Hilabetea: ekaina 2018

Txiripa

Duela hiru urteko foru hauteskundeetan, Ciudadanos alderdi espainolistak ez zuen lortu Nafarroako Parlamentuan sartzea. 200 boto falta omen izan zitzaizkion. 200 boto gehiago boto guztien %3ra ailegatzeko eta, beraz, eserleku bat erdiesteko.

Horregatik erraten da behin eta berriz txiripaz daukagula Nafarroa Garaian Uxue Barkos lehendakari. Txiripa bat izan zela Ciudadanosen lortu gabeko parlamentari horrek balantza Erregimen zaharraren aldekoengana ez eramatea.

Bada, hasieratik, nik ez dut bat egin txiriparen teoria horrekin. Ez zait sobera gustatu. Bi arrazoirengatik.

Batetik, kontu matematiko batengatik. Hauteskundeetan, alderdiek hautetsiak lortzen dituzte proportzio sistema baten arabera. Lehenik, kontuan hartu behar da zer proportzio duen alderdi baten emaitzak emandako boto kopuru totalaren arabera. Eta gero kontuan hartu behar da alderdi bakoitzaren emaitza bertze alderdien emaitzen arabera. Alegia, Ciudadanos boto guztien %3ra iristeko ez zen nahikoa 200 boto gehiago lortzea, baizik eta gainera beharrezkoa zen bertze alderdi guztiak haien proportzioen arabera ez igotzea.

Eta bigarrenik, ez dut txiriparen teoria gehiegi gustuko ezkortasunera garamatzalako, aditzera ematen duelako 2015eko maiatzean gertaturikoa ez dela berriz errepikatuko.

Eta, aizue, ez. Edo bai, bai. Posible da 2019an ere Aldaketaren indarrek 26 parlamentari lortzea. Edo 27, ze arraio! Baina horretarako beharrezkoa da sinestea aldaketa instituzionala gertatu zela aldaketa soziala gertatu zelako aurretik, eta aldaketa sozial hori osatzen duten herritar guztiak berriz mobilizatu behar ditugula Erregimen zaharraren estamentu guztiei aurre egiten segitzeko.

Aldaketaren gobernuari egurra eman behar zaio. Nola ez. Gaizki egiten dituen gauzengatik, eta ongi egiten ez dituenengatik. Baina, aldi berean, hauspoa ematen segitu behar dugu, gauza jakina baita anitzez errazagoa dela ondoan dugun laguna konbentzitzea aurrean dugun etsaia konbentzitzea baino.

Animo!

 


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2018ko ekainaren 12koa] bannerra-EHI

Mediku onenak

Iragan larunbateko manifestazio carpetovetonico eta zoldazuan, enegarren aldiz, mediku onaren eta euskaldunaren falazia erabili zuten. Espainolismoak itsututa ez dauden pertsona on eta zintzoekin ez da denbora gehiegi eman behar falazia hori desmuntatzeko, erraza baita medikurik onena euskalduna izan daitekeela frogatzea. Beraz, ez gara errepikatuko.

Baina gaur mediku onenen kontu horrekin gogoratu naiz berriz, Osakidetzako oposizioen eskandaluaren kontura. Izan ere, hizkuntzen auzia gorabehera, ematen baitu orain arte ez diogula kasu handirik egin mediku onenak aukeratzeko sistemei.

Isiltasun ozena omen da mediku espezialistak aukeratzeko probetan tranpak egiten direla. Vox populi. Nik neuk izan dut horri buruzko solasaldirik lagun mediku batekin, etsituta baitzebilen jakin bazekielako egin behar zituen oposizio batzuetan nork eramanen zuen lanpostua. Eta Osasunbideaz ari naiz, mediku espezialisten plazak lagunei edo antzinatasun handiagoa dutenei errazteko ohitura ez baita Osakidetzako ajea bakarrik.

Eta kontua hain ezaguna bada, eta zantzuak hanbertze badira, zergatik errepikatzen da hau behin eta berriz? Zergatik ez dago epaitegietara eramateko moduko frogarik? Berria egunkariak gaur hainbat lekukotzarekin osatu duen erreportajean bete-betean asmatu du, nire ustez. Sistema klientelar horrek kaltetzen dituen hautagaiek ez ohi dute salaketarik jartzen, batetik, “beldur” direlako eta bertzetik uste dutelako hurrengoan “beren txanda” ailegatuko dela.

Alegia, mafia moduko bat dago, baina denek mafia horren parte izan nahi dute. Eta horretan dabiltza gure mediku onenak, gurpil zoro horretatik ezin aterata.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2018ko ekainaren 5ekoa] bannerra-EHI

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer