Hilabetea: abendua 2018

Inkesta freskoak

Iragan astean, oso egun gutxiren buruan, Nafarroako Parlamenturako 2019ko hauteskundeei begirako hiru inkesta argitaratu zituzten: Juan Jose Dominguez politologoarena, Gizaker enpresak EITB taldearendako eginikoa eta Nafarroako Parlamentuak berak unibertsitate publikoari eskaturiko Navarrometroa.

Dominguezen inkestak Geroa Bai jartzen du irabazle, UPNri aurrea hartuta; Aldaketaren aldeko iragarpena egiten du, 26-24koa; eta bederatzi alderdiko legebiltzarra irudikatzen du, foruen kontrako Ciudadanos eta Vox alderdi espainolista ultraeskuindarrak gurean sartzen lortuko dutela aurreikusita.

Aitzitik, EITB komunikazio talde jeltzaleak Gizaker enpresa are jeltzaleagoari eskaturiko inkesta fantastikoan, Aldaketaren indarrek 29-21 irabaziko lukete, nahiz eta Geroa Baik ez liokeen UPNri lehen postua kenduko.

Azkenik, Nafarroako Unibertsitate Publikoak Nafarroako Parlamentuarendako egiten duen urteroko inkestan, Navarrometroan, Aldaketaren eta Erregimenaren indarren arteko lehian azken hori aterako litzateke irabazle, markagailuan 27-23 bat utziz.

Eta zer nahi duzue erratea. Mahai gainean hiru inkesta jarri dizkigute, ia une berean eginak eta antzeko galderak egiten dituztenak, baina errealitatearen hagitz interpretazio ezberdinak ematen dituztenak.

Hortaz, aitortu beharko dugu, bai, anitz gustatzen zaigula hauteskunde inkesten jolas hau, batez ere saltokia inkesta freskoez betetzen digutelarik. Baina sinesgarritasun handirik ez eman, e!


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2018ko abenduaren 18koa] bannerra-EHI

 

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer