuke Arabako kontu hori ekarriko, baldin eta batzarrean Arnaldo Otegik botatako zerbaitek iruindarrok ukituko ez bagintu.

“Arabako eredua esportatzearen alde egin du Otegik, herriaren interesak alderdien interesen gainetik jartzen dituena”. Halako lerroburua zabaldu zuen koalizioak. Nahiko harrigarria iruditu zitzaidan esaldi hura eta lerroburua laguntzen zuen bideo zatia ikusi nuen: “Arabako eredua ez da udal baten kudeaketa burgesia nazionalari ematea, baizik eta herriaren interesak alderdi politikoen gainetik jartzea”. Eta hori, Otegiren ustez, “hizki handiz egiten den politika” da.

Iruñetik 90 kilometrora dago Gasteiz eta, agian, Sakanako autobian barna albisteak pixka bat desitxuratzen dira. Baina gaizki ulertu ez banuen, 2015eko udal hauteskundeen emaitzak nahiko antzekoak izan ziren Gasteizen eta Iruñean. Bietan eskuin espainolista izan zen bozkatuena. Bietan EH Bildu izan zen bigarren. Bietan EAJ (edo haren inguruko Geroa Bai) izan zen hirugarren. Bietan sozialistak, laugarren. Bietan Podemosen ingurukoak, borzgarren. Bietan Ezker Batuaren ingurukoak, seigarren. Eta bietan aukera zegoen indar ezkertiar eta abertzaleen arteko gobernu ituna egiteko.

Iruñean, EH Bilduko Joseba Asiron dugu alkate, bertze hiru indarrekin elkarlanean gobernatzen.

Gasteizen, EH Bilduk EAJk baino zinegotzi bat gehiago izan arren, alkatetza oparitu zieten jeltzaleei, batere gobernu akordiorik egin gabe. Eta orain, Lanbro bera baino zakurragoa den EAJk EH Bilduz paso egin eta PPrekin egiten ditu hitzarmenak.

Badakit gaiak ertz gehiago dituela, baina hainbertze kostatzen ote da erratea Gasteizkoa hanka-sartzea izan zela eta EH Bilduk zer edo zer esportatzekotan Iruñeko eredua esportatu behar duela?


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2018ko urtarrilaren 30ekoa] bannerra-EHI

Ezinean

Atzoko albistea izan zen Nafarroan eskela gehien argitaratzen dituen egunkariak informazio iturritzat hartu zuela bigarren aldiz Nafarroan bazkide gehien dituen irratia. Izan ere, Euskalerria Irratiak Eduardo Santos Podemoseko idazkari nagusiari eginiko elkarrizketaren oihartzuna jaso zuen Cordovillako kazetak.

“Aldaketa politiko, kultural, sozial eta komunikatiboaren froga definitiboa Nafarroa Garaian”. Halaxe definitu zuen Gaizka Aranguren kazetariak. Ez dakit hainbertzerako den, baina ez dago gaizki, ez. Izan ere, Nafarroa Garaian aldaketa instituzionala gertatu zelarik, haluzinatuta ikusi genuen nola Euskalerria Irratiko hainbat kolaboratzaile edota irrati euskaldunean maiz elkarrizketatzen zen jendea aginte postuetan sartu zen Gobernuan, Parlamentuan, udaletan, mankomunitateetan.

Aldaketa horrek lau hanka izan zituen, eta elkarrizketa horretan ikusi ahal izan genuenez, Ahal Dugu alderdiaren dagokiona maingu gelditzeko zorian dago. Elkarrizketan, Santosek behin eta berriz adierazi zuen Laura Perezen auzia ez dela ideologikoa. Kode etikoa larriki urratu zuela eta horregatik egin dutela bere aurka. Urraketa horren inguruko azalpen gehiagorik ez zuen eman, eta sinetsi beharko dugu. Edo bete-betean sinetsiko genuke, baldin eta gero erran zuena delirio hutsa izan ez balitz.

“Eta orain esaten ahal dizut alderdi osoa dagoela gure atzean. Guztia. Podemos-Ahal Dugu ez dago zatituta, batzuek dioten bezala. Alderdi osoa ari da lanean, ilusioz. (…) Hemen daukaguna da problema bat. Baina problema hori mugatuta dago, parlamentuan eta Lauraren izenarekin. Baina konponduko dugu, eta alderdiak bere bidean jarraituko du, arazorik gabe”.

Bada, gaur 11:30ean, Podemosek legebiltzarrean dituen zazpi parlamentarietatik bortzek prentsaurrekoa emanen dute Zuzendaritzaren kontra mintzatzeko. Hori ez bada alderdia zatitua egotea, nik dagoeneko ez dut deus ere ulertzen.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2018ko urtarrilaren 23koa] bannerra-EHI

Paristik Madrila

Ohiturak agintzen duenez, iragan larunbatean manifestazio jendetsua egin zen Bilbon euskal preso politikoen eskubideen alde. Eta ohiturak agintzen ez duenez, larunbatean berean jakin genuen Frantziako Gobernuak bere kartzeletan dituen gatibuak Euskal Herritik hurbilago dauden espetxeetara ekarriko dituela.

Bi albiste horien berotasunean, Sare plataformak iragarri zuen asmoa duela aurtengo urrian Madrilen, Espainiako hiriburuan, manifestazio handia egiteko, abenduan Parisen egin zenaren gisakoa.

Baina Madril ez da Paris, Espainia Frantzia ez den modu berean.

Twittterren Malcom X bezala sinatzen duenari irakurri nizkion zalantza hauek eta nik hitzez hitz partekatu nahi nizkizuen.

“Niretzat ez dira ematen baldintzak presoen aldeko manifestazio bat egiteko Madrilen. Ez ikuspuntu politikotik (nortzuk dira gure aliatuak Madrilen?), ez segurtasun aldetik, ez alde estrategikotik (neurtu duzue nazionalismo espainolaren erantzuna?). Kontuz Boomerang efektuarekin…”.

“Madril ez da Paris. Batzuentzat euskal gatazka urrutiko kontua da, besteentzat ez”.

“Baina zuk benetan uste duzu Espainiak euskal preso politikoen aldeko manifestazio erraldoi bat baimenduko duela Madril erdian? Benetan? Eta AVT, PP, C’s, PSOE, ultraeskuina eta komunikabideak geldirik egongo direla?”.

“Parisen manifestatu zintezke ez dagoelako iritzi publiko bat aurka euskal gatazkak ez zuelako eraginik izan han eta bost axola zaielako presoen gaia. Baina Madrilen ez da hori gertatzen, gehiengo zabal bat aurka izango zenuen, modu bortitzean gainera.”.

Bada, horixe, ongi neurtu urrats hori, mesedez.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2018ko urtarrilaren 16koa] bannerra-EHI

Abiadura handiko tristura

Zein da “Ongi etorri” esamoldearen kontrakoa? “Gaizki etorri”? Bada, horixe.

Jakinen baituzue gaur Mister Marshall datorkigula bisitan, Espainiako Sustapen ministro Iñigo de la Serna, alegia. Den-dena irensten duen abiadura handiko trenak Nafarroan suntsituko duen zatia zein izanen den baieztatuko digu ministroak.

Abiadura handiko trenaren aurkakoek elkarretaratzea antolatu dute De la Sernari errateko gaizki etorria dela, ez dutela Madrilen inposiziorik nahi eta trena bai, nahi dutela, baina ez halakoa, baizik eta publikoa eta soziala.

Elkarretaratzea egin aitzin idatzi ditut lerrook, baina nik uste aurreikus daitekeela lau katu egonen garela. Erran nahi baita ehun pertsona elkartuko bagina ere gutxi izanen ginatekeela abiadura handiko trena egiten ari den eta eginen duen triskantzaren tamainarako.

Gaur ezkor jaiki naiz, eta barkatu, e, baina ez dut uste inor ezustean harrapatuko dudanik erraten badut abiadura handiko trenaren aurkako borrokak ez duela sekula lortu herritar masa handirik erakartzea Nafarroan. Nik uste AHTaren aurkariak ongi borrokatu direla, kalean zein auzitegietan, kontra eginez eta alternatibak eskainiz. Baina ez da modurik izan. Jende gehien-gehienari bortz axola zaio, nahiz eta ustelkeriaren habia izan, nahiz eta ingurumenean ikaragarrizko suntsiketa eragin, nahiz eta merkantziarik ez garraiatu, nahiz eta milioi eta milioi euro irentsi, nahiz eta gutxi batzurendako trena izan, nahiz eta hiriburuak ez diren gainontzeko lurraldeak bakartu…

Ez dakit zuek, baina ni gaur triste nago, abiadura handiko tristuraz.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2018ko urtarrilaren 9koa] bannerra-EHI

 

 

 

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer