Hilabetea: azaroa 2018

‘Kuneteroak’

Mahai-inguru harrigarria egin zuten aurrekoan Zumaian (Gipuzkoa), bertako gazte mugimenduak antolatua. Alde batean Eneko Compains Sortuko Kontseilu Nazionaleko kidea jarri zuten, eta haren eskuinean benetako izena ezkutuan gorde nahi izan zuen eta argazkietan aurpegia lausoturik ageri den Kolitza izengoitiko bat.

Ekitaldiari buruz, Axier Lopez ( @axierL ) kazetariak zinez kronika interesgarria idatzi du Argia astekarirako. Nire ustez izenburua eta sarrera lerratu samar baldin badaude ere, arretaz irakurtzea merezi du. Benetan.

Bada, ekitaldi mamitsu hartan, gauza anitz aipatu zituzten bi gonbidatuek, baina kronika irakurrita argi dago eztabaida batez ere izan zela hainbat gazte militantek Ezker Abertzalearekin duten “haustura agerikoaz”.

Eta, tira, ni ez naiz nor haustura horretaz mintzatzeko. Baina ez dut eztabaidaren xehetasun txiki bat komentatu gabe uzten ahal. Gipuzkoan egonagatik ere, Nafarroa berehala agertu zen elkarrizketan. Compainsek halako batean adierazi zuen Nafarroan aldaketaren alde edo kuneteroen alde egin behar dela. Eta Kolitza horrek erantzun zion Ezker Abertzalea kuneteroekin ari dela gobernatzen Nafarroan, Geroa Bairen barnean EAJ baitago sartuta.

Eta zera, ni ez nauzue oso Geroa Baizalea, eta are gutxiago EAJzalea ere. Baina halakoak ezin dira bota; zintzo eta zorrotz jokatu nahi badugu, ez bederen. Nahi izanez gero, eztabaidatzen ahal dugu Napar Buru Batzak faxisten altxamenduarekiko beldurrez edo konbentzimenduz hartu zuen jarreraz. Baina ezin diogu EAJri kunetero deitu, Fortunato Agirre Lizarrako alkatearen eta Nafarroako bertze hogei alderdikideren oroimena zikindu gabe.

Zorroztasun pixka bat, mesedez.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2018ko azaroaren 20koa] bannerra-EHI

Azkoiengo baratzea

Atzo Azkoienen izan nintzen, Huerta de Peralta enpresako langileei nire elkartasuna adierazten, eta ahal izan nuen moduan laguntzen. Greba eguna izan baitzuten atzokoa, “enpresaren dinamika errepresiboa salatzeko”. Eta eguneko irudiak, soinuak eta usainak gogoratzeko modukoak izan ziren.

Huerta de Peralta enpresan barazkiak hazten dituzte, eta produktu freskoak ontziratu. 130 langile ditu – gehien-gehienak pertsona migratzaileak-, eta hartara sektore horretako enpresa handienetariko bat da. Hala ere, 2017 arte ez zuen ordezkari sindikalik izan. Orduan egin ziren lehenbiziko hauteskundeak. LABek 6 ordezkari lortu zituen; CCOOk, 2; eta UGTk, 1.

Emaitza hark ilusio handia eragin zuen sindikatu abertzalean, garaipenaren kokapen geografikoagatik eta, batez ere, langile horien prekarietate eta esplotazio egoera larria zelako oso. Ordezkari sindikalak lanean hasi eta gutxika-gutxika joan ziren lan baldintzak hobetzen: urteak lanean zeramatzaten langileei kontratu mugagabea egin behar izan zieten; jaiegunak ordaintzen hasi behar izan zizkieten; eta 12, 13 edo 14 orduko lanaldiak egin ordez, 7 orduko lanaldia ezarri behar izan zuten.

Enpresaburuek baina, orain arte egindakoagatik lotsagorritu ordez, mendeku dinamika bati ekin zioten, eta hasi ziren langileak kaleratzen eta zigorrak ezartzen. Eta langileak injustiziaren aurka matxinatu dira, noski. Atzo, barazkiak hazten lan egiten duten langile guztiek egin zuten greba; oro har, enpresako langile guztien %80.

Eta ikustekoak izan ziren irudiak: dozenaka magrebtar LAB sindikatuaren banderak astintzen eta euskarazko, gaztelaniazko zein arabierazko mezuak zituzten kartelei eta pankartei eusten.

Eta entzutekoak izan ziren soinuak: bozgorailu batetik arabierazko kanten Spotify-ko aukeraketa bat, iragarki eta guzti.

Eta aditzekoak izan ziren usainak: bazkalorduan Huerta de Peraltako langileek eta LABeko sindikalistek partekatu zuten kuskusa eta tea.

Eutsi gogor, lagunok!


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2018ko azaroaren 13koa] bannerra-EHI

Inkestatxoa

Espainiako estatistika erakunde ofizialak CIS izena du, Ikerketa Soziologikoen Zentroa, eta tarteka-marteka barometro izeneko inkesta sorta argitaratzen du. Urriko barometroan, dozenaka galdera-emaitzen artean, batez ere batek erakarri du gure arreta, sentimendu erlijiosen ingurukoa hain zuzen ere.

CISen azken inkestak kontatu baitigu Espainia deitzen duten horretan Nafarroa dela sentimendu erlijioso txikiena duen erkidegoa. Inkestaren arabera Espainian %66,2k jotzen dute beren burua katolikotzat (Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %64,6k), baina Nafarroan bakarrik biztanleen %38,1ek omen dute sentimendu hori.

Hori ikusita, ohe elastiko baten baleude bezala hasi dira batzuk saltoka. Konparazio batera, Uharteko kazetak atzo azalera eraman zuen albistea, poztasun handiz.

Baina ejem, ejem, eta ejem.

Nafarroa Garaia pixka bat ezagututa, gurean erlijioak izan duen eta oraindik duen pisua jakinda, nik uste okertzeko arrisku handirik gabe erraten ahal dugula emaitza horrek ez duela ez hanka ez buru. Sentitzen dut. Baina Nafarroan aunitzez katoliko gehiago ditugu.

Orduan, zergatik eman du CISek datu hori? Tira, CISek datu hori lortu du Nafarroan soilik 42 inkesta eginda. Eta hori erranik, gogoratu beharko dugu inkestak ez direla errealitatearen erregistro bat, errealitatearen interpretazio bat baizik. Eta kasu honetan, gainera, interpretazio hori egin dute oso lagin txikia kontuan harturik. Eta agian, hango batek erran zuen gisara, beharbada, apika, 42 inkesta horiek Nabarreria plazan egin zituzten, ortzirale gau batean, iturriaren inguruetan esertzen diren gazteen artean.

Beraz, lasaitu pixka bat. Oraindik ez baitugu zerua irabazi.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2018ko azaroaren 6koa] bannerra-EHI

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer