Hilabetea: urtarrila 2019

Eta horrela, dena; ala ezer ez

Iruñeko Udaleko herritarren aferetako batzordeak atzo erabaki zuen Udalari gogoraraztea konpromiso bat hartua zuela urak eraman zuen Santa Engraziako presa berriz eraikitzeko. Udaleko indar desarrollistek bozkatu zuten adierazpen horren alde -hau da, UPNk, Geroa Baik eta PSNk- eta bertzeak abstenitu egin ziren.

Arga ibaiaren zati horretan arraunean aritzen diren 40 bat lagunek eta bertze hainbertze arrantzale apetatxuk presa bat nahi dute hor. Sen onak dio presarik gabe ibaia hobeki dagoela, presarik gabe urari gehiago kostatzen zaiola gainezka egitea, presarik gabe ura oxigenatuago dagoela eta beraz landare eta animaliei mesede egiten diela… Baina ez. Burua porlanez betea dutenek ez dute sen onik, antza.

UPN, Geroa Bai eta PSN presa hori egitearekin tematuta daude. Baina bertze indar politikoek ez dute haien aurka deus ere egiten. Deus ez. Areago, EH Bilduk ez du Geroa Bairekin duen akordioa hautsi, ez du gobernu taldetik kanporatu. Alegia, Iruñeko Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiak berdinak dira eta, beraz, berdin dio nor dagoen alkatetzan. Azkenean Santa Engraziako presa berriz eraikiko baitute.

Aldaketarik ez da egon Iruñean. Aldaketa iruzurra da. Itxurakeria hutsa. Izan ere, zer egin du gezurrezko Aldaketa horrek Iruñean azken hiru urteetan? E? Zer egin dute? Nik erranen dizuet: ez dute ezertxo ere egin. Azkenean Santa Engraziako presa eraikiko baitute. Epel halakoak. Kolaboratzaileak. Faxistak.

– Ez, ez, ez, presarik ez! Arga bizirik!

– Iruñeko Udal osoa faxista da!

– Abstentzioa!!

– Hori da, bai, abstentzioa! Berdin dio alkatetzan UPN eta PSN edo EH Bildu Geroa Bairekin eta friki batzuekin egotea. Denak igual-igualak dira. Abstentzioa!

Eta horrela, dena.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2019ko urtarrilaren 29koa] bannerra-EHI

Adarrak okerrak

Akerrak adarrak okerrak ditu. Edo akerrak adarrak okerrak lituzke, eta ez *okerak, baldin eta semea R gogorra ahoskatzeko gai balitz. Baina ez da gai, edo ez daki, edo ezin du. Batek daki. Eta horregatik logopeda batengana eraman nahi dugu. Eta euskaldunok hizkuntzarekin dugun obsesio patologiko horrengatik, semea gure etxeko mintzairan artatuko duen logopeda baten bila gabiltza.

Baina ez dago erraz, aizue. Interneten bilaka ibili naiz, baina ez dut aurkitu Iruñerrian zerbitzua euskaraz eman eta halaxe iragartzen den logopeda euskaldunik. Azkenean Twiterren galdera bota eta Burlatako Lecto zentroa aipatu didate. Deitu dut, eta baietz, euskaldunak direla, baina ikaragarrizko itxaron zerrenda dutela, eta afera premiazkoa ez bada, hobe dugula bertze inor bilatzea.

Eta zera, premiazkoa, premiazkoa, bada, ez dakit premiazkoa ote den. Jakin baitakit R gogorra ongi ahoskatu gabe ere semea goi mailako bertsolaria izan daitekeela, eta inoiz Euskal Herriko txapela irabaz dezakeela. Baina, aukeran, nahiago dugu orain gure esku dagoen guztia egitea semeak euskaldunondako hain beharrezkoa den soinu hori egiten lortze aldera.

Duela bederatzi urte, Iruñeko Alde Zaharrean “jatEKO” kontsumo taldea sortu genuelarik, buruhauste ederrak izan genituen arrautza ekologikoak aurkitzeko, garai hartan halakoen ekoizle bakarra baitzegoen Nafarroan. Azkenean, galdetu eta galdetu ibili baikinen, eta gurekin batera bertze kontsumitzaile askok eskaera sortu baitzuten, Nafarroako hainbat arrautza ekoizle ekologikoan egiten hasi ziren.

Bada, Iruñerriko logopedekin berdin egin beharko dugu. Argi eta garbi erran beharko diegu hemen negozio handia dutela, ager eta iragar daitezela. Euskaldunok adarrak okerrak nahi ditugula.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2019ko urtarrilaren 15ekoa] bannerra-EHI

Azkoiengo baratzea (II)

“Hokoke… hokoke… damun fi oroke. Lan hansaha lau adamuni” ari gara egunotan kantatzen Huerta de Peraltako langileen eguneroko mobilizazioetan. Guk halaxe itzuli dugu: “Nire eskubideak nire zainetako odola dira. Hiltzen banaute ere, ez ditut ahantziko”. Hala moduko itzulpena izanen da ziurrenik, eta kantatzera animatzen garen bakoitzean zenbat ostiko ez dizkiogu arabierazko ahoskerari emanen. Langileek “Jo ta ke, irabazi arte” oihukatzen dutenean bezainbertze.

Baina berdin dio. Egunotan erakutsitako duintasun, elkartasun eta babes keinuek txikikeria horiek anekdota polit bilakatzen baitituzte.

Huerta de Peraltako langileen borroka gogorra izaten ari da. Ikaragarrizko esplotazioa eta prekarietatea jasaten ari zirelako hasi ziren antolatzen. LAB sindikatuaren babesa bilatu eta aurkitu zuten. Hitzarmen kolektiboan jasota dauden oinarrizko eskubideak eskatzen hasi ziren. Enpresak urtetan ordaindu ez ziena eskatzen hasi ziren. Eta enpresak kaleratzeekin eta zigorrekin erantzun zien.

Enpresak, gutxienez, 440.000 euro zor dizkie langileei. Berriz erranen dut: 440.000 euro. Batere lotsarik gabeko enpresari horiek aberasten ibili baitira langileak esplotatzen zituzten bitartean. Eta orain, langileak ahaldundu direlarik, beraiei dagokiena eskuratzea baino eskatzen ez dutelarik, enpresariak lotsagorritu ordez, harroputz agertu zaizkigu, beren enpresa eredugarria dela erran digute, beraiek demokratak direla eta gu biolentoak, beraiek zintzoak direla eta gu gezurtiak. Prekarietatearen bortizkeria estrukturala erabili duenak erran du hori, Foruzaingoaren bortizkeria fisikoa erabili duenak, epaiketa bat bertzearen atzetik galtzen ari denak.

Nafarroan badira nekazaritza enpresari asko hitzarmena bete eta lan eskubideak aintzat hartzen dituztenak. Baina Huerta de Peraltakoak ez dira halakoak. Eta horregatik egin behar zaie aurre, inoiz baino tinkoago, kazikeek gure herrietan tokirik ez dutela argi izan dezaten.

Eutsi lagunok!


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2019ko urtarrilaren 8koa] bannerra-EHI

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer