Hilabetea: urria 2018

Harrapaketa hirukoitza

Iragan asteburuan Iruñean izan ziren mobilizazio guztien artean gutxienez bada bat nahiko oharkabean pasatu dena; Maria Exposito Diaz familiak eginiko elkarretaratzea, hain zuzen ere.

Kontua da Maria Exposito Diaz 64 urteko andrea duela urtebete hil zela, Txantrean, auto batek harrapatuta. Halakoetan, erran nahi baita harrapaketa mortaletan, gertaerari buruzko epaiketa nahiko laster egin ohi da, eta normalean auto gidariari kartzela zigor txiki bat ezartzen diote, inondik inora beteko ez duena, eta gida baimena pixka baterako kentzen diote.

Baina oraingo honetan ez da halakorik gertatu. Auto gidaria foruzain bat baitzen. Horixe salatu nahi izan zuen familiak elkarretaratzearekin, alegia, emakumearen heriotza eragin zuen auto gidariari fabore tratua eman ziotela, polizia zelako.

Duela lau hilabete, Nafarroako Auzitegiak erabaki zuen kasua artxibatzea eta epaiketarik ez egitea, epailearen ustez emakumea behar ez zen tokitik pasatzen ari zelako. Eta tira, hori eztabaidagarria izan daiteke, baina afera da familiak ez duela aukerarik izanen bere jarrera epaiketa batean defendatzeko, auzitegiak bide hori itxi baitu, foruzainak Maria Exposito Diaz emakumearen bizitza itxi zuen modu berean, kolpe batez; betiko.

Familiak salatu du prozesuan irregulartasun anitz egon dela. Adibidez, auto istripuetan ohikoa da inplikaturiko pertsonei alkoholemia proba egitea. Hildakoari egin zioten. Ez, ordea, foruzainari. Eta foruzainaren maniobra arraroa kontatu zuten lekukoen testigantzak ere ez dituzte aintzat hartu. Eta bertze hainbat gauza.

Iruñean, legealdi honetan, 15 pertsona hil dira dagoeneko ibilgailu motordunek harrapatuta. Kasu guztiak dira lazgarriak, baina are gehiago Maria Exposito Diazena, Txantreako emakumeak harrapaketa hirukoitza jasan baitzuen: mortala, poliziala eta judiziala.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2018ko urriaren 30ekoa] bannerra-EHI

 

Gure errealitatearen fikzioa

Wayne Knight aktorea, ‘Jurassik Park’ filmean informatikari gaiztoaren rola jokatzen.

Informatikaren zale amorratuen -hau da, frikien- irudi estereotipatua Jurassic Park filmarekin sortuko zitzaigun ziurrenik. Ordenagailuekin eginiko efektu bisualen industrian iraultza ekarri zuen film hura … ez zaitezte jaiki eserita zaudeten tokitik … 1993koa da. Eta film hartako gaizkilea -dinosauroak alde batera utzita- informatikari bat da, lodia baino lodiagoa, betaurrekoduna, paperez jositako mahai baten bueltan inkrustaturik hiru ordenagailurekin lan egiten duena, hamaika pizza zati eta coca-cola poto husturen artean.

Bada, halako gizaseme baten itxura etorri zait burura 2016ko sanferminetan bortz basapiztik bortxatu zuten neskaren datuak interneten zabaldu zituen ergela identifikatu dutela entzun dudalarik. 40 urteko nerabea, oraindik aitarekin bizi dena, informatikan aditua, Legio talde militarraren zalea, eta bere gaiztakeriak egiteko bizilagunari wifi seinalea lapurtzen diona.

Filmetako imaginarioak agintzen du hemendik lasterrera Robocop gisa janzten diren polizia batzuk sartuko direla frikiaren etxean, atea danbateko batez botaz eta beharrezkoa den bortizkeria guztia erabiliz, eta atxilotuko dutela epailearen aitzinean deklaratu baino lehen.

Ez dute eginen, noski. Halako ekintza polizial pelikuleroak gaizkile euskaldunekin bakarrik egiten baitituzte. Aurreko astean, adibidez, zortzi gazte atxilotu zituzten Iruñean aurtengo sanferminetako txupinazoan egon zen liskar batean parte hartzeagatik. Dozenaka polizia joan ziren haien bila, eta atxilotu zituzten, epaile baten aurrera eramateko. Zortzi eskutitz bidalita egiten ahal zen tramitea. Baina, ez.

Gure Euskal Herri maite honetan, fikzioan bakarrik gertatzen dena baitugu eguneroko errealitate.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2018ko urriaren 23koa] bannerra-EHI

 

Zirimola ideologikoa

Nafarroan zalaparta handia sortzen ari den kontu batek zirimola ideologiko batean sartuta nauka. Amatasun eta aitatasun baimenak direla-eta ama eta aitei kobratu zitzaizkien zergen itzultzeaz ari naiz. Kontu benetan korapilatsua da, arantza anitzekoa.

Espainiako Auzitegi Gorenak erran du Pertsona Fisikoen Gaineko Zergaren bidez ama eta aitei harturiko diruak itzuli behar zaizkiela. Eta lehenbiziko kolpean, guau!, ze ongi!, dirua itzuliko didate, bi semerengatik gainera. Baina berehala sortu zaizkit zalantza politikoak, gauza bat baita norberaren egoera pertsonala eta bertze bat gizartearendako bidezkoagoa dena.

Soldata moduko bat den prestazio horretan, zergatik ez lirateke zergak ordaindu behar? “Jendeak haur gehiago izatea laguntzeko”, erantzunen luke batek. “Baina mundua jendez mukuru dugun honetan, benetan haur gehiago behar ditugu?”, galdetuko luke bertzeak. “Eta bai, mundua jendez beterik dago, ez ordea gure mundutxo hau”, erantzunen lehenbizikoak. “Eta, gainera, haurrak gutxi ala asko izanik ere, kontziliazioa beti lagundu behar da”.

Bufff… Demografiak eta justizia sozialak ez ezik, subiranotasun gogoak ere sortzen digu duda. Agian gauza ona izanen da Espainiako Auzitegi Gorenak erabaki duena. Baina aizue, hemen bizi, hemen erabaki; hemen haurrak izan, hemen erabaki; hemen ordaindu, hemen erabaki. Eta hain zuzen ere, Nafarroak 2012an erabaki zuen, lege baten bidez, gurasoek zerga hori ordaindu behar zutela. Joe, bai, Nafarroak erabaki zuen. Baina zein Nafarroak? UPNk, PSNk eta PPk bozkatu zuten lege haren alde. Eta orain zer diote Erregimen zaharreko alderdi horiek? Bada, beraiek sortu zuten legea hankartetik pasatu beharko genukeela orain eta Espainiari men egin. Eta horregatik babestu eta sustatu dute amen manifestazio susmagarri bat.

Nik neuk, bederen, ikaragarrizko nahaspila dut buruan kontu honi dagokionez. Beraz, halakoetan ohi dudanez, Cordovillako kazetak zer dioen irakurtzera joko dut, kontrako jarrera hartzeko betiere.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2018ko urriaren 16koa] bannerra-EHI

Mikroborrokak

Koinatu eta koinaten betiko leloa izaten da erratea protesta egiteak ez duela deustarako balio. Demokrazia batean, edo demokrazia itxurako batean, gehiengoek erabakitzen baitituzte gauzak, berdin dio gutxiengo batek kasketa hartzea. Horra koinatuen irakurketa.

Lan munduari  aplikatzen diote anitzetan betiko lelo hori. Baina, hain zuzen ere, nik erranen nuke lan munduan egiten duela huts teoria horrek. Langileek patroien aurka borrokatzen dituzten gatazketan uste duguna baino ohikoagoa izaten baita langileek irabaztea.

Iruñean dugu azken adibidea. Aurtengo sanferminen bezperan La Sangiovesa jatetxeak lau langileren kaleratzea jarri zuen borroka taulan, LAB sindikatuaren hautagaitza babestu zutelako. Une hartantxe kaleratze bat gelditzea lortu zen, eta bertze hirurei dagokienez, orain jakin dugu itzultzea erabaki duena berriz hartu behar izan duela enpresak eta bertze biei zegokiena ordaindu behar izan diela. Gainera, bidean, langile guztiei hainbat lan baldintza hobetu behar izan dizkie enpresak.

Jakina, La Sangiovesakoek atzera egin dezaten behar-beharrezkoak izan dira bertako langileen, bertze langile batzuen eta sindikalisten protesta eta presio ekintzak. Patronalari nahi duena egiten utziz gero, nahi duena egiten baitu, batere lotsarik gabe.

Egin kasu. Borrokatzea merezi du. Beti merezi du. Eta irabazten delarik, nahiz garaipen txikiak izan, lau haizetara zabaldu behar da. Langile guztiek jakin dezaten. Patroi guztiek jakin dezaten.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2018ko urriaren 9koa] bannerra-EHI

Mugikortasuna, hiltzailea

Harrapaketa mortala gertatu zen tokia, Iruñeko Atarrabia etorbidean, Txantrean.

Atzo Iruñean, autoaren mesedetan diseinaturiko mugikortasunak bere aurpegirik ankerrena erakutsi zuen berriz. 4 urteko haur bat hil zen, auto batek harrapatuta, bere familiarekin zebra bide bat pasatzen ari zela, eta semaforoa berde zutela.

Legealdia hasi zenetik, Iruñean, 14 oinezko hil dira ibilgailu motordunek harrapatuta. Hamalau. Aldaketaren legealdi honetan deus ez baita aldatu Iruñean harrapaketei dagokienez. Hildakoen kopuruari dagokionez, ez bederen.

Iruñeko Udaleko oraingo arduradunek errana dute 0 harrapaketa mortalen helburua bere egiten dutela. Baina orain artean, porrota erabatekoa da. Gogoratu zenbakia: hamalau.

Oinezkoen harrapaketak ez dira fenomeno meteorologikoak. Ez ditu naturak sortzen. Gizakiok ezarritako mugikortasun ereduaren ondorio dira. Eta hartara, gizakiok gauza asko eta asko egiten ahal ditugu ondorio horiek ahalik eta arinenak izan daitezen.

Legealdi honetan Iruñean ibilgailu motordunek hildako oinezkoak.

“Bai, baina beti egonen dira despisteak edo zoritxarreko gertaerak”. Egonen dira bai, baina Iruñeko zebrabide guztietan oztopo fisikoak jartzen baditugu haien gainetik 30 kilometro orduko baino handiagoko abiadura eragozten dutenak, ikusiko duzue nola 0 harrapaketa mortalen helburu horretara hurbiltzen garen.

Autoen abiadura oztopatzeko neurriak hartzeko borondatea behar da, noski. Erabaki ausartak hartu behar dira. Eta erabaki horiek hartzen direlarik, merkatariek hobe dute isilik egotea, baita eskuin politiko-mediatikoak ere, azken hiru urteetako hamalau hildako horien ardura beraiena ere baita autoaren mesederako mugikortasun eredu hilgarri hau babesten duten heinean.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2018ko urriaren 2koa] bannerra-EHI

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer