Azkoiengo baratzea (II)

“Hokoke… hokoke… damun fi oroke. Lan hansaha lau adamuni” ari gara egunotan kantatzen Huerta de Peraltako langileen eguneroko mobilizazioetan. Guk halaxe itzuli dugu: “Nire eskubideak nire zainetako odola dira. Hiltzen banaute ere, ez ditut ahantziko”. Hala moduko itzulpena izanen da ziurrenik, eta kantatzera animatzen garen bakoitzean zenbat ostiko ez dizkiogu arabierazko ahoskerari emanen. Langileek “Jo ta ke, irabazi arte” oihukatzen dutenean bezainbertze.

Baina berdin dio. Egunotan erakutsitako duintasun, elkartasun eta babes keinuek txikikeria horiek anekdota polit bilakatzen baitituzte.

Huerta de Peraltako langileen borroka gogorra izaten ari da. Ikaragarrizko esplotazioa eta prekarietatea jasaten ari zirelako hasi ziren antolatzen. LAB sindikatuaren babesa bilatu eta aurkitu zuten. Hitzarmen kolektiboan jasota dauden oinarrizko eskubideak eskatzen hasi ziren. Enpresak urtetan ordaindu ez ziena eskatzen hasi ziren. Eta enpresak kaleratzeekin eta zigorrekin erantzun zien.

Enpresak, gutxienez, 440.000 euro zor dizkie langileei. Berriz erranen dut: 440.000 euro. Batere lotsarik gabeko enpresari horiek aberasten ibili baitira langileak esplotatzen zituzten bitartean. Eta orain, langileak ahaldundu direlarik, beraiei dagokiena eskuratzea baino eskatzen ez dutelarik, enpresariak lotsagorritu ordez, harroputz agertu zaizkigu, beren enpresa eredugarria dela erran digute, beraiek demokratak direla eta gu biolentoak, beraiek zintzoak direla eta gu gezurtiak. Prekarietatearen bortizkeria estrukturala erabili duenak erran du hori, Foruzaingoaren bortizkeria fisikoa erabili duenak, epaiketa bat bertzearen atzetik galtzen ari denak.

Nafarroan badira nekazaritza enpresari asko hitzarmena bete eta lan eskubideak aintzat hartzen dituztenak. Baina Huerta de Peraltakoak ez dira halakoak. Eta horregatik egin behar zaie aurre, inoiz baino tinkoago, kazikeek gure herrietan tokirik ez dutela argi izan dezaten.

Eutsi lagunok!


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2019ko urtarrilaren 8koa] bannerra-EHI

One thought on “Azkoiengo baratzea (II)

  1. Xaun

    “Haq” eskubidea zela banakiken (Palestinan Al Haq giza eskubideen aldeko erakundearekin bildu ginenetik, aspalditxo), eta -i atzizkiaren esanahietako bat “nere” edo “neri” zela. Azkoiengo langileen aldarrikapen leloko gainerako hitzak, ordea, ez nittiken ezagutzen, “fi” izan ezik (elementu lokatiboa).

    Jakinmin filologikoak bultzatuta, hik euskaraz jarritako esaldia ‘Google’-n itzultzailean esaldia ingelesez jarri diat, ea zer ematen zidan arabierara itzulita, eta hara, idazkera arabean nahiz alfabeto latinoan transkribatuta. Kontuan izan behar da ‘Google’-k arabiera estandarrera itzultzen duela eta Azkoiengo nekazari arabiarrak Magreb ingurukoak izango direla seguruaski, eta beren dialektuan mintzatuko direla:
    حقوقي هي دم عروقي. لن أنساهم حتى لو قاموا بقتلهم.

    “haquqi hi dam euruqi. ln ‘ansahum hataa law qamuu biqatlihim”.

    Biba zuek, ez eman amor(e), eutsi!

    (Ia arabierarako itzulpen hau haiei pasa eta ulertzen diaten, Asier:
    لا تتخلى عن حقوقك!
    “la tatakhalaa ean huquqik!”)

     
    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude