‘Kuneteroak’

Mahai-inguru harrigarria egin zuten aurrekoan Zumaian (Gipuzkoa), bertako gazte mugimenduak antolatua. Alde batean Eneko Compains Sortuko Kontseilu Nazionaleko kidea jarri zuten, eta haren eskuinean benetako izena ezkutuan gorde nahi izan zuen eta argazkietan aurpegia lausoturik ageri den Kolitza izengoitiko bat.

Ekitaldiari buruz, Axier Lopez ( @axierL ) kazetariak zinez kronika interesgarria idatzi du Argia astekarirako. Nire ustez izenburua eta sarrera lerratu samar baldin badaude ere, arretaz irakurtzea merezi du. Benetan.

Bada, ekitaldi mamitsu hartan, gauza anitz aipatu zituzten bi gonbidatuek, baina kronika irakurrita argi dago eztabaida batez ere izan zela hainbat gazte militantek Ezker Abertzalearekin duten “haustura agerikoaz”.

Eta, tira, ni ez naiz nor haustura horretaz mintzatzeko. Baina ez dut eztabaidaren xehetasun txiki bat komentatu gabe uzten ahal. Gipuzkoan egonagatik ere, Nafarroa berehala agertu zen elkarrizketan. Compainsek halako batean adierazi zuen Nafarroan aldaketaren alde edo kuneteroen alde egin behar dela. Eta Kolitza horrek erantzun zion Ezker Abertzalea kuneteroekin ari dela gobernatzen Nafarroan, Geroa Bairen barnean EAJ baitago sartuta.

Eta zera, ni ez nauzue oso Geroa Baizalea, eta are gutxiago EAJzalea ere. Baina halakoak ezin dira bota; zintzo eta zorrotz jokatu nahi badugu, ez bederen. Nahi izanez gero, eztabaidatzen ahal dugu Napar Buru Batzak faxisten altxamenduarekiko beldurrez edo konbentzimenduz hartu zuen jarreraz. Baina ezin diogu EAJri kunetero deitu, Fortunato Agirre Lizarrako alkatearen eta Nafarroako bertze hogei alderdikideren oroimena zikindu gabe.

Zorroztasun pixka bat, mesedez.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2018ko azaroaren 20koa] bannerra-EHI

One thought on “‘Kuneteroak’

  1. Xaun

    Ados hirekin.
    Eta, bestalde, zertara zatorrek ‘mahainguru’ bitxi horretako parte hartzaileetako bat ezkutatuta aritzea? Aurrez aurreko batean ze sinesgarritasun merezi dik hala hitz egiten duenak, ez bada klandestinitatean ibilki dela edo zernahi gisatako jazarpenen nahiz ondorio kaltegarrien beldur dela?

    P.S.: Neroni ere goitizen baten atzean estaltzen diat nere nortasuna, baina hik, Asier, jakin badakik zein naizen, eta baduk nerekin era pribatuan ere kontaktatzeko modua. Nere lan batzuetarako eta sare sozialetarako erabiltzen diat izengoitia, baina jakinmina duenak Interneteko bilatzailean sartuz gero, aise izango dik eskura erantzuna. Berdin gertatuko ote duk ‘Kalitza’ delako horren kasuan?

     
    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude