Hilabetea: iraila 2018

Aniztasun sexualaren eta linguistikoaren aurkako erasoa

Iragan igandeko ordu txikietan, Alde Zaharrean sanfermin txikiak ospatzen ari zirela, aniztasun sexualaren aurkako eraso bat izan zen. 23 urteko mutil batek bi neska eta bertze mutil bat iraindu eta jo zituen ortzadarraren koloreko bandera bat zeukatelako. Eta geroko gertaerak arrapaladan joan ziren: Erasotzailea berehala atxilotu zuten; erasoaren aurkako elkarretaratzea egin zuten; Iruñeko Udalak erasoa gaitzetsi zuen; erasotzailearen aurkako epaiketa lasterra egin zuten; eta erasotzaileari 16 hilabeteko kartzela zigorra eta isun txiki bat ezarri zizkioten. Ez du kartzelan sartu behar izanen.

Tira, erran dezagun pasadizoa horrela kontatua normal samarra dela. Eraso bat izan zen, gizarteak behar bezala erantzun zuen, eta erasotzailea berehala zigortu zuten. Baina Diario de Noticias-ek gaur erasoaren kontakizuna egin du, eta hura irakurrita zur eta lur gelditu gara, oharkabean pasatu zaigun elementu bat baitzegoen: euskara.

Artikulua modu nahasi batean dago idatzita, baina gaizki ulertu ez badugu, erasoa baino lehentxeago erasotzaileak neska bati galdetu zion ea zer esanahi zuen bandera horrek, neskak erantzun zuen esanahi handikoa zela, eta erasotzaileak orduan erantzun zuen neskak -atzerritarra izateagatik- ezin izanen zuela euskara ikasi, eta bere arrazakoak oso txikiak zirela, eta sudur txikia zutela.

Sudur txikikoen elkarterik ez dut ezagutzen, baina euskararen defendatzaileak, bai, asko. Kontseilua! Ez duzue deus errateko?


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2018ko irailaren 25ekoa] bannerra-EHI

Busti gabe

Arga ibaia, Iruñeko Santo Domingo aldapako zatian.

Atzo, EH Bilduk eta Geroa Baik ez zuten busti nahi izan. Erran nahi baita Santa Engraziako presa berreraikitzearen alde Iruñeko Udalean aurkezturiko adierazpenean abstenitu egin ziren. UPNk eta PSNk alde bozkatu zuten. Atera kontuak.

Arga ibaiak Iruñean gainditu behar dituen presa guztien artean bada bat, Arrotxapea auzoko Santa Engraziakoa, duela hilabete batzuk uraren indarrez apurtu zena. Eta orain, arraunlariak eta arrantzaleak presioa egiten ari dira uraren emari normala oztopatzen duen traba hori berriz eraiki dezaten. Oraingoz, eskuin espainolistako alderdiak konbentzitu dituzte.

Presarik gabe ura ez da gelditzen, eta beraz, oxigenatuago dago, eta beraz, bertako animaliek eta landareek errazagoa dute haztea. Europako Batasuneko arauek eta estrategiek diote halako presak botatzen joan behar dela. Iruñeko Udalaren beraren plan proposamen batek dio halako oztopoak eraitsi behar direla. Presarik gabe, ibai zati horretan uholdeak izateko arriskua anitzez txikiagoa da. Presarik gabe ibaian egon behar ez luketen zaborrak kentzea askoz errazagoa da. Eta abar. Eta abar. Eta abar.

Hain sendoak iruditzen zaizkit presa berriz ez eraikitzeko argudioak, hain sen onekoak, ikaragarri zaila egiten baitzait ulertzea zergatik EH Bildu eta Geroa Bai ez diren gai honetan bustitzen.

Inork azalduko ahal digu.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2018ko irailaren 18koa] bannerra-EHI

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer