Hilabetea: otsaila 2019

Kalea

Iruñean otsailaren 23an egin zuten Askatasunaren aldeko martxaren irudi bat, Gazteluko plazan.

Twitter ez da kalea. Ez dakit denok hori garbi ote dugun. Erran nahi baita Twitterreko azpimunduan langile klasearen, herritarren, jendearen edo Herri oso baten izenean pontifikatzeko ausarkeria duten txiolari anonimoek ez dute kalea osatzen. Iritzi publikoa eta iritzi publikatua gauza bera ez diren gisa berean. Eta, gainera, kontuan izanik Twitterren arras jende gutxi ibiltzen dela.

Baina zer da kalea? Edozein eremu politiko edo sozialetan gauzak lortzeko instituzioetan eta/edo kalean borrokatu behar dela erraten delarik, zer adierazi nahi dugu “kalean” horrekin? Instituzioak zer diren argi dago, instituzioetan nola sartu behar dugun argi dugu, instituzioek zer egiten duten edo zer ez duten egiten aise identifikatzen ahal dugu. Baina “kalea”? Zer arraio da hori?

Andaluzian ultraeskuinak instituzioen boterea hartu eta gero hasi omen ziren kaleak astintzen herritar kezkatuak. Beranduegi, noski. Kaletar eskuindarrak hauteskunde egunean mobilizatu baitziren masiboki. Eta hori?, “kalea” da? Hau da, hautetsontzi batean boto-papera sartzeko milioika herritar mugiaraztea, Espainiako batasunaren alde edo Kataluniaren independentziaren alde, hori “kalea” ote da? Eta kontrakoa? Alegia, “kalea” da jendeari eskatzea hautetsontzi batean boto-paperik ez sartzeko?

Andaluzian gertaturikoa ikusita eta hemen, Nafarroa Garaian, gauza bera gertatzen ahal zaigula jakinda -gure ultraeskuin lokala oso indartsua baita-, “kalea” astindu beharra dagoela pentsatu dute batzuek eta iragan larunbatean manifestazioa egin zuten Iruñean, askatasunaren alde eta faxismoaren kontra. Ez zen oso jendetsua izan -nik espero nuena baino gehiago, hori bai-, baina hala ere, “kalea” ote ziren kalera atera ziren horiek? Ala “kalea” ote dira “kalea” sakralizatu bai baina egun horretan etxean gelditzea erabaki zutenak? Ala benetan “kalea” ote dira kaletar borrokalarien arteko mokokadak barrez lehertzen ikusten dituzten horiek?

Neuk, bederen, ez dakit.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2019ko otsailaren 24koa] bannerra-EHI

Nor baino nor fatxagoa

Iragan igandean fatxa ugari bildu zen Madrilen Espainiako banderarik handiena duen plazara. Berdin dio zenbat fatxa izan ziren zehazki, manifestazioa deitzearekin bakarrik lortu baitzuten haien lehenbiziko helburu praktikoa: Kataluniako independentistekin elkarrizketa izateko asmo ñimiñoena ere zapuztea, alegia.

Fatxa nahiko hitz lausoa da gurean. Jatorrian ‘faxista’ hitz ustez zehatzagoaren laburdura da. Baina erabilera anitzez zabalagoa du. Erranen nuke Espainiaren alde sutsuki eta itsuki egiten duten guztiei deitzen diegula fatxa, izan faxista ala ez. Eta talde zabal horretan sartzen dira igandeko manifestazioan egon ziren denak, baita UPN ere.

UPN fatxa horien guztien manifestazioan egon baitzen, harro-harro, jende gutxirekin baina lehen lerroan, “Espainiaren batasunaren alde”, “Espainia herri handia dela sinesten duten guztien arteko akordioaren alde”. UPN sartua baitago inor baino fatxago agertzeko lasterketa sutsu eta itsu horretan.

Eta, zera, gaizki ez. Nafarroako fatxek lau alderdi izanen dituzte aukeran heldu diren foru eta udal hauteskundeetan. Erran nahi baita aurreko hauteskundeetan hiru alderdi aukeran izanda bat Parlamentutik at gelditu bazen, agian oraingoan lau alderdi aukeran izanda bi kanpoan geldituko dira bidean milaka eta milaka boto zakarrontzira botaz. Nork daki. Amets egitea libre. Dena dela, zuek, fatxen aurkakook, badaezpada ere, ez utzi kaleak betetzeari eta zuengandik hurbilen dagoen alderdia bozkatzeari. Ez despistatu, gero!


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2019ko otsailaren 12koa] bannerra-EHI

Isilik egoteko ordua

Twitter izeneko azpimundu horretan eztabaida sutsuan ari dira batzuk. Berdin dio noiz entzuten duzun hori. Oraingoan, enegarren aldiz, atzerriko helduendako filmak euskarara bikoizteaz ala azpitituluak jartzeaz ari dira eztabaidatzen.

Nahiko errepikakorra izaten da ika-mika hori. Batzuok zein bertzeok uste baitute beren hautuak, eta ez bertzeak, egiten diola mesede euskarari, eta ezin-ezinezkoa izaten da erdibideko adostasun batera ailegatzea.

Oraingo nobedadea da bikoiztaile euskaldunak ahaldundu egin direla, beren eskubideak defendatzeko elkarte bat sortu dutela, greba hasi dutela eta beren aldarrikapenak gizarteratzen saiatzen ari direla.

Eta halako abagunean niri guziz sobratzen zaizkit azpitituluen aldeko eta, beraz, bikoizketaren kontrako argudioak. Erran nahi baita bikoiztaileek zerbitzu publiko ona, txukuna eta aberasgarria egiten dute, gizartearendako onuragarria; ez diote inori minik egiten; ez dira zentral nuklear bateko langileak, edo Itoitz eraiki zutenekoak bezalakoak, edo bizkartzainak, edo nik zer dakit, desagertzea nahiko genukeen lanbide batekoak. Eta langile horiek -ziurrenik autonomo faltsu gisa lanean ari direnak- altxatu egin dira, sektoreko hitzarmen baten alde, lan baldintza duinen alde.

Eta, berriz diot, testuinguru horretan, niri guziz sobratzen zaizkit langile horien lana zalantzan jartzen duten argudioak. Batzuetan, isilik egotea, onena.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2019ko otsailaren 5ekoa] bannerra-EHI

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer