Hilabetea: maiatza 2018

Kristalezko sabaia

Iruñean inkesta egin eta galdetuko bagenu ea zein ekitaldi handi egonen den Iruñean berean ekainaren 2an, ziur naiz erantzun bat ematen lortuko luketen gehien-gehienok erranen luketela euskararen aurkako manifestazio bat egonen dela (edo euskararen inposizioaren aurkakoa, erantzun emailea fatxa bada).

Soilik despistatu asozialen batek (edo Euskalerria irratiaren entzule fidel amorraturen batek) erantzunen luke ekainaren 2an Alternatiben Herria ospatuko dela Iruñean.

Euskararen aurkakoek nahikoa izan dute Nafarroan eskela gehien saltzen duen egunkariaren azal bat, den-denok jakin dezagun zer eginen duten ekainaren 2an. Aitzitik, Alternatiben Herria antolatzen ari diren 70 talde eta kolektiboek hilabeteak daramatzate matraka ematen, eta aizue, ikaragarri kostatzen ari zaie beren publiko potentziala izanen denarengana ere ailegatzea.

Informazio gaindosiaren garai hauetan, kristalezko sabai bat baitugu buru gainean, zenbait informazio gizartearen gehiengoarengana iristea oztopatzen duena. Nik ez dakit nork paratu zuen sabai hori hor; eta konspirazio teorien oso zalea ez naizenez, ez diot errua bakarrik sistema maltzur aurpegi gabeari egotziko. Baina kontua da sabaia hor egon, badagoela, eta bere funtzioa ederki betetzen duela.

Aski ongi frogatu ahal izan dut asteotan, Alternatiben Herriaren komunikazioan murgilduta egonda, informazioa nire gertukoengana ere heldu ez dela ikusita.

Nolanahi ere, eta ezkortasunean ito nahi ez dudanez, buka dezadan gaurko nire arrangura hau sabaia kristalezkoa dela eta beraz apurtzen ahal dela gogoratzen. Beraz, hartu ohar garbia agendan: ekainaren 2an, Iruñean, fatxen manifest… eeeeee…. zera… Alternatiben Herria. Hori. Alternatiben Herria.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2018ko maiatzaren 22koa] bannerra-EHI

Originaltasun falta Palestinan

Zutabegileen eguneroko erronka izaten da gaurkotasuneko gaiei modu interesgarri batez ekitea, askotariko kontuei eztena ateratzea. Batzuk lehiaketa harrigarrian aritzen dira, astakeriarik handiena nork botako, edo txisterik barregarriena. Baina den-denok saiatzen dira, edo saiatzen gara, erran beharrekoak era original samarrean erraten.

Baina zoaz zerbait originala erratera Israelen sarraskien inguruan. Ezinezkoa da. Gutako gehienok jaio baino lehenagotik ari baita Israel palestinarrak akabatzen, euliak balira bezala. Hala, Berri Txarrak taldeak Biziraun kantan egunero gertatzen diren gauzen zerrenda egin zuelarik nahitaez sartu behar izan zuen “hiru palestinar zulora” esaldia; edozein unetan gertatzen den gauza baita.

Alegia, neuri bederen, ezin-ezinezkoa egiten zait kontu lazgarri honekin itzulipurdi dialektikoa egitea eta bertze inork erran ez duen hori erratea. Hartara, originaltasuna inon bilatzekotan, atzoko sarraskia ikusten ez dutenen taldean bilatu beharko dugu. Nakba bezperako heriotz guztiak Hamasen propaganda direla dioen Etxe Zuriko bozeramaile horretan, edo Israelen triskantza titular batera biltzerakoan “dozenaka palestinar hil direla” lotsagabeki izkiriatu duen New York Times egunkarian.

Behingoagatik, nire antipoda ideologikoetan egon ohi den Cordovillako egunkariaren gaurko azalaren lerroburuarekin geldituko naiz: “Sarraskia Gazan. Israelek ehun erdi manifestari palestinar hil ditu eta milatik goiti zauritu ditu”.

Originala da? Ez. Baina gertaturikoa zintzoki laburtzen du, eta hori izan beharko litzateke beti errealitatea interpretatzeko oinarrizko abiapuntua.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2018ko maiatzaren 15ekoa] bannerra-EHI

Post Scriptun: “Ehun erdi” esamoldea asmatu behar izan dut, gaztelaniazko “medio centenar” horrek bere barnean duen esangura guztia biltzeko.

Euskara batu perfektuan

Herri honek dituen lehentasunen artean hamaborzgarren mailan dago orain aipatuko dizuedan hau. Baina nik zera proposatu nahi nieke Euskal Filologiako ikasle aurreratuei: egin dezatela doktorego tesia ETAren agiri guztien gainean; azter dezatela euskara batuaren bilakaera agiri horietan agertzen den hizkera oinarri hartuta.

Garai batean bederen, ETAren agirien euskarazko bertsioak osorik irakurtzeko ohitura nuen. Nik uste orain halako perbertsioak aitortzen ahal direla. Eta irakurtzen nituen, hein batean, gustatzen zitzaidalako testuetan hainbat euskalkitako hitzak edo joskerak aurkitzen ibiltzea.

Euskaldunen ohiko jolasa baita ezagutu berri duten bertze euskaldun horren jatorria asmatzen saiatzea, darabilen euskara aintzat hartuta. Pentsatzen dut Polizia ere horretan jostatzen zela, eta horregatik etakideek halako euskalki anabasa egiten zutela beren testuetan.

ETAk maiatzaren 4an zabaldu zuen azken komunikatu horretan ere ez dago asmatzerik egilea nongoa den, baina ez garai bateko jolas hartan aritu direlako, baizik eta euskara batu perfektu batean idatzita dagoelako nire ustez.

Euskara batuak erregistro formalean eman dezakeen hizkerarik onenaren adibide polita iruditu zait ETAren azken agiria. Eduki zaileko testua izan arren, hagitz ongi ulertzen da. Nabari da hitz eta esaldi bakoitza kontu handiz apailatu dutela.

Txostengintzaren aje batzuk ditu, hala nola, “ezaugarritu” eta “egikaritu” aditzak erabiltzea. Baina ikaragarria da ikustea nola euskaraz, baita idatziz ere, egin ohi diren akats guztiak saihestu dituzten. “Burutu”, ezker abertzalaren akats kutunetako bat, ez da inon ageri, nahiz eta ETAk bere bidea bukatu duen honetan primeran zetorkien. Euskaldun askok “beranduago” erabiliko luketen tokian “geroago” erabili du ETAk ongi. Edo denok “borroka jarraituko dute” idatziko genukeen tokian, beraiek “borrokari jarraituko diote” idatzi dute, aditzaren erregimena ederki errespetatuz.

Inkoherentzia txiki-txiki bat baino ez dut aurkitu testuaren datan. Baina hori da akats bakarra.

Areago, agiriari ahotsa jarri dioten Josu Urrutikoetxea bizkaitarraren eta Marixol Iparragirre gipuzkoarraren irakurketek ere euskara batuaren ahoskera zainduari jarraitzen diote nabarmen, eta J-ak yota bezala ahoskatzen dituzte, arraro samar egiten zaigun bukaerako “yo ta ke” hori barne.

Filologoek enmarkatzeko modukoa, benetan.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2018ko maiatzaren 8koa] bannerra-EHI

 

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer