Hilabetea: martxoa 2018

Adamiantozko larrua

Iragan larunbatean UPNko agintari nahikotxok pentsio duinen aldeko manifestazioan hartu zuten parte. Eta ez omen zuten sobera ongi pasatu. Jendeak ikusi zuelarik nor ziren manifestazioan zituztenak oihuka eta txistuka hasi baitzitzaizkien. Nafarroan eskela gehien saltzen duen egunkariak une haien bideo bat argitaratu zuen eta Sergio Sayas UPNko parlamentari ditxaratxeroak irudi horiek haizatu zituen pairatu behar izan zutenaren erakusgarri.

“Lotsagabeak” eta “Aurpegihandi” dira bideo horretan entzuten diren irainik gordinenak. Gutxi iruditzen zait. Izan ere, gogoratzekoa da manifestazio horretako aldarrikapen nagusietako bat zela pentsioen %0,25eko igoera lotsagarria salatzea, eta gogoratzeakoa da UPNren aldeko botoekin atera zela igoera hori zehazten zuen aurrekontu legea. Hala, larrua adamiantozkoa baino gogorrago izan behar duzu uste baduzu zuk babesturiko erabakien kontrako protesta batean lasai asko parte hartzen ahal duzula.

Dena dela, agian arazoa ez da UPNrena, manifestazioko deitzaileena baizik. Izan ere, hasieratik argi utzi izan balute pentsioen egoeraren erantzule politikoak PP, PSOE eta beren lagunak direla, ziurrenik ez ziren agertuko.

Norbaiti irakurri diot greba feminista eta pentsionisten mobilizazioak ikusita, Espainia bertze M15 baten traza hartzen ari dela. Ezetz espero dut. Espero baitut oraingoan hasiera-hasieratik haserrearen sortzaileak ongi identifika ditzaten, protestetan berriz agertzeko larru gogorrik izan ez dezaten.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2018ko martxoaren 20koa] bannerra-EHI

Elukubrazioak

Aurtengo kartelari begira jarri naiz. Polita da. Argazki album zahar baten azala dirudi. Album garrantzitsua, urrezko apaingarriak baititu. Eta pentsatu dut ez dela batere erraza izanen duela hamalau urte gertatu zen erailketa anker hura gogoratzeko kartela urtero-urtero berritzea.

Espainiako polizia batek eta bere semeak eraildako okinak Angel Berrueta zuen izena. Baina “Angel” baino ez da azalean ageri. “Berrueta” ez dago. Eta gogoratu dut niri egokitu zitzaidala Berria egunkarian hilketa haren kronika egitea. Eta lotsatu naiz. Lehenbiziko artikulu hartan gaizki idatzi bainuen bere abizena, eta U behar zuen tokian O paratu nuen.

Dena dela, ez egin kasu handirik orain botatzen ari naizen hauei, e. Hausnarketa korapilatsua dirudi, ustez sakona, baina benetan ez du fundamentu handirik. Hala, pentsamenduaren jolas horretan, Berrueta abizenaren inizialari egunotan nire burua gogor jotzen ari den euskal gatazkaren azken defuntuaren abizena lotu diot. Eta tontamentean, Espainiako Gobernuaren lehendakari Mariano Rajoyren bigarren abizena atera zait: BRey.

Lotura erraza da. Badakit. Baina 2004an PP zegoen gobernuan, eta orain ere bai. Eta horregatik, espetxe politika krudelak bultzaturik Xabier Reyk bere buruaz bertze egin zuenetik, pentsatzen egon naiz haren aldeko omenaldiak eta mobilizazioak bortizki zapuztuko zituztela, Iratxe tanatorioan Angel Berruetaren gorpuari agur errateko bildu zirenekin egin zuten bezalaxe.

Oraingoan ez dute egin. Baina mehatxua ez da falta izan: egindako guztia xehe-xehe erregistratu eta aztertu dute. Beraz, gero etorriko dira isunak, auzipetzeak eta, agian, kartzelatzeak. 2004tik hona, eta euskal gatazkari dagokionez, Espainiako Estatuaren bortizkeria izan baita gelditu ez den bakarra.

Martxoak 13 ditu gaur. Asteartea da.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2018ko martxoaren 13koa] bannerra-EHI

Zizare urdin

Gure seme nagusiak, gurasoen ikusmen liluragarria heredatu baitu, hipermetrope atera zaigu. Ez da deus larria, noski, baina noiz edo noiz optikara eta oftalmologoarengana joan behar izaten du. Iragan astean izan zen azkenengo aldiz.

Ez da lehenbiziko aldia semeak kalapita sortzen duela Principe de Viana kontsultategian, eta aurrekoan berriz ere egin zuen. Nonbait, oso bortitza egiten zaio norbaitek tantak botatzea begi-ninietan, eta hagitz urduri jartzen da, eta oihuka hasten da; eta bueno, badakizue.

Aurrekoan, baina, suertatu zen Patxi Zabaleta idazle eta euskaltzaina ondoan izan zuela, eta hark, haurraren urduritasuna ikusita, ipuintxo bat kontatu zion, zizare urdinarena. Mila esker, Patxi!

Bada, atzo berean, berriz ere akordatu nintzen Zabaletarekin. Vocentoren egunkari batek Aintzane Ezenarro Biktimen Memoriarako Gogora Zentroaren zuzendaria elkarrizketatu baitzuen. Halako lerroburua atera zuen kazetak: “Preso ohi bat izugarri maite izanen duzu, baina etxean egin behar diozu harrera”.

Lerroburu hark atzeraka egin zidan, eta ez nintzen elkarrizketa irakurtzen ausartu. Baina Zabaleta etorri zitzaidan burura, eta zizare urdina, euskaltzaina eta Ezenarro alderdikideak izan baitziren duela ez asko. Eta pentsatu nuen Ezenarrok ez ziola hori Zabaletari aurpegira erranen. Ez, horixe.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2018ko martxoaren 6koa] bannerra-EHI

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer