Filmetako bizitza

Ez nuke friboloa izan nahi, baina Altsasuko auziaren kontura erreferentzia zinematografiko asko ari zaizkit egunotan etortzen burura. Eta ez nuke sobera ezkorra ere izan nahi, baina larunbateko manifestazioaren karietara In the name of the father film eder bezain gogorraz oroitu nintzen.

Nire imajinazioak Altsasuko 8ak kartzelan irudikatu zituen, Estatu eta epaile bidegabe eta krudel batzuek hara eramanak. Hainbat urte ematen zituzten espetxean, harik eta abokatu talde nekaezin batek haien errugabetasuna frogatzea lortzen zuen arte.

Jakina, dagoeneko Altsasukoen egoera nahiko larria den arren, oraindik ez gaude halako jokalekuan. Eta ez gaitezen egon! Horregatik atzo, Altsasukoen epaiketa hasi zelarik, Perry Mason 1960ko urteetako telesaila etorri zitzaidan gogora.

Telesailaren atal bakoitzak beti zeukan egitura berdina; memeloa eta entretenigarria aldi berean: Perry Mason abokatuari beti egokitzen zitzaion hiltzaile bat defendatzea, baina beti lortzen zuen epaiketan lekukoei eginiko itaunketa trebeei esker haien kontraesanak agerian uztea eta akusatuaren errugabetasuna frogatzea.

Eta gustatuko litzaidake gaur halako zerbait gertatzea. Altsasukoen eraso ustez terrorista pairatu omen zuten guardia zibilek eta beren bikotekideek deklaratuko dute gaur. Eta gustatuko litzaidake defentsako abokatuek lortzea Perry Masonek lortzen zuena, eta haien kontraesanak agerian uztea, eta beraz akusatuen aurkako salaketak funtsik ez duela frogatzea, eta publiko gehienak eskuak urratzeraino txalotuko lukeen bukaera bat ahalbidetzea.

Baina zoritxarrez, hau guztia ez da film bat, ez da telesail bat; gu entretenitzera ez datorren benetako kasu larri bat baizik. Hortaz, entretenitzeko gogoa alde batera utzita, eska dezakegun bakarra da auzia ahalik eta modurik justuenean buka dadila. Faborez.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2018ko apirilaren 17koa] bannerra-EHI

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude