Hilabetea: otsaila 2018

Amaren erretiroa

Iruñean egindako protesta bat pentsio duinak aldarrikatuz. J.MANTEROLA / ARP

Bihar, gure amak erretiroa hartuko du, 69 urterekin. Badakit denok daukagula ama bat, baina niri gaur garrantzitsua iruditzen zait nirearena azpimarratzea, zuen baimenarekin betiere.

Bertze garai batzuk ziren, bai, baina niri ikaragarria iruditzen zait gogoratzea nola 14 urterekin ni institutuan sartu berritan nengoen, nerabe arrunt baten kezka eta ezaxola guztiekin, eta nola adin horretan ama lanean hasi zen, Unzue gozotegian.

Bi urteren buruan aglomeratu fabrika batera pasatu zen, eta bi urte geroago, Aralar grafika lantegira. Azken horretan hainbat urtez ibili zen, harik eta bere ama hil eta bere bi semeak hazten jarri zen. 1981ean hasi zen berriz soldatapeko lanean, garbiketen sektorean, autonomo gisa. Hasieran, Gazteluleku elkartea, Alegria de Iruña peña eta hainbat plazatako portalak garbitzen zituen. Gero, portalekin bakarrik gelditu zen.

Erretiroa hartzeko adina pixka bat gibelatu behar izan du amak, 65 urterekin erretiratu izan balitz, autonomoekin egiten dituzten gauza barregarri horiengatik, pentsio negargarria geldituko baitzitzaion.

Azkenean, 55 urte lanean eman eta gero, pentsio duin samar batekin hartuko du erretiroa. Pentsio duina, zerekin konparatzen den, noski. Tamalez, orain, gu guztioi tokatzen zaigu pentsio duin samar horien alde borrokatzea. Ez etsi, gero.

 


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2018ko otsailaren 27koa] bannerra-EHI

Indiana Jonesen teoria

Adi entzule agurgarriok, itzulipurdi metaforiko handi samarra eginen baitut gaur. The Big Bang Theory telesaileko pasarte gogoangarri bat ekarri nahi nuke. Badakizue, zientzialari frikiei buruzko komedia estatubatuar irrigarri hori.

Bada, atal baten hasieran, Amy Farrah Fowler neurobiologoak lur jota uzten du Sheldon Cooper fisikari teorikoa. Raiders of the Lost Ark filma ikusi berri dute eta Amyk erran du gustatu zaiola, ongi dagoela, baldin eta alde batera utziko bagenu filmaren gidoi akats nabarmen bat.

Izan ere, Amyren teoriaren arabera, Indiana Jones protagonista duen istorioan Indiana Jonesek ez du batere rol garrantzitsurik jokatzen. “Filmean ez balego ere, gauza bera gertatuko litzateke. Indiana Jones gabe ere, naziek itun kutxa aurkituko lukete, irekiko lukete eta den-denak hilen lirateke”.

Bada, gogoratzen duzue Yolanda Barcina 13TV katean egin zuen bisitetako batean nola erran zuen UPNren ingeles eskaintzari esker euskara gutxiago eskatzen zela? Barcinak nolabait iradoki zuen PAIrekin D ereduaren gorakada gelditu zutela.

Baina ez. D ereduak gutxienez bi hamarkada daramatza Nafarroan ez aurrera eta ez atzera, eta British ereduak hasieran edo PAI programek gero ez diete gehiegi eragin. Barcinaren zoritxarrerako, Indiana Jonesek bezala, PAIk ez du D ereduaren geldialdian rol garrantzitsurik jokatu.

Hori bai, PAI programek sekulako astindua eman diote A ereduari. Eta 2000 urtean euskararekin batere harremanik ez zuten ikasle nafarrak %40 baziren, orain erdia baino gehiago dira. Baina hori bertze film bateko istorioa da.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2018ko otsailaren 20koa] bannerra-EHI

Ermitagaña

Ermitagañan jaioa eta hazia nauzue. Ermitagaña, Iruñearen mendebaldeko bazter auzo bat, duela 40 urte Etxebizitza Ministerio frankistaren xafla falangistadun babes ofizialeko etxeez eginiko auzunea, Nafarroan auto zirkulazio handiena duen errepideak bitan banatzen duena.

Ermitagañaren bazter batean, gaur egun Yamagutxi parkea dagoen tokian, fabrika handi bat zegoen, Imenasa izenekoa. Bertako langileek bete zituzten Ermitagañako plaza osoak, baita bertze hainbat lantegitakoek ere. Baina auskalo zergatik, Ermitagañak ez zuen inoiz lortu “langile auzo” izendapena. Inoiz ez dela Txantrea gisa hartua izan, alegia. Ziurrenera, ermitagañarrek ez dutelako inoiz auzo identitaterik izan, eta Txantreakoak mugitu direnaren hamarrena mugitu izan direlako.

Denda nahikotxo izan zituen Ermitagañak garai batean, eta hasieran saltokiz betea izan zituen udal merkatuko bi solairuak. Gainera, Yamagutxitik gertu, nolabaiteko merkataritza zentroa eraiki zuten, eta han paratu zituzten bizitzeko behar-beharrezkoak diren komertzio asko: zinematokia, tabernak, liburu denda, banketxea, hotela, litxarreria denda eta tanatorioa.

Eraikin horrek badu tunel polit bat, Ilargiaren pasabidea izenekoa, eta han ireki zuten liburu dendari Xalem izena eman zioten, Xalbador eta Golem izenen arteko halako nahasketa bitxi bat eginez. Zinemako sarrerak erosteko ilara ikaragarri luzeak egin behar ziren garaian, liburu denda ere jendez lepo egoten zen. Eta kanpoaldean, tunelean, Imenasako zakurrak baino ordu gehiago sartzen zebilen Txino izengoitiko break dance dantzaria.

Eta barkatuko didazue hau guztia tonu melankoliko batean aipatzea, baina Ermitagaña nola itzaltzen ari den ikusteak min egiten dit. Azokak saltoki gutxi ditu, aurrezki kutxak alde egin zuen, zinemara oso jende gutxi joaten da, eta orain liburu denda kenduko dute. Bizi legea izanen da, noski. Baina tristetzen nau. Tristetzen nau jakiteak ziurrenik tanatorioa izanen dela Ermitagaña uzten azkena.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2018ko otsailaren 6koa] bannerra-EHI

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer