Hilabetea: apirila 2018

Aukera organikoa

Aurreko batean elkarrizketa egin zioten Berria-n Isabel Elizalde Nafarroako Gobernuko Ingurumen kontseilariari. “Organikoa bereiztea: hori dugu erronka”. Huraxe izan zen Ion Orzaiz kazetariak elkarrizketaren lerroburu gisa paratu zuena, Isabel Elizaldek solasaldian Hondakinen Legea izanen denaren nondik norakoak azaltzen baitzituen. Apirilaren 24an onartuko omen dute legea, Elizalderen hitzetan bere departamentuaren lehentasunetako bat izan den legea. Bada, ez didazue ukatuko harrigarria dela lehentasun horrek hiru urte behar izatea argia ikusi ahal izateko. Baina, tira, bederen onartuko dute, eta ospa dezagun.

Ospa dezagun, ala ez. Izan ere, Elizaldek berak dioenez, Nafarroa oso urruti dago Europak hondakin frakzioetarako ezartzen dituen gutxieneko ehunekoetatik. Organikoarekin bereziki gaizki egiten dugu Nafarroan eta, orain, lege berriarekin, Nafarroako biztanle guzti-guztiei aukera emanen diete zabor organikoa bereizteko. “Aukera”. Aukera emanen diete organikoa bereizteko. Alegia, aukera emanen diete organikoa EZ bereizteko.

Iruñerrian, Nafarroako mankomunitaterik handienean, borzgarren edukiontziaren sistema ezarri zuten organikoa bereizteko. Borondatezko sistema da, eta horregatik datu arras apalak eman ditu orain arte. Herritar gehienen borondatea ez baita izaten nahi genukeen bezain ona.

Nafarroan errauste planta eraikitzeko bidea itxi zuten orain Nafarroako Gobernuan daudenek. Ongi. Baina organikoaren kontu honetan, ausardia handixeagoa eskertuko nuke nik. Bertzeak bertze, organikoa bereizten dugun gutxi horiei tonto aurpegia jar ez dakigun.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2018ko apirilaren 24koa] bannerra-EHI

Filmetako bizitza

Ez nuke friboloa izan nahi, baina Altsasuko auziaren kontura erreferentzia zinematografiko asko ari zaizkit egunotan etortzen burura. Eta ez nuke sobera ezkorra ere izan nahi, baina larunbateko manifestazioaren karietara In the name of the father film eder bezain gogorraz oroitu nintzen.

Nire imajinazioak Altsasuko 8ak kartzelan irudikatu zituen, Estatu eta epaile bidegabe eta krudel batzuek hara eramanak. Hainbat urte ematen zituzten espetxean, harik eta abokatu talde nekaezin batek haien errugabetasuna frogatzea lortzen zuen arte.

Jakina, dagoeneko Altsasukoen egoera nahiko larria den arren, oraindik ez gaude halako jokalekuan. Eta ez gaitezen egon! Horregatik atzo, Altsasukoen epaiketa hasi zelarik, Perry Mason 1960ko urteetako telesaila etorri zitzaidan gogora.

Telesailaren atal bakoitzak beti zeukan egitura berdina; memeloa eta entretenigarria aldi berean: Perry Mason abokatuari beti egokitzen zitzaion hiltzaile bat defendatzea, baina beti lortzen zuen epaiketan lekukoei eginiko itaunketa trebeei esker haien kontraesanak agerian uztea eta akusatuaren errugabetasuna frogatzea.

Eta gustatuko litzaidake gaur halako zerbait gertatzea. Altsasukoen eraso ustez terrorista pairatu omen zuten guardia zibilek eta beren bikotekideek deklaratuko dute gaur. Eta gustatuko litzaidake defentsako abokatuek lortzea Perry Masonek lortzen zuena, eta haien kontraesanak agerian uztea, eta beraz akusatuen aurkako salaketak funtsik ez duela frogatzea, eta publiko gehienak eskuak urratzeraino txalotuko lukeen bukaera bat ahalbidetzea.

Baina zoritxarrez, hau guztia ez da film bat, ez da telesail bat; gu entretenitzera ez datorren benetako kasu larri bat baizik. Hortaz, entretenitzeko gogoa alde batera utzita, eska dezakegun bakarra da auzia ahalik eta modurik justuenean buka dadila. Faborez.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2018ko apirilaren 17koa] bannerra-EHI

Etengabeko errepresioa

Guardia Zibilak Katalunian Errepublika defendatzeko batzordeen aurkako polizia operazioa abiatu duen honetan, eta Espainiako ezkertiar zintzo asko estatuaren benetako aurpegi errepresiboaz jabetzen hasiak diren honetan, agian aipatzekoa da atzo 30 eta 24 hilabeteko kartzela zigorrak ezarri zizkietela Erronkariko hiru gazteri 2014an faxista batzuei nahi zutena egiten ez uzteagatik.

Eta Erronkariko albiste hori aipatu nahi izan dut gaur hemen, iruditzen baitzait oso oihartzun txikia izan duela kontuak. Apenas zabaldu den.

Ziurrenik, Altsasuko gazteen aurkako auzia izan da gurean azken urteetan Espainiak egin duen ankerkeriarik handiena. Zorionez, gazteak eta beren familiak ankerkeriaren horren tamainako elkartasuna jasotzen ari dira, pairatzen ari diren sufrimendua hein batean arintzen lagunduko duena. Handia izan da azken bi hilabeteetan Nafarroaren luze-zabalean egin duten ekitaldi sorta; handia izan da sindikatu gehienen aldetik eta Parlamentuko gehiengoarengandik jaso duten babesa; eta are handiagoa izanen da larunbateko manifestazioa. Astelehenean hasiko da haien aurkako epaiketa, eta orain sentitu behar gaituzte inoiz baino hurbilago.

Hori guztia hala da. Baina Altsasukoei gure esku dagoen guztia eman behar diegun modu berean, Erronkariko gazte horiek ere ezin ditugu ahantzi, kartzela zigorra ezarri baitiete dagoeneko.

Espainiak sarekadaka zabaldu du eta zabaltzen ari da errepresioa, sudur-puntan jartzen zaion guztien kontra egiteko. Bada, geuk ere modua aurkitu beharko genuke gure elkartasuna guztiei helarazteko, errepresio kasu txikiagoek gure maitasun sareen zuloetatik ihes egin ez dezaten.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2018ko apirilaren 10ekoa] bannerra-EHI

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer