Iruñea Gasteiz bezala

Iragan larunbatean batzarra egin zuen Arabako EH Bilduk bere antolakuntza egiturak berritzeko. Eta, tira, batez ere Nafarroako gaiak ukitzen dituen iritzi biltegi honetara ez nuke Arabako kontu hori ekarriko, baldin eta batzarrean Arnaldo Otegik botatako zerbaitek iruindarrok ukituko ez bagintu.

“Arabako eredua esportatzearen alde egin du Otegik, herriaren interesak alderdien interesen gainetik jartzen dituena”. Halako lerroburua zabaldu zuen koalizioak. Nahiko harrigarria iruditu zitzaidan esaldi hura eta lerroburua laguntzen zuen bideo zatia ikusi nuen: “Arabako eredua ez da udal baten kudeaketa burgesia nazionalari ematea, baizik eta herriaren interesak alderdi politikoen gainetik jartzea”. Eta hori, Otegiren ustez, “hizki handiz egiten den politika” da.

Iruñetik 90 kilometrora dago Gasteiz eta, agian, Sakanako autobian barna albisteak pixka bat desitxuratzen dira. Baina gaizki ulertu ez banuen, 2015eko udal hauteskundeen emaitzak nahiko antzekoak izan ziren Gasteizen eta Iruñean. Bietan eskuin espainolista izan zen bozkatuena. Bietan EH Bildu izan zen bigarren. Bietan EAJ (edo haren inguruko Geroa Bai) izan zen hirugarren. Bietan sozialistak, laugarren. Bietan Podemosen ingurukoak, borzgarren. Bietan Ezker Batuaren ingurukoak, seigarren. Eta bietan aukera zegoen indar ezkertiar eta abertzaleen arteko gobernu ituna egiteko.

Iruñean, EH Bilduko Joseba Asiron dugu alkate, bertze hiru indarrekin elkarlanean gobernatzen.

Gasteizen, EH Bilduk EAJk baino zinegotzi bat gehiago izan arren, alkatetza oparitu zieten jeltzaleei, batere gobernu akordiorik egin gabe. Eta orain, Lanbro bera baino zakurragoa den EAJk EH Bilduz paso egin eta PPrekin egiten ditu hitzarmenak.

Badakit gaiak ertz gehiago dituela, baina hainbertze kostatzen ote da erratea Gasteizkoa hanka-sartzea izan zela eta EH Bilduk zer edo zer esportatzekotan Iruñeko eredua esportatu behar duela?


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2018ko urtarrilaren 30ekoa] bannerra-EHI

One thought on “Iruñea Gasteiz bezala

  1. Xaun

    Erabat ados, Asier. Eta Gasteizen eskuindarrak elkar hartuta nola dabiltzan eta EAJk hirian (ere) zer-nolako politika daraman ikusita, zergatik ez dute EH Bilduk, Podemosek eta Irabazik zentsura mozioa aurkeztu EAJko alkate Gorka Urtaranen aurka? Akaso beranduegi izango zelako eta galduko zutelako (EAJk seguruenik PPren eta PSOEren babesa jasoko zukeen), Urtaranen politika eskuindarra sendotzearen mesedetan?

    Ahoa bete ertz.